GARIZUMAKO IV. DOMEKEA /A
HOMILIA
Senideok: hona gaurko domeka honetan Jaungoikoak zer eskeintzen deuskun, zer irakasten deuskun, zer opa deuskun. Lehenengo ta behin, Jaungoikoa ez da azalkerietan eta itxurakerietan gelditzen; barrura joten dau, eta baita gizakiaren barruraino ere, barru-barrutik barrituz, eta gizakia oso-osoko eginez, bere espirituaren indarrez, gerotxoago ikusiko dogun lez.
San Paulok eskari bat egin deusku: "Ibili zaiteze, beraz, argiaren seme-alaba lez: on izate, zuzentasun eta egia guztia argiaren frutu da-ta." Baina guzti hori ulertzeko, eta, Jaungoikoaren graziaz geuretzeko, goazen ustetsu eta eskuzabal ebanjeliora. Zer aurkitzen dogu bertan?
Ebanjelioko itsua, jaiotzaz itsu dana, inoiz ikusi ez dabenen ezaugarri da. Eta bere inguruan ikusten dogu zergaitik ezin ikusi daiken: gehienek uste dabe Jainkoak zigortu egiten dauala; pekatariari ez deutsola entzuten; eta beste batzuk Moisesen Legeak salbatu daikela-ta bihotz zarratuaz bizi dira. Hona hemen, ba, zelan egon geintekezan geure kulturearen menpean edo baita geure erlijiokeriaren menpean ere.
Begira zelango irudi ederra egiten deuskun ebanjelariak Jesusegaz.
Lehenengo ta behin, Jesusen jokabidean Jainkoaren jokabidea bera agertzen deusku: Jesus hurreratu egiten da itsuagana, eta bere itsutasuna ez dala bere errua ez inoren errua, ez eta, gitxiago!, Jainkoaren zigorra. Makala da gizakia, eta han-hor-hemen agertuko ditu makaltasunak. Baina Jainkoak ez dau bertan behera izten; Jainkoa hurreratu egiten jako gizakiari eta bere dohaia eskaini. Begira zelan: bere ahoko txistua lurrera bota, lupetza egin, eta itsuari begietan ezarri. Ez deusku honek gogora ekarten Jainkoak zelan egin zituan zeru-lurrak eta gizakia? Jesusek, ba, hemen, Jainkoaren eginkizunetan dihardu: gizaki barri egin daike Jesusek; eta beste inork ere ez.
Baina gizakiak onartu egin behar dau; ez dau bere gainetik eta bere ezelango ahalegin barik egingo: zoaz, eta garbitu zaitez —dinotso itsuari. Eta ikusmenagaz dator. Barria da! Eta hain barria! Ez dabe ezagutzen; edo ezpaiak sortu-azoten ditu. Eta berbizkundeko berbak erabiliko ditu, bere barrikuntzea iragarteko: neu naz! Eta behin ta barriro kontatu behar izango dau gertakaria...; eta halan eta guztiz ere ez deutsoe sinistuko. Zein bihotz gogor garan, edo zein itsu bizi izan nahi dogun, geuretxoan zarratuta!
Senideok: Jesusek egin geinkez gizaki barri; Jesusek salbatu geinkez. Eta bai geu eta baita gure ingurua ere, Jesusen salbamenaren zain dago; Jaungoikoaren egarri da. Baina hainbatek ez dabe ezagutzen (horixe da ebanjelioko itsua); eta beste hainbatek ezin ezagutu dabe, euren erlijiokerietan eta ustekerietan zarratuta bizi diralako. Eta itxaroten dagozan barrikuntzea ez dabe lortuko ez giza-jakintzatik, ez eta kultu, erlijiokeria edo holangoetatik ere, Jesusen jarraitzaile izatetik baino.
Eta geuri dagokigu, senideok, hau ulertzea, bizi izatea eta gure inguruan zabaltzea. Hauxe da gure Eleizearen eginkizuna, misinoa, Jesusengandik hartu dauan eta hartzen dauan agindua. Eta gutariko bakotxak bere inguruan bete daikena; eta Eleiza lez, mundu guztira zabaldu beharrekoa.
Izan daiguzan, ba, gogoan baita gure Eleizbarrutiko misiolariak ere. Egin gaitezan eurekin geu ere misiolari, eurei gure otoitzaz eta geure diruaz lagunduz; euren bitartez, gure ondasunak hango pobreekin bananduz, eta horrela geu ere misiolari bihurtuz. Baina baita egon gaitezan ere zuhur gure Elizbarrutiak eskatzen deuskuzan ezaugarriak emoteko: umeen ardurea; gazteentzako eredu izatea; eleiz gauzetan arduratsu jokatzea eta abar. Ibili gaitezan Jesusen argitan, berak emoten deuskuzan aukerak ondo aprobetxatuz. Jesusek berak argitu daizala gure begiak!
OTOITZA
Itsukeriak jota bizi gara, Jauna:
geurea baino ez ikusteraino,
eta, sarritan, geurea ere ez ikusteraino.
Zalekeriak itsutu gaitu,
erosokeriak eta ondasun goseak
eta neurri barik kontsumitzeak.
Azaleko begiradan geratuz,
sakonera begiratzea galdu dogu
eta alkar ezin dogu ezagutu.
Emoiguzu zeure begiradeaz ikustea:
atzerritarrengan, errefuxiatuengan,
behartsuengan… zeu ikustea.
Emoiguzu geure burua baino harago
joan ahal izateko begiradea:
erreinuko seme-alaben ikusmena.