32 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /A

Eleizbarrutiaren eguna

 

HITZALDIA

 

Senideok: Eleizbarrutiaren eguna ospatzean, esker oneko agertu gura badogu, behintzat, badaukaguz Eleizbarrutiari begira jarteko zioak (arrazoiak).

Zer gara gu, bakotxa bere aldetik, familia barik, edo herritartasun edo nazinotasun barik? Apurka-apurka bakotxa bere esparrutxoan hilten doan gizaki, besterik ez. Ur geldia usteltzen doan antzera, geu ere, alkarte barik, Eleiza barik, usteltzen, herdoiltzen eta hilten goazen sinistun izango ginateke. Eleizbarrutiak nortasuna emoten deusku, alkartasunerako deia dogu, unibertsaltasunera garoaz, bere bitartez beste Eleizbarruti batzuekazko hartu-emonez.

Zoritxarrez, gaur egun erdi-galduta ez ete daukagun norberenetik harutzagoko mundua… eskatzeko orduan baino ez bada. Horrela uste dogu Eleizbarrutiatik ez jatorkula ezer, eta, alderantziz, asko eskatzen edo kentzen deuskula harek: parrokia bakotxari hileoro batzen danetik honenbesteko bat. Eta… zertarako? —galdetzen dogu.

Ba, egia esanda, geuretzako, parrokia txikientzako; batez ere euren burua ordaindu ezinik dabizan (gabizan) parrokiei laguntzeko. Alkartasun Kutxa deritzogu horri, senideok. Obispaduak kentzen badeusku, ez da besterik, parrokia behartsuen artean banantzezko baino.

Eta, gogoan izan: parrokia bakotxak eukitea eutsiezineko lirateken hainbeste zerbitzu eta papeleo egiten dira danontzako diran zerbitzu-geletan, Obispaduan. Zenbat isileko lan egiten dabezan gurasoek euren umeekaitik eta euren alde, ezta? Ba, beste horrenbeste Eleizbarrutiak (edo Obispaduak) parrokia guztien alde ere, batez ere, txikienen eta euren burua ordaintzea gatx egiten jakenen alde… Ez daigun ahaztu; eta eskertu daigun.

Elizbarrutiaren bitartez zabaltzen gara beste eleizbarrutia eta lurraldeetara ere. Eta horrelaxe hartzen dogu arnasa eta banantzen doguz eurekaz gure ondasunak eta hartzen dogu eurenetik; geurean itotzea gura ez badogu, ezinbestekoak doguz, senideok, beste batzuekazko hartu-emonak.

Hau dala-ta, eskertzekoa litzateke Obispaduko geletan borondatez lan egiten daben hainbeste laguntzaileren lana; musu-truk egiten daben lana da. Eta zenbat dagozan gure parrokietan!: katekista lanetan, liturgian, gaisoen laguntzan, ekonomia eroaten, eleizak garbitzen eta apainduriaz arduratuta… boluntarioen (borondatezkoen) mundua dogu hori.

Eta hor, emakumea nagusi. Agertu deiegun gure esker ona (lehenengo irakurgaia gogoratuz). Eta, aldabatera, egin deiegun dei gizonezkoei ere. Ez daiela uste izan eurentzako lekurik ez dagoanik. Beharrezko dira. Danok gara beharrezko. Baina danok, bakotxak bere neurrian, daukagu besteen beharrizana, geugandik urten ezean ito egingo gara-eta. Eta zenbat dagozan eurenean itota, besteen lana gaitzesten edo aintzat hartu ezinda… Ez gaitezan izan euren arteko. Jarri daiguzan lanean daukaguzan talentoak danon etxe dogun Eleizea eraikitzen.


 

OTOITZA

Geuk lez uste ez dauana
edo geu lez bizi ez dana
zorotzat joten dogu eta baztertzen,
kontuan hartu barik, sarritan,
geu garala besteok baino zoroagoak.

Sinistunak garala autortzen dogu
baina, badaezpadakeriaz jokatuz,
ez dogu gure sinismen hori
bizitzarako jakituria bihurtu.

Bilatu daigula, Jauna, zugaz egotea,
zure berbak gure bizitzan haragitzea
eta, inguruko arazo guztiez arduraturik,
danak zeure jakituriaz argitzea eta maitatzea.