URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: itaun bategaz hasi geike gaurko hausnarketa hau liturgiak eskeini deuskuzan irakurgaiak entzun ondoren; eta Paulok Tesalonikarrei egindako idazki horretan oinarrituko gara: emoten doguz eskerrak sinistunak garalako? Eskertzen dogu sinismena? Ala nahiago izango geuke sinisgabe izatea? Zer emoten edo eskuratzen deusku sinismenak? Ez ete gaitu betebeharrez, eginbeharrez eta debekuz beteten? Ez ete dogu inoiz pentsatu sinisgabeak edo Jainkoa baztertu dabenak gu baino libreagoak dirala, askeago bizi dirala, hareen ondoan gu ahulak garala edo ume emoten dogula?
Kristau aldietako lehenengo idazki honetan, senideok, Paulok zera esan deutse Tesalonikako kristauei: etenbarik emoten deutsoazala Jainkoari eskerrak sinistu dabelako; eta eskerrak emoten dauzala tesalonikarren sinismena eraginkorra dalako, frutu-emoilea…
Gure azken urteotako joan-etorriari begiratuz, senideok, eskerrak emongo geuskioz Jainkoari gure sinismenagaitik? Eleizak eta eleizkizunak hustu egin doguz; eleizkizunetan, gehienbat, zaharrak baino ez gara agertzen; sinistun garala esaten ere ez gara ausartzen; bakotxaren beraren gauza lez daukagu eta bizi dogu sinismena, alkartzen ere ez dakigula, bakotