URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Jainkoak dei egiten dau. Jainkoaren deiari bokazinoa deritzogu. Eta guk, behar bada, bokazinoa abadetzarakoa edo bizitza konsakraturakoa dala uste dogu.
Jainkoak bizitza konsakraturako baino ez ete dau, ba, dei egiten? Kristau izatea ez ete da, gero, Jainkoaren deiari erantzutea? Ba, hau holan ulertzen ez badogu, ez dot uste Kristau garala esan geikenik, edo Kristorengan sinisten dogula, Kristau izatea Jainkoak bere Semeagan egiten deuskun deiari erantzutea da-eta. Hauxe aurkitu eta ospatu gura dogu gaurko Liturgiaren haritik, senideok.
Jainkoak bere zerbitzura deitzen dau herri osoa; eta baita zentzundun edo prest dagoan edonor ere: Zu nire zerbitzaria zara, Israel —entzun dogu Isaias profetearen irakurgaian. Zentzundunak, prest dagoanak hartu daike hau beretzat… Nik ere bai? Zuk ere bai? Eta, prest bagagoz, begitu zer entzun behar izango dogun Jainkoaren aldetik: Ez da nahiko zu nire zerbitzari izatea… Nazinoen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren azken mugaraino heldu daiten."
Hementxe aurkitu geike, senideok, gure bokazinoa, gure eginbeharra, Jainkoak guretzat nahi leukena… Baina zelan? Salmoak emon deusku bidea. Esan daigun barru-barrutik: Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan. Gure prestutasunari Berak erantzungo deutso, berak jantziko dau eta indartuko gure prestutasuna bere Espirituaz, haren igurtzia hartuko dogu-ta (horixe esan deusku Paulok 2. irakurgaian: Jainkoak bere herri santu izateko deitu gaitula).
Zelan gauzatu daiteke hori gure bizitzan, bakotxarenean? Begiratu deiogun Bateatzaileari. Haren eginkizuna bideak zabaltzea, prestatzea izan zan. Eta bide hareetan zehar ibili behar ebana behin agertu zanean, hari leku izten deutso eta bera aldendu… Zenbat gauza ikasi geiken, senideok, Bateatzailearen jokabidetik! Goazen ondorio batzuk ataratera, gogoan izanik Jainkoak bere herri santuko kide izateko edo partaide, gura gaitula.
Lehenengo eta behin: autortu daigun Jesukristoren lehentasuna. Hau da: ikasi daigun ha bilatzen (ebanjelioa irakurriz) eta hari entzuten (ebanjelioa hausnartuz).
Bigarrenez, geuretu daigun Jesusek Jainkoaganako agertzen dauan uste ona, konfiantzea… Ikasi daigun otoitz egiten; ez Jainkoari eskatze hutsean geldituz, bere esanetara jarriz eta gure gertutasuna erakutsiz baino.
Eta, hirugarrenez, Jesusen ondoan egin daigun ibilbidea, bere bizikeratik eta bere arduretatik ikasiz eta sendotasuna hartuz. Hau Liturgia urtean esku hartuz egin geike. Honexek eroango gaitu Jainkoa geure bizikeran bertan ezagutzera, maitatzera eta ingurukoei iragartera…
Entzun daigun, ba, Jainkoaren deia: neuretzat ere (geuretzat ere) bada, nire prestutasuna agertzen badeutsot. Agertu deiodan; agertu deiogun.
OTOITZA
Eskertzekoa litzateke, Jauna,
Jainkoak aukeratu egin nauala
jakitea
eta eginkizun ez txiki baterako
gainera.
Baina ez dakit nigan horrela dan,
badot barruan holango bildur bat…
Nire inguruan gero eta motelagoa da
sinismena
edo, behintzat, Jainkozaletasuna
agertzea;
eleizkizunak gero eta urrituagoak
dira
eta badirudi sinismenak ez deutsola
askori ardura.
Zelan bizi izan daiket, Jauna,
Jainkoaren aukeratua izate hau?
Zelan bizi daiket zugan dodan uste
ona
nire ingurukoak ere kutsatzeko eran?
Emoidazu Bateatzailearen leuntasuna;
emoidazu Jainkoaganako uste ona,
otoitzean lantzen eta indartzen
dana,
eguneroko lanean isiltasunez
agertzen dana.