URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: handia da sinisteko daukagun zoria. Sinismena ezin geike sastarretara bota, zakar-ontzira, satsetara… Eta horixe gagoz egiten elikatzen eta zaintzen ez badogu. Sinistuntzat daukagu geure burua; ez dogu hori zalantzatan jarten. Baina, gaurko irakurgaiak entzunda, gure sinismena Jesusen jarraitzaileena dala esan geike, ala geuk gura doguna dala, eta geuk emoten deutsagula sinismen tituloa geure buruari?
Benetako sinistunak Jainkoaren poza hartzen dau, eta zabaltzen bere ingurura. Begira Jesusi: behartsuengana hurreratzen da eta Jainkoaren erreinuaren barri emoten deutse: maite dauzala, errukia deutsela, eurekaz eta euren zaintzaile lez dagoala, eta inoiz ez dauzala bere eskutik izten.
Jainkoa ez da, ba, asko errezatzen dabenena, bizitzea haren jakituriaz argitzen eta gidatzen dabenena baino. Ingurura egokituta dagoanak baztertu egin dau Jainkoaren argitasuna; kontsumoa aukeratu dau bere bizitzarako, eta besteen gainetik egotea edo besteek baino ahalmen handiagoa eukitea.
Sarritan jokatu izan dogu horrela geure burua kristautzat daukagunok, ebanjelioaren argipean barik geure usteetan eta inguruko mundu-jakiturian oinarriturik. Holan, Jainkoaren maitasuna eta errukia baino haren zigorra iragarri dogu sarriago, gure arerioak menpean hartzeko gurariz-edo.
Eta geure debozino-egintzetan uste handiagoa izanez, ziurtzat emon dogu gure zeruratzea eta besteen infernuratzea, eskapularioa daroagulako, edo hilaren lehenengo 9 barikuak eginda genduzalako, edo… Baina gaur egun zelan aurkitzen gara? Horretaz ez da berbarik ere egiten; autortza bera ere bazterreratuta daukagu, eta ikusiko genduzala uste ere izango ez genduzan gauzak ikusten doguz, eta galduta gagoz gure ohiturei gogor eta gogor eusten…
Ohiturei, geure usteei, ala Ebanjelioari eutsi behar deutsogu, ba, senideok? Ebanjelioak zuhurrak gura gaitu, inguruari begiratzen eta zerbitzen dakienak, hari Jainkoaren errukia eta argitasuna iragarten deutsoenak… Eta horretarako barru-bizitza behar da, Jesusegaz bat eginda bizi izatea behar da, ebanjelioan oinarritua eta aditua izan behar da…, bakotxak bere aldetik otoitz egitea edo mezatxoa entzun eta inori kalterik ez egitea baino zeozer gehiago behar da…
Eta holangorik ez dogu entzun ere gura, beste era batera eratuta daukagulako gure bizikerea, eta ez dogu aldatu gura gatxegi egiten jakulako.
Baina holan gure kurtzuloak ez daroa oriorik. Amatatzen joakuz. Konturatzen gara inorentzat ez garala argi… Baina hantxe jarraitzen dogu.
Ez, senideok! Jesusek ez gaitu gogoge eta etsituak gura, adoretsu eta bizi-emoile baino. Horretarako, norbere debozinoari baino alkartean egoteari emon behar jako garrantzi handiagoa, eta alkartean egotea bilatu behar da, alkarregaz otoitz egitea eta ebanjelioa alkarregaz entzutea eta alkarbanatzea, inguruko arazoak gogoan hartuz. Hantxe iragarri behar dogu gure alkartasuna sufritzen dagozan guztiekaz.
Ez gaitu, ba, hildakoen zoriak kezkatu behar, Jainkoaren esku dagozalako. Eta ez gaitu kezkatuko uste on osoa Jainkoagan jarrita badaukagu. Gure otoitzean gogoan izango doguz, eta hareen zoria Jainkoari eskertuko.
OTOITZA
Geuk
lez uste ez dauana
edo
geu lez bizi ez dana
zorotzat
joten dogu eta baztertzen,
kontuan
hartu barik, sarritan,
geu
garala besteok baino zoroagoak.
Sinistunak
garala autortzen dogu
baina,
badaezpadakeriaz jokatuz,
ez
dogu gure sinismen hori
bizitzarako
jakituria bihurtu.
Bilatu
daigula, Jauna, zugaz egotea,
zure
berbak gure bizitzan haragitzea
eta,
inguruko arazo guztiez arduraturik,
danak
zeure jakituriaz argitzea eta maitatzea.