06_Pazkoa /A

PAZKOALDIKO VI. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: asko eta handiak izan daitekez inguratzen eta atsekabean sartzen gaituen gaiak, erasoak eta arazoak; eta hau beti izan dala holan, esan geike. Begira zelan iragarri deuskun lehenengo irakurgaiak Samariako herriak Feliperen iragarpen eta ezaugarriez euren atsekabean hartu izan eben poza. Jainkoaren hitzak, ba, gure barruan, eta inguruan ere, poza sortuazoten dau. Baina, senideok, ezer itxaroten dogu Jainkoagandik gaurko egun honetarakoxe eta gure eguneroko arazo eta tirabireetarako? Hauxe dogu gakoa! Gehienetan, Jainkoaren eremua haxe dala uste izanik bizi garala, eta Jesus Jaunaren ebanjelioak gaur eta honakoxe ezer ez baleuko lez.

Eta ez, senideok. Ebanjelioa ez da dotrina edo egia sorta bat, ondo gorde eta hurrengoari emon behar jakona. Ebanjelioa bizikerea da, bizitza honetan zorionez bizi izaten laguntzen deuskuna. Horrexegaitik arduratzen da —ebanjelioan entzun dogun lez— bere ikasleen egoereaz Jesus: zer izango ete da euretaz Aitaganatzean? «Ez zaituet umezurtz utziko» —dinotse; eta berak irakatsietan bizi izateko agintzen deutse: maitasunean bizi izateko.

Hori badakigula esaten dogu; baina zelan gauzatu geiken galdetzen ere bai. Behar bada, ohituta gagozelako abadeak agindutakoa egiten edo beteten, edo jaramonik ere ez egin eta beste gauza bat egiten… Esango geuke ume txikiek gurasoengandik hartzen dabezan aginduekaz egiten dabenean egon garala. Baina umeek, nagusitan, gurasoengandik barik euren arduratasunetik hartu behar dabez erabagiak. Eta hauxe da guk ezin doguna, edo ezin dogula uste doguna, eta abadeak zer agintzen deuskunaren zain egoten gara.

Eta Jesus ba doa; bete dau hemengo bere betebeharra; baina ez doa hareik umezurtz lagata; euren ondoan izango da aurrerantzean ere, baina ez orain arteko lez, Espirituan baino. Eta honek zera esan gura dau: oraindik aurrera, nagusi lez, Jesusengandik ikasitako guztia gogoratu, eurenganatu eta eguneroko bizitzan gauzatu behar izango dabela. Eta Espirituaren laguntzaz egingo dabe. Lehenengo irakurgaiak Feliperen barri emon deusku: haren hitzaldiak eta azalpenak, haren osakuntzak eta inguruan sortzen eban poza eta itxaropena iragarri deuskuz.

Gure artean eta gaur ere arazoak, atsekabeak eta etsipenak aurkitzen doguz. Eta, nor-zerengan itxaroten dogu? Diruan? Gauzak eta ondasunak eukitean? Zenbat doazan bide horretan zehar! Baina… zer lortzen dogu, adibidez, umeak gauzez edo makinez eta jostailuez inguratuz, hareek gurasoen laztan barik konpondu beharra badauke? Eta gure gaisoei begiratuz… Zer lortzen dogu erietxeak edo zaharren egoitzak eta danetariko zaintzak emoten badeutseguz, baina ez etxeko berotasuna, etxekoen hurtasuna eta sarri-sarriko laztanak… etxekoenak, seme-alabenak, lobenak…

Senideok: Pazkoaldiko 6. domeka honetan Elizeak gaisoak ditu gogoan, eurengan ikusten daualako gure makaltasuna, zaintzarako eta maitasunerako deia, eta Jesusen agindua bete ahal izateko aukerea. Gure gizarteak —Frantzisko aita santuaren esanetan— deskartatu, alboratu egiten dauz, ez-ikusia egiten deutse. Gure Parrokian (beste parrokia askotan lez) ba dago gaisoak gogoan dauzan talde bat, hareetaz arduratu gura dauana, gaixo askogaz egoten diranak dira, eurekaz emoten dabe —eta pozik emon ere!— euren denpora zati on bat; eta pozik hartzen dabez gaixoren bat ikustera edo gurejauna eroatera egiten jakezan deiak…

Bai, senideok: Jainkoak ba dau gure ardurea; egin dau epetxo bat gure artean bere Semeagan; eta geure artean darrai, Berbiztua geure artean dalako, eta bere Espirituaz indartzen gaitulako. Bizi izan daigun haren Barri Ona, besteentzat ere, batez ere gaisoentzat eta zahar eta bakartientzat Barri On izan daiten.

 

OTOITZA 

Jesus Jauna, gure poz eta bizitza barritua:
oraindino ez dogu ulertzen-onartzen
zugandik hartzen doguna zabaldu behar dogula,
batez ere  behartsuen artean, gaixoen artean…

Gatx egiten jaku guretik urtetea
eta inorengana joatea, poz emoten bada ere;
lar itxituan bizi doguzalako zugazko hartu-emonak,
eta besteengan uste onik ez dogulako-edo.

Emoiguzu behar-beharrezko dogun ausardia
gaixoaren ondoan egoten jakiteko,
baztertuen alde oihu egiteko
eta, zure izenean, poz-emoile izateko.