Garizumaldia: 3. /A

GARIZUMAKO III. DOMEKEA /A

HOMILIA

 

Senideok: gaurko domeka honegaz Garizuman ondo sartuta gagozala esan behar dogu, eta domeka honetako gaia bizitzaren iturria edo bizitz-egarria dala esango geuke. Zeozertxo daukagunok gauza edertzat daukagu bizia; behar bada, ez da gauza bardina jazoten txirokeria gorrian dagozanekin edo zorrez beterik, osatu ezineko gaixotasunez edo beste oinazez dagozanekin. Galdetu deiogun, ba, geure buruari, lehenengo ta behin, ea maite dogun bizia; ea biziaren egarriz eta errespetuz bizi garen; eta ea zenbateraino maite dogun geure bizia: bera luzatzearren edozer emoteko (baita inor hilteko ere), edo geurea inoren alde emoteko. Gure bizia maite badogu geurea inoren alde emoteko gertu egoteraino, ez gara egongo gaurko irakurgaiak ulertzetik urrun; eta gainera, adoregarri izango ditugu.

Israel zaharra, Ejiptoarren esklabu zana, lanaren zamapean, askatasunaren egarri zan, eta dei egiten eutson bere Jainkoari. Baina askatasuna garestia da: egunero landu behar da; egunero lortu behar da; egunero errespetatu behar da; eta eguneroko zeregin batek laster nekatzen gaitu. Noraino, gainera! Askatzaile lez ezagutu daben Jainkoa iraintzeraino! Maite dau herri honek askatasuna? Maite dau bizia? Ala erosokeria, komodidadea, maite dau? Berea beste batek egitea? Ezelango arazorik ez izatea? Zer da benetan maite dauana? Zenbat bider gagozan geu ere egoera bardinean, dana diruaren truke lortuko dogulakoan. Eta ezin dogula konturatzen garanean, geure mugak onartu beharrean, Jainkoa iraindu! Ai konturatuko bagina San Paulok esan deuskunaz: “Honetan erakusten dau Jaungoikoak guretzat dauan maitasuna: gu pekatariak ginala, Kristo gure alde hil zan-eta.”

Senideok: hainbeste gauzak, egoerak eta zaharkeriak eragozten deusku Jainkoagandiko bizia, bizi barria ta betea, nahi izatea. Ikusi daigun hori gaurko ebanjelioan (hain aberatsa dogun ebanjelio txatal honetan!).

Samariar emakumea, izen barik agertzen denez, Samaria osoaren ezaugarri da, adituen ustez. Jesus, ba, Samaria osoagaz dago alkarrizketan. Judeguentzat —eta ebanjelari honek irudipean dinosku guzti hau— Samaria jentil herria zan, emagaldua lakoa, eta benetako kultutik aldendua... Eta bai judeguak eta baita Samariarrak ere, euren tradizinoari loturik bizi dira: hareek Jerusalengo Jauretxea dabe; honeek Jakoben ur osina (putzua). Judeguek, ostera, ortodoxian (zuzentasunean) eurak egozala-ta, beste guztiak gorrotatzen zituen, Jesus berbera ere! (Ezagutzen ete dogu holangorik gaur ere, eta geure inguruan?). Baina Samariar jentilak gertu dagoz euren jentilkeriatik urteteko, Mesiasi harrera on eginez: Mesiasen zain dagozalako!

Hona hemen, ba, senideok, laburrean, gaurko liturgiaren esangurea: Egarri da Jesus; baina benetako biziaren egarri; berak dakarren benetako bizia emoteko, erregalatzeko, ezerezen truke emoteko egarri. Eta bera hurreratzen da edozeinengana, danik baztertuena izan arren, danik pekatariena izan arren, danik emagalduena izan arren...; harrera ona, besterik ez dau eskatzen. Alperrik ibiliko gara bizi bila tradizinoetan, kultuan, ortodoxian, eta geure buruak zuritu nahian... Biziaren grazia Jesusek baino ez dauka. Eta bizi hori lortzeko ez da aparteko ahaleginik egin behar; itxurakerietatik urten, ziurkeria batzuk laga, kultu-itsukeriak ta gorreriak bertan behera laga eta, Jesusi harrera on eginez, bere jarraitzaile bihurtu. Samariarrek esandakoa esan geike orduan geuk ere: “Orain ez dogu zuk esan dozunagaitik sinisten; geuk entzun deutsagu eta badakigu Berau dana benetan munduaren Salbatzailea.”

Jesusi egin behar deutsagun harrerea, ba, senideok, ez da egia batzuk autortzea, edo betekizun batzuk betetea, edo inori kalterik ez egitea, edo halantxe ikasi dogula-ta, edo esan deuskuela-ta hortxe irautea. Jesusi harrera egitea, geuk geurez Jesus autortzea da, eta bere bizikerea, Aitaren esaneko bizikerea, geure bizikera bihurtzea. Orduan bai maite izango dogula benetako bizia; bizia errespetatzen dauan bizikerea eta bizia emoteko, ez kentzeko, prest dagoan bizia. Eta merezi dau.

 

 

OTOITZA

Ura! Zein gauza ederra dan ura!
Baina gure artean gitxi estimatua.
Eta bera behar danok, bizi izango bagara!

