31 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Senideok: gaurko Liturgiako Jainkoaren berbea zintzotasunerako deia dogu, lehenengo eleiz-agintarientzat (abade eta laguntzaileentzat), eta gero ebanjelioaren jarraitzaile guztientzat.

Ba gara, senideok, ebanjelioaren jarraitzaile? Zintzoak gara ebanjelioaren jarraipenean? Zerk adierazo daike zintzoak gaiakozala ebanjelioari? Gure kristautasuna azalekoa ez bada, betekeria hutsetan gelditzen ez bada, zintzoa da. Baina ez daigun engainatu geure burua. Aztertu daigun entzundako berbearen aurrean.

Zelango gozotasunez hitz egin deuskun Paulo apostoluak entzun dogun 2. irakurgaian: amak bere umea zaintzean dauan ardurea dau bere ikasleez. Hori da herriko abadeaz sentitzen doguna? Maite gaitu eta zaintzen ama baten gozotasunaz? Eta, zelangoa da emoten deutsagun erantzuna? Entzun-gor egiten deutsagu, ala geure ardura bihurtzen doguz haren ardurak?

Lehenengo irakurgaian, Malakias profetea gogor agertzen da herri agintariekaz eta eleiz agintariekaz: azalkerian bizi dira, eta inoren lepotik, herriaren ardura handiegirik barik. Ebanjelioan ere holango zeozer aurkitu dogu. Ba dirudi Jesusen berbak azaldu barik, Jerusalengo Tenplua hondatu ondoren, Jesusen lehenengo jarraitzaileek sumatzen daben egoerea salatzen dauala Mateok.

Zer sumatzen dogu guk, senideok? Gaurko abadeok ez garala arduratzen, gauza bat esan eta beste bat egiten dogula, besteen lepotik bizi garala, edo azaluskerian?

Danok dakigu egoereak eta eleiz alkarteetako ez-jakinak, edo pobreziak edo buruzagirik ezak ze egoeratan gaukazan: abadeak arrapaladan dabilz eleiza batetik bestera mezak emoten; edo katekesia eratu ezinda, umeen urritasunagaitik, edo katekista faltagaitik, edo gura dana Jaunartzea dalako eta ez eleiz alkarteko kide izatea eta ebanjelioan heztea, eta abar.

Gazteak gura doguz gure eleizkizunetan, eta umeak…, baina geu ezertan aldatu barik, geurean jarraituta. Baina badakigu ezinezkoa dana. Gaurko familietan ez dagoalako otoitzik, ez ebanjelioa irakurterik, ez debozinoko irudirik… Eta, sinistunak dirala dinoenen artean ere bakotxak bere aldetik dihardualako, zentzu handiegirik barik.

Senideok, egoera honi aurre egiteko, eta gure sinismenean sendo irauteko, egoerearen kontzientzia hartu behar dogu; eta ez bakotxak bere aldetik, guztiok batera baino. Parrokian asanblada edo batzarrak egin behar doguz, galdetegi edo inkestak, mahai-inguruak, galderak egin eta erantzunak jaso, eta abar. Gaurkotu esaten jako honi.

Bai: asko eta asko zaharrak zaree, eta ez zaree gauza horretarako. Baina hau egiteko gauza zareen beste asko eta asko zagoze. Ez zaiteze ezkutatu gauza ez diranen ostean. Ebanjelioaganako zintzotasuna bilatzen dogu? Jarri gaitezan lanean.

 a) Emon daigun izena, prest gagozala azalduz

 b) Hartu daigun esku eleiz batzarretan, eta agertu daiguzan gure kezkak, eta ze urtenbide ikusten deutsegun;

 d) Irakurri daiguzan emoten jakuzan paperak, eta beteta bihurtu daiguzan;

 e) Ahalegindu gaitezan norbere ohitura eta betekerietatik urteten eta alkarregaz eleiz alkarte egiten;

 f) Eta, aurkitu geikezan arazoak norbere arazo lez hartu daiguzan, urtenbideak bilatzen ahalegintzeraino.

 Eta pausoka-pausoka, luzarora barik, barriztatuta ikusiko geuke parrokia, eta geu parrokia honetan. Jarri gaitezan Jesusen Espirituaren esku.


 

OTOITZA

Gure agintari edo gidarien aurkako
zure zemaian, Jainko ona,
geure buruak ere zemaituta ikusten doguz,
sarriegitan erosoegiak garalako.

Eragin eiguzu gaurko egunei usain hartzen,
komodidadetik urteten
eta gaurko erantzunak bilatzen,
gugandik itxaroten dozuna izan gaitezan:

gaurko eta hemengo eleiz alkarte,
bere buruaz baino gehiago
behartsuez arduratzen dan senitarte.