Garizumaldia: 2. Domekea /A

GARIZUMAKO II. DOMEKEA /A

 

HOMILIA

 

Senideok: Jainkoak proposamen bat egiten deuskula dinosku gaurko liturgiak:

—Abrani: urten zure lurraldetik… herri handi egingo zaitut.

—Paulok Timoteori: Barri onaren nekeak, Jainkoaren indarraz fidaturik eroateko.

—Ebanjelioan: Hauxe da nire Semea… entzuiozue.

Argi dago Jainkoak martxan jarri gura gaitula; jardunean gura gaitula; ez gaitula egonean, geurean zarratuta, ingurura begiak itxita gura. Eta, begira zer dinoskun bere gutunean Frantzisko, aita santuak ere: “Jainkoaren berban eten barik agertzen da "urteera" ekimen hau, Jainkoak sinistunengan eragin gura dauan ekimen hau. Abrahamek onartu egin eban lurralde batera abiatzeko deia; Moisesek entzun egin eban Jainkoaren deia: «Zoaz, neuk bialtzen zaitut», eta herria agindu-lurrerantza abiatuazo eban. Jeremiasi: «Neuk bialdu nahi zengidazan edonora joango zara”.

Ba ete daukagu, senideok, gure erosotasunari uko egiteko gogorik, asmorik edo indarrik? Ez ete gagoz lar egokituta gure ingurura? Ez ete gara geuretxotik urteteko bildur? Hurrengo esaldi hau gogoan izaten dogu, ezta?: «Ezezaguna dogun ona baino hobe ezagutzen dan txarra». Eta esaldi horri jaramon eginez, geuretxoan itxita, ingurukoaz arduratu barik, egonean gagoz… herdoiltzen!

Geldi egoteak, egonean egoteak, ez dakarsku gauza onik: ur geldia usteldu egiten da; erabilten ez diran gorputz atalak hil egiten dira; egonean dagoana gaixotu egiten da… Ibili egin behar dogu! Baina, norantza abiatu? Ba al dago inora joan beharrik?

Abram adi egon zan, berean zoriontsu egoan arren. Eta Jainkoa deika ebilkola konturatu zan. Ez zan errexa Jainkoak eskatzen eutsona: gurasoen lurraldea laga eta berak esango eutson lurralderantza abiatzea. Jainkoak herri bat behar eban, Abramengan "jarri ebazan begiak", eta proposamena egiten deutso.

Eta, hara! Abramek bere uste ona Jainkoagan jarten dau; aukeraketa honen menpean jarriko dauz bere ondasun guztiak. Eta bizitza guztian zehar, berak uste eban lez ez ebalako Jainkoak jokatzen, hainbeste neke aldi jasan behar izango dauz; hainbeste ez-bai gainditu behar izango; behin baino sarriagotan nahi izango dau dana bertanbehera lagatea; hainbestetan uste izango dau ez dala gauza Jainkoak eskatzen eutsonari aurre egiteko… (Zenbatetan aurkitu izan garan holango egoeretan gure bizitzan zehar!) Baina beti agertuko dau bere uste on osoa Jainkoagan dauala, eta garaile urtengo dau. Abramengan lagun bat izango dau Jainkoak bere eginkizuna (herri bat eratzea) eskuratzeko. Zein garrantzi handikoak garan Jainkoarentzat! Ba ete dakigu Jainkoaren nahia senideengan bilatzen, eta hareen beharrizanetan Jainkoaren deia entzuten?

Jainkoak ez dinosku gure ibilbidea erreza eta laua izango danik, beti eta une guztietan geugaz egongo dala baino; ez gaitula bertanbehera lagako. Bere Seme Jesusengan aurkituko dogu: aurrerantzean bera izango dogu Legea (Moises) eta Jainkoaren hitza (Elias). Ez dogu argi eta garbi ikusiko. Geuk egin behar izango dogu aukeraketea. Ez dogu ezelango ezbai barik ulertuko. Horixe adierazoten deuskue Jesusen ikasleek: erdi lotan dagoz; bertan gelditu gura dabe; belarri ostean azka egiten jaisten dira menditik, «hilen artetik biztea» zer ete zan galdezka euren kolkoan… baina jarraitu egiten deutsoe Jesusi: beragan dabe uste on osoa.

Senideok: Jainkoak herri handi egin gura gaitu bere erregealdia gizaki guztiei ikusiazoteko: alkar maitasunezko eta justiziazko erregealdia. Baina gu, behar bada, herri handi hori egiten baino gehiago ahalegindu izan gara legea beteten, norbere arimea salbatzen, irakatsi izan deuskuezanak beteten… Eta orain… “orain zatoze esaten lehengo txokoak eta ondasunak eta ziurtasunak bertanbehera laga behar doguzela, ez dakigun nonora abiatzeko?” —esango dau batek baino gehiagok. Eta arrazoi handiagaz. Baina, begira: Abramek zahartzaroan emon eutson Jainkoari baietza. Guk zergaitik ezin geike?

Eskeintzen jakuz argibideak, euretan bilatu geike erantzuna eta alkar adoretu: barikuetan Kuruzbidea; edo Franzisko aita santuaren gutun adore-emoilea; Garizumako hitzaldiak; Caritasen egitasmoak, eskualdeko Eleizearen eraikuntza…

Guzti horretaz jabetzeko, senideok, geure ziurtasun eta txokoetatik urteten ahalegindu behar dogu; gure gogoa gozotan egotea bada ere Jesusek esnatu eta lurrera jatsiazoten gaitula sumatu behar dogu, zaharregiak garala pentsatu barik; Paulok esan deuskun lez, Jainkoaren indarraz fidaturik; eredu Abraham dogularik.

 

 

OTOITZA

Herri baten bila zabilz, Jainko,
gizakion artean bizi izateko,
geure hizkuntza erabilteko
guk zu ezagutu ahal izan zaiguzan
eta guk zugaz hartu-emonak izateko.

Baina gu, Jauna, sinistun herri honetan
ohiturapean aurkitzen gaituzu:
badoguz legeak, arauak, ohiturak…
eta besterik ez dogula behar uste dogu,
gero eta ahulagoak eta gitxiago garan arren.

Bizkortu gaizuz, Jauna; atara gaizuz
gure itxituetatik eta lo-zorrotik,
zeugazko hartu-emon zuzenak izan daiguzan,
uste ona zeugan baino izan ez daigun
eta zeure herri aukeratu lez jokatu daigun.