GARIZUMAKO I. DOMEKEA /A
HOMILIA
Senideok: Garizumako lehenengo domeka hau irudiez eta esanguraz gainezka jatorku: gizakia (pertsonea) jarten deusku erdi-erdian, eta Jainkoagazko eta bere buruagazko hartu-emonetan murgiltzeko aukerara eroan gura gaitu.
Nahi dogu, senideok, gure izakeran eta Jainkoagazko hartu-emonetan murgildu, sakondu eta, haren esanetara, gizakiago izan? Holantxe bada baino ez gara jabetuko eskeintzen jakun edertasunez. Ahalegindu gaitezan, ba.
Hasiera (edo Genesis) liburuko pasarteak, zoriontsu izateko aukera guztiak dituan gizakia aurkeztu deusku; baina aukerok badabe mugarik: Jainkoaren egintza (kreatura) dala gizakia, eta haren esanetara baino ez dala izango egiaz eta benetan izan behar dauana.
Han agertzen dan Sugea, bakotxak barruan daroaguzan tentaldien irudia da. Gure azaleko izaerea (erreztasunera eta atseginkerietara joten dauana), eta gure sakoneko eta benetako izaerea (zintzotasuna bilatzen dauana) beti dagoz aurrez-aurre: zeini jaramon egiten deutsagun, halangoxeak izango gara. Eta, ageri danez, erreztasunerako jokerea nagusitzen jaku, eta ona edo txarra zer dan geure atseginen neurrira ezarri gura dogu.
Ebanjelioan, atseginen menpe jausten ez dan Jesusen irudia emoten jaku. Hau ere (ebanjelio pasartea) irudiez eta esanguraz gainezka jatorku (basamortua, baraua, 40 egun, mendi tontorra…: antxinako Israel herria dakarsku burua). Baina, mugatu gaitezan.
Jesusek bere bizitzaldian zehar jasango ebazan tentaldiak, eta ez gitxi! Ba, danen laburpen lez emoten deusku Mateok bere ebanjelioko pasarte hau.
Jesusek bere Aitari zintzo izatea dau bere bizitzako helburu. Eta, hori bilatzeko, bere ingurutik bakartadera egiten dau ihes. Gizaki gehienok geure kapritxoen arabera, edo ingurukoen esamesetara edo erakundeen aginduetara makurtzen garan artean, Jesusek Jainkoaren nahia bilatzen dau, isiltasunean, barau eta otoitzaz.
Eta barrutik, baina azaleko izaeratik, jatorkozan deiei (Deabruaren irudian) jaramonik egin barik, Jainkoaren esana bilatzen dau, haxe baino ez entzuteko aukerea egin dau-eta. Hiru bider esango dau ebanjelariak: idatzita dago… Hau da: ez naz neu neurri; neure barruan bilatu behar dot Jainkoak ezarrita daukan nire izantasuna: egunean baino egunean gizakiago egingo nauana da benetako neurria.
Ez da, ba, atsegin emoten deustana bilatzea; edo agindu batzuk betetea, saria eskuratzeko; ez beste holangorik.
Jainkoaren egintza (edo kreatura) izatea onartzea da; eta harek gure barruan ezarri dauan hazia (bere antzekotasuna) garatzen ahalegintzea.
Horretarakoxe behar dot haren esana entzutea, isiltasuna, otoitz-giroa, eta lagunduko deust barauak.
Senideok: bilatu daiguzan isilean egoteko eta bakarrean otoitz egiteko uneak. Entzun daiguzan, ez geure azaleko izaerearen ahotsak, geure inguruko behartsuen garrasiak baino. Ez daigun bilatu danak bat-batean konpontzea, Jainkoari erregutuz. Bilatu daigun, ostera, eurekaz bat egitea, euren ondoan egotea, eta, daukaguna, eurekaz partekatzea. Horixe egiten dau Jainkoak gugaz bere Seme Jesusengan.
HOMILIA
Senideok: Garizuman sartu gara. Horixe dinosku begietatik sartzen jakuzan ezaugarriok: abadeak daroan margoa, ubela (edo moraua-lila); ingurua ere motelago daukagu, ez hain apain: ez dago lorerik; liturgiak ez dau abesten Aintzarik, ez Aleluiarik… Aldatu egin da dekorazinoa, eta horrek zeozer esan gura dau. Zer? Margoak dinosku: prestakuntzan sartzen gara. Pazkoa prestatu gura dogu. Horrek zera esan gura dau: guretzako garrantzizko gauzea dala Pazkoa.
Pazkoetan gizakiaren barritasuna ospatuko dogu: Berbiztua, barria da, Jainkoagan da, betiko bizi da, zorionean… Haraxe deituta gagoz!