Horixe da Sinismena:
ederra, eta gitxi estimatua;
eta beharrezkoa sakoneko bizikerarako.

Jesusegazko alkarrizketan lortzen da:
ez da egia batzuk buruan erabiltea,
edo errezu batzuez Jainkoa menpe jartzea.

Jesusegaz topo egiten dauanari
ur jarioak lez sortzen jako barruko bizitzea,
betikoraino irauten dauana.

Emoiguzu, Jauna, zeure uretik,
sakoneko bizitzaz bizi izan gaitezan
alkarren errespetuz eta zerbitzari.

 2023an

LEHENENGO KATEKESIA NAGUSIA

     Senideok: Garizumako 3. domeka honek Lehenengo Katekesia Nagusia dakarsku: Urarena. Hurrengoa Argiarena izango da eta hirugarrena, eta azkena, Biziarena. Holan prestatu gura gaitu Liturgiak Pazkoetarako, bihozbarritu lez eta gizaki barri edo berbiztu lez bizi izateko, Jesusen antzera.

     Hurrengo gauzatxoak izan daiguzan abiapuntu:

     a) Herriaren egarria. Honek mormoxetara daroa, Jainkoaganako ustea galtzera; Moisesen aurrez-aurre jartera…

     Jesusen egarria: Honek apaltasunez eskaria egitera daroa Jesus: emoidazu edaten.

     b) Jainkoak —Pauloren esanetan— bere maitasun Espiritua isuri deusku bihotzera, gure ezelango merezimentu barik.

     Jesusek horixe egiten dau emakume samariarragaz: bere maitasuna isurten deutso.

     Irakurgaiotan argi agertzen dana hauxe da: bai Jainkoaren Herria —marmarka diharduana— eta baita emakume samariarra ere euren usteetan dagozala eta ez dirala gauza ez bata Jainkoaren esana ulertzeko ez bestea Jesusen berbak ulertzeko. Plano horretatik urrun dagoz.

     Geu ere urrun egon geintekez, hur gagozala uste izan arren. Jesusen esaldi hauxe bihotzeratu daigun: bazenki Jainkoaren dohaia zein dan, eta edaten emoteko eskatzen deutsuna nor dan, zeuk eskatuko zeuskio… Hementxe legokelako gure bizitzarako behar dogun ardatza.

     Mediterraneoko uretan, aste honetan, 4.000 lagunetik gora erreskatatu dabez. Zeren egarri dira euren etxea, lurraldea eta ondasunak bertanbehera itzi eta inguru ezezagunera abiatzen diranak? Zeren egarri dira hareen bila urteten dabenak? Zeren egarri aterik zabaldu gura ez deutsenak, edo ixteko aldarrikatzen dabenak? Zeren egarri hareen lurraldeetara, gatazkak eroanez, ondasunak lapurtzen deutsezanak? Zeren egarri gara gu, senideok, eta gure seme-alabak eta gure gizartea, horreen eta beste arazo askoren aurrean gure burua indarge, edo ezertarako ez dala uste dogunok?

     Zer dagokigu sentitzea, egitea, partekatzea, Jesusengan sinisten dogula dinogunoi?

     Lehenengo ta behin, senideok, Jesus eta gu plano ezbardinetan gagozala autortzea, eta haren planora igotea. Bestela, ulertzen deutsagula uste izango dogu, eta ezin izango dogu haregaz topo egin.

     Egiten dogula otoitz esaten dogu. Baina gurea… ete da, gero, Jesusek egiten ebalakoa? Harentzat, otoitza Jainkoaren aurrean jartea zan, haren iturritik asetzea, eta harengandik hartutako uraz besteen egarria asetzen ahalegintzea.

     Eta asetuko dau haren planora jasoten dana. Hauxe entzun dogu ebanjelioan: Orain ez dogu sinisten zuk esan deuskuzunagaitik; geuk entzun deutsagu eta…

     Hauxe behar dogu, ba, senideok: Jesusegaz topo egiteko uneak eta erak bilatzea eta gogoa biztea. Gure barruan isiltauna egitea, Jainkoaren berbearen oihartzuna entzutea, haren esanetara jartea (guk otoitza dala dinogunak, gehienetan, Jainkoa bera geure esanetara jartea bilatzen dau); eta harengandik hartzen doguna geure inguruan zabaltzen ahalegintzea. Horixe litzateke Jesusen otoitzera hurreratzea.

     Bakotxak egiten dogun Jainkoagazko topaketa alkarregaz ospatuz eta iragarriz lortuko dogu gure Eleiz Alkartea gaurkotzea eta bertokotzea, eta beste batzuentzat ere (gure seme-alaba-lobentzat ere) ezaugarri izatea. Iturri zaharra dogu Eleizea, baina ur barri, bizia, emoten dauan iturria: Jesu Kristo dalako asetzen gaituan eta bizibarritzen gaituan iturri zaharreko ur barri-bizia.

     Jo daigun, ba, beragana, beste ezein iturriko urik edan beharrik izan ez daigun. Hareetatik mormoxetak, haserreak eta hilketak sortzen dira; Jainkoaren Espiritutik, Jesusek emoten dauan uretatik, harrera ona, alkartasuna, alkarri zerbitzea eta alkar maitatzea.