Gorpuzti

PENTEKOSTE ONDORENGO 2. DOMEKEA /A

(Gorpuzti)

HITZALDIA

 

Senideok: gure sinismena ulertzeko ta maitatzeko garrantzi handia dauka lehenengo irakurgaian ikusi ta entzun dogun giroak: Jainkoaren herria basamortuan zehar doa, askatasun bidean, lurralde barri baten bila. Eta, begira: Jaungoikoaren herri da; Jaungoikoa eurekandik hur sentitzen dabe; estualdi guztietan Jainkoagana joten dabe; eta larrialdiek lotura estu hori zalantzatan jarten dabe. Sinismena, senideok, ez da ziurtasuna; sinismena bizitzan egiten dan aukera sendoa da, behin eta barriro erasoaldietan garbitu behar izango dauana, baina merezi dauan aukerea. Jaungoikoa aukeratzen dauanak bere biziari norabide bat emongo deutso, ez edozein, Jaungoiko horrek bizitzan zehar erakusten deutsona baino. Baina ez ahaztu: beti zalantza artean, ziurtasun zehatzik barik... Baina merezi dau!

Basamortua beharrizan tokia da; beharrizan aldia da; ez-eukian norbere burua ezagutzeko era egokia; norbere indarretan uste ona izatetik, ingurukoen laguntasunaren ta eupadearen beharrizana somatzeko aldia; adiskidetzeko, errespetatzeko eta alkar maitatzeko era bikaina, aldi ezin hobea. Beharrizanean Jaungoikoagana joten dogu, eta Jaungoikoak ingurura ta ondokoengana bultzatzen gaitu. Begira zelan:

Jaungoikoak bere Semearen bitartez dinosku esan behar deuskun guztia; bere Semeagan erakusten deusku berataz guk jakin behar dogun guztia; eta harexengan jarten deusku guk amestu geinken guztia... Eta, noiz hurreratzen gara gehien harengana? Kurutzean hilten ikusten dogunean; beharrizan gorrian ikusten dogunean; ezinean ikusten dogunean... Makaltasunak erakarri egiten dau, ba; eta ondokoen bihotza, harrizkoa izan arren ere, bigundu ta samurtu egiten dau. Ogi honetatik jaten dogunean, ardao honetatik edaten dogunean, Jesukristoren bizi osoaz bat egiten dogu...

Baina judeguek ez eben ulertzen: «Zelan emon leigu honek jaten bere haragia?», galdetzen eben. Eta nahiago eben euren lege eta ohituretan jarraitzea, Jesusekin bat egitea baino. Zenbat holango geure artean ere! Zenbat hurreratzen diran Jaunartzera ez Jesusekin eta bere biziarekin bat egitearren, erregaluak hartzearren, argazki eder bat ataratearren, edo euren arazoetan Jaungoikoaren gozotasuna somatzearren baino... Eta beste zenbatek madarikatzen daben eta zikindu hain garbia ta ahaltsua dogun Jaungoikoaren erregalua, bere Seme maitea.

Senideok: Jesukristo gure Jaunaren Gorputz eta Odol eguna ospatzen badogu, ez uste izan prozesino handiak eginaz Jaungoikoari zeozer emon deutsogula-ta, trankil geratzeko egiten danik. Jaungoikoak zelango erregalua egiten deuskun, eta bere esanguran sartzen bagara zelango salbamena damoskun ezagutzeko ta maitatzeko baino. Horra hor arriskua! Urregorrizko kustodietan sartu Gure Jauna, eta kaleetan zehar altareak ahalik eta apaindurarik ederrenaz jaso, intzentsua bota eta bere aurrean buruak makurtu, baina gero hostia santua zikinkeriaz erabili, nagusi ta txikien aho-minetan, edo mezetan Gurejauna hartzen etorri ez, eta Gurejauna hartzen doazenak aurrean erabili... Orduantxe dinogu judeguek esaten ebena: «Zelan emon leigu honek jaten bere haragia?», eta lagaten dogu bertan behera Jesus.

Alderantziz, senideok: Jesusengana hurreratzen dana Eukaristian, bere barruko basamortuan sartuko da, eta basamortu hori benetako ortu bizi eta baratz eder bihurtzeko hurreratuko da Jesusengana. Eta Jesusek sortuazoko deutsoz barruan, betiko bizitzaraino iraungo daben ur-iturriak. Eta frutu ugari emongo dau: bere inguruan beharrizanean dagoenarengana hurreratuko da; beretik emoten jakingo dau; besteen atsekabea ta txirotasuna berak hartuko dau; egoera larritik urteten lagunduko deutso... Hau da: Jesusekin eta bere eginkizunarekin benetan egingo dau bat; eta gaur eta hemen bere bitartez egongo da Jesus berbera Erreinuaren ezaugarriak emoten.

Horretantxe lagundu nahi deusku Caritasek bere deiaz. Ez deiogun entzun-gor egin. Baina ez eta ez gaitezan trankil geratu Caritaserako diru apur edo dirutza ikaragarria emon dogulakoan ere. Jesusek nahi dauana beste hauxe da: Hartu daigula kontuan Jainkoa geure ondoan dagoala; dana egin dauala danentzat, eta ez batzuk gehiegi izan daien, beste batzuen kaltetan; eta alkarren aberastasunak eta baita beharrizanak ere alkarbanatuz egiten dogula bere nahia. Aukera hori egiteko goretsi dagigun Jesus gure Jauna Hostia santuan, eta hurreratu gaitezan Jaunartzean berarekin bat egitera, gure bizitza osoa izan daiten Jainkoaren goresmen eta besteen salbagarri.

 

OTOITZA 

Eskerrik asko, Jesus, eskerrik asko,
gure janari-edari egin zaralako;
Jainkoak inoiz ez gaitula
bertan-behera izten erakutsiz,
zure haragia jatera eta odola edatera
gonbidatzen gaituzulako.

Baina bildur gara behartu egiten gaituzulako;
behartu, besteentzat jaki izatera,
besteak bizi izan daitezan
geure burua eskaini daigun;
eta horrek bildurtu egiten gaitu, Jesus.

Ulertu daigula zugaz bat egiteak
senideekaz bat egitera garoazala,
danen senide, alkartasun egile
egiten gaituzula ulertu daigula.
Eskerrik asko, Jesus, gure janari eta edari.