URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKEA /A
Pobreziaren aurkako eguna
HITZALDIA
Senideok: Frantzisko aita santuak pobreen aurrean jarten gaitu egun honetan, eta eurei begira eta zabalik jarten bagara, eurek ebanjelizatuko gaituela dinosku. Ba dago, ba, indarrik pobreengan; eta indar horrek —izan daigun gogoan!— gu Ebanjeliora eroan geinkez.
Ez da harritzekoa? Geu, herrialde garatuetakook, aberastasunean eta jakintzan bizi garanok uste dogu garala jaun eta jabe, eta pobreengandik ez daukagula ezer hartzekorik… Ez, gero?
Aberaskeriak eta ondasunak bidegabekeriaz erabilteak alkarrengandik aldendu egin gaitu, alkarren inbiriaz eta bildurrez biziazoten gaitu eta, batez ere, ez-ezagunaren bildurrez… Zoriontsu bizi izatea da hori? Jesusi emon deutsagun berbea betetea da hori? Jainkoa maitatzea da hori?
Ikasi daigun Lehenengo Irakurgaiak goraldu dauan etxeko andreagandik: harek ez dauka ezer beretzat; senarrarentzat, seme-alabentzat, bestentzat egiten dau lan, eta hareen bizitzea zoriontsu egiten dau. Eta halantxe da bera zoriontsu. Eta goraldua da.
Guk, bakotxak bere burua zaintzen edo ontzen dihardugu, eta alkarrengandik gero eta urrunduago gagozala ikusten dogu. Eta askok eta askok holantxe izan behar dauala uste dau.
Inork irakatsi beharrik ez daukagula entzun deutsagu apostoluari. Eta egia da: egoereak berak dinosku ez gabizala bide onean zehar; hobe litzatekela —ameskeria! askorentzat— besteen arduraz bizi izatea. Eta ba dago nortaz arduratu: pobreak ez dagoz hain urrun; ez dira hain ezezagunak; ez dira hain ikus-ezinak… Geure artean dagoz, aurpegia eta izena dauke, eta… Jainkoa maitatzeko bide (bakarra?) dogula esan geike. Jainkoa maite dogula esatea berba hutsa izan daitela gura ez badogu, behintzat!
Adi, prest eta erne egoteko deia entzun dogu gaurko Liturgian. Eta Frantzisko aita santuak bide bat emon deusku. Bakotxak trebezia batzuk hartu doguz, Ebanjelioan argi geratu dan lez. Ez daigun kexati esan besteek gehiago hartu dabela, eta eurek egin behar dabela, guk ezin dogula-eta. Itxartu gaitezan gure lo-zorrotik; jabetu gaitezan geure ondasunez, eta bilatu daigun hareik lanean jartea; bakotxak bere trebeziaren arabera, ez danok gauza bera egin behar dogula uste izanik.
Begitu daigun ea inguruan pobrerik edo pobreturik ezagutzen dogun, eta zelan helduazo geikeon gure laguntzea. Gaixo edo bakardadean dagoan batengana hurreratu geintekez; eskaleren bat geureganatu geike; familia behartsuren bati luzatu geikeo gure zelan-halango laguntzea… Begiak eta bihotza zabaldu ezkero, laster aurkituko geuke bidea, hasiera baten gatx egiten bada ere, eta Ebanjeliotik eta autortzen dogunetik hurrago ikusiko geuke geure burua.
Horrela, hau ez litzateke egun bateko loretxoa izango; hau geure bizitzako jarrera eta jokabide bihurtuko litzateke, eta gizarte zuzenagoa lortzeko urrats ez txikia emongo geuke. Itzi deiegun, ba, pobreei ebanjelizatu gaiezan. Eta eskertu deiegun.
OTOITZA
Gure
inguruan pobreak badagoz
ez
da izango Jainkoak holan nahi daualako
geu
garalako baino harroegiak, geurekoiegiak,
eta
geureaz gain, besteena ere geuretu gura dogulako.
Emakumearen
lana aintzat hartzera
eta
haren duintasuna autortzera ere
eroan
gaitu gaurko Liturgiak,
eta
gure trebetasunak lanean jartera bultzatu.
Emoiguzu,
Jauna, apaltasun benetakoa
geure
buruak eta besteak ere,
euren
izantasunean aintzat hartuz,
gabezia
guztiak eta guztienak gainditu ahal izateko.