Garizumeak geure buruaren aurrean jarten gaitu, espilu baten aurrean lez. Eta zintzotasunez jokatzea eskatzen deusku. Erantzun daigun, ba: gura dot gizaki barri izaterantza abiatu? Egon naiten ziur: ez naz bakarrik abiatuko, ez inoiz ere bakarrik egongo: Jesus Jauna doa aurretik bidea egiten, eta berak irakasten eta zabaltzen deusku bide hori.
Gidari, Jainkoa bera dogu. Bere berban aurkituko dogu. Eta biderako… gizaki barri izateak eskatzen deuskuna eskuratu behar izango dogu, edo gizaki barri izatea galazoten dauana, baztertu.
Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren maitasuna eta txeratasuna (karinoa) aurkeztu deuskuz. Zelango txeraz egiten dauan gizakia, eta zelango ingurua gertatzen deutson, eta zelango burubideak emoten deutsozan… Baina dana ez da ona. Hantxe dabil Gaizkilea ere, gizakia beretzat irabazi guran. Eta atzipetuko dau (engainatu), makala dalako gizakia. Eta Gaizkileagaz lagun izatearren, bere Egileagandik aldendu egingo da, haserretuko da: maite-maite dauan harengandik aldendu egiten da…
Jakin baleu, behintzat, bere errua, bere pekatua, autortzen! Baina ez: inor erruduntzen dau bere pekatuaz. Eta hortxe doa bere astuntasunean sufritzen.
Aldietan zehar Jainkoak bere erakutsia emongo deutso gizakiari. Eta gure aldietan Jesusengan aurkitu geikez Jainkoak guretzat gura dauan ona eta bedeinkapena. Hurreratu gakiozan. Beragan ikasiko dogu gizaki barri izateko bidea.
1 Jainkoari emon entzumena. Beste iragarki inguruetatik aldendu entzumena. Horixe da eremua, ezaugarri lez. Han ez dago isiltasuna besterik. Hantxe aurkitu geike Jainkoa!
2 Gogor egin zintzaldiei (tentazinoei). Gaizkileak ez dau atsedenik hartzen gu menperatu arte. Ezagutu, ba, pekatu-bideak: larregikeria, erosokeria, kontsumokeria, besteetaz ez arduratzea, zeken jokatzea… Guzti horrek zahartzarora garoaz.
3 Laguntza hartzea, ebanjelioan eta garizumako ezaugarri lirateken limosna, barau eta otoitzean.
Begira zer dinoskun Frantzisko aita santuak, ebanjelioko poztasuna bizi izateko daukaguzan eragozpenen artean hurrengo hau azpimarratzen deuskula:
z. 83: Eleizan edo norbere bizitzan ikusten danaz lur-jota, inguruak eskeintzen deuskuzan eztikerietara joteko arriskuan gagoz, eta eurei atxikitzeko gogotan… Eta berau izan Deabruaren eztikeriarik handiena! Eta zer? Ba, bizitza emotera deituak garan arren, ilunpea eta barru-nekea besterik emoten ez daben gauzez liluratuta bizi garala… Hauxe aldarrikatzen deutsuet: ez eiozue itzi inori ebanjelizatzearen poza kendu deizuen!
Bai, senideok: aldi gatxetan bizi gara, aldi bakotxak bere alderdi gatxak daukazan arren. Hortxe dago krisia, hilaren azkenera heldu ezina, etxetik kanpora atarateak, lanik eza, kanpora urten beharra, guregana datozenei gogorkeriaz erantzutea, baketzerik lortu ezina, ustelkeria, bakotxak beretxoa zaindu gura izatea… Baina hortxe daukagu baita amets ederrak emon leikiguzan aita santua ere; gizarteko zuzengabekeriak eta ustelkeriak salatzen dabezan taldeak ere; eta zeozer egin gura daben eleiz-taldeak ere…
Ez gaitezan kexati izan. Hartu daigun parte eskura jarten jakuzan taldeetan (aita santuaren gutun adore-emoilea lantzeko; edo ebanjelioaren irakurketarako; edo… jo daigun barikuetako Kuruzbidera, erretiroetara…), eta esku hartze horrek itxarrik eta gogotsu iraunazoko deusku. Bide horretan zehar helduko gara Gizakiaren Barritasuna ospatzera eta dastatzera Pazkoetan.
OTOITZA
Jainkoak askea
(librea) egin nau
eta onerako eta
zorionerako.
Baina handia da
sumatzen dodazan
txarrerako deiak
eta jokerak.
Ez naitela jausi,
Jauna,
txarkeria bera
ere, pekatua, ukatzean,
edo txarkeriaren
eta ontasunaren
gainetik egon gura
izatean.
Zeure Espirituak eroan
naiala, Jauna,
eta berak irakatsi
deidala
besteak jarten
neure buruaren aurretik,
gizaki barritu lez
jokatzen.