URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Jainkoak pobreak, ezeukiak, baztertuak, txikiak… ditu maiteen; hareen oihua, garrasia eta otoitza entzun egiten dau, eta euren ondoan dago, babesle.
Guzurra dirudi! Jainkoak gura dauan eta gogoko dauan gauzea ete da pobrezia, jasapena, bazterkuntza eta hondamena? Zer egiten dau egoera horretan dagozanen alde, handik askatzeko, salbatzeko?
Esan geike, senideok, guzurra saltzen dihardugula, olgetan gabizala, berba-lapikoak garala, hareen alde ezertxo ere egin barik.
Txarkeriaren misterioaren aurrean gagoz, senideok, gizakiaren askatasunaren misterioaren aurrean, Jainkoak gizakiaren zoriona gura izan arren, ez dau ezer egiten ha sufritzen ikusten dauanean, eta ez ezikusia egiten daualako, ezer ezin daikelako baino: Jainkoak aintzat hartzen dauz bai Izadiaren izaerea eta baita Gizakiaren askatasuna ere; eta dei egingo dau alkartasunera, laguntzara, komuninora…, baina inor eta ezer behartu barik. Geure lana da, ba, txarkeria gainditzea; hantxe dago Jainkoa sufritzen dagoanagaz, lagundu leikionari deika, alkarrentzat egin gaitulako. Baina gizakiok ez-entzun, ez-ikusi egin geike, edo sufrimendua handiagotu ere bai… eta Jainkoa bera da, esan geike, sufritzen dauanagaz batera sufritzen dauana. Zelan ulertu hau?
Antxinatik ikusten dau sinistunak Jainkoak ezin dauala bertan behera itzi pobrea, zoritxarrean dagoana, eta haren ondoan dagoala autortzen dau, entzun egiten dauala haren otoitza. Gure ikuspegi eta begirada laburrak, motxak, geure bizitzaldia baino ez ikusteak ez deusku izten misterio horretan sartzen.
Ebanjelioko farisear eta Herodesen aldekoak doguz horren eredu. Baina Jesusek emoten deutsen erantzunak badinosku harutzago begiratu geikela, ezin geintekezela geratu geure zoriaz baino ez arduratzean; Jainkoa maitatzeak berez garoazala hurkoagana, haretaz arduratzera, haregaz bat egitera… horixe dalako Jainkoak egiten dauana.
Zer behar ete dogu, senideok, horretara heltzeko? Paulo apostoluak Tesalonikarrengan goraltzen dauana: sinismena. Ez da, gero, buruan dagoan, eta egia batzui lotzen jaken ezer, ez; sinismena eraginkorra da, eta emoten dauzan frutuak onuragarriak dira, onartuak, txalotuak… Horrexegaitik dira hain ezagutuak Tesalonikarrak euren inguruan.
Senideok: Jesusek ebanjelioan esan deuskunari jarraitzeko, eskatu daigun sinismen eraginkorrra, senideagana garoazan jainko-zaletasuna, ingurukoentzat ezagun eta esanguratsu izan gaitezala danok jakin daigun pobrearen eta behartsuaren ondoan egoten, haren beharrizana arintzen eta gizarte alkartuago baten alde ekiten.
Ahalegindu gaitezan eleiz alkarte irekia egiten, kanpora begira dagoana, behartsuari leku egiten deutsona, jainko-poza zabaltzen dauana… Hainbeste gauza aldatu behar doguz gure bizikeran, gure eleiztartasunean. Eta Eleizbarrutiatik dei egiten jaku diszernimentu (edo bereizketa) urte honetan hainbeste gauza aztertzera, eta ebanjelio-bideetan jartera.
Gaurko eta hemengoxe kristau izan behar dogu, konplexu bakoak, baina konzientziadunak, erakargarriak eta behartsuaren ondoan egoten dakienak. Jainkoa maitatzeak hurkoa maitatzera garoaz. Eraginkorra izango da gure sinismena geuretik urten eta senideagana heltzen badakigu. Eskatu daigun grazia hau gure otoitzaldian.