Jaunaren Agerkundea

ERREGEN-EPIFANIA

JAUNAREN AGERKUNDEA

 

HITZALDIA

Senideok: Erregenak ospatzen dihardugu eleizkizun honetan. Eta ezin geratu geintekez azal-azalean, egun honen esangurara sartu barik.

Bizkorregi gabilz. Abiadura handiegia darabilgu. Hori dala-ta, sakontasunik bako bizikerea daroagu, epela, gazbakoa, inori ezer ez dinotsana, bakotxak bereari baino begiratzen ez deutsona. Eta horrek norberekeriara garoaz, alkarrengandik banantzera, bakardadera, tristurara, etsipenera…

Izurrite edo Pandemia honi esker, egin geike gera-alditxo bat, geure barrura eta ingurura begiratzeko, Jainkoak esan leiguna entzuteko?

Gaurko Liturgiak, gurtzen dogun Jainkoaren unibertsaltasuna azpimarratu eta ospatu gura dau. Baina ez dauz saihesten hori egitean aurkitzen dauzan oztopoak. Eta ez dira txikiak!

Zergaitik iragarri behar dau profeteak, behin eta barriz, Jainkoa danen Jainkoa dala, herrialde guztiak dagozala, danak batera, Jainkoa gurtzera deituak?

Gutariko bakotxak, edo herrialde bakotxak, Jainkoa pribatizatu egin dogulako: neurea, geurea da Jainkoa. Eta uste dogu bestea edo beste herrialdea menperatzen, azpian hartzen, laguntzen deuskula.

Erbesteratze aldia amaitzean, Israelek uste ebana horixe zan: Jainkoak zigorpean hartuko ebala herri erbesteratzailea.

Pilatok arriskuan ikusten dau bere erregetza, errege jaio-barria dala-ta. Besteok geure alde ikusi gura dogu Jainkoa gure arerioen kontra. Zenbat holango ikusten dogun egunotan ere geure artean! Jainkoaren izenean sarraski handiak egin dira, eta oraindino dira egiten.

Profeteak Jainkoa danena dala iragarten dau; artzainek umetxo batengan aurkitzen dabe eta zabaltzen deutsez euren bihotzak. Magoek ere beste horrenbeste egiten dabe urrundik etorrita.

Eta besteok? Gurtzen dogun Jainkoa, Jesusengan agertzen jakun Jainkoa, gizaki eta herrialde guztien Jainko bakarra, maitalea eta errukitsua dala sinisten eta autortzen dogu, eta geure jokabideetan gauzatzen?

Zabaltzen deutseguz ateak erbestekoei? Banantzen doguz herrialde pobretuekaz euren lepotik egindako aberastasunak? Alkarri entzuten dakigu, gure arteko gatazkek amaierea izan daien, parkamenean, alkar onartzean eta Jainkoaren seme-alaben bakean?

Ea zoritxarreko Covid-19 honek guzti hau hausnartzera garoazan, gure sinismena unibertsaltasunean ulertzera, eta auzokoagan —urrunekoa bada ere— senidea ikustera, Jainkoaren aurrean ezelango bildurrik ezin euki geikelako: danok gaitu-ta seme-alaba; danok gara-ta anai-arreba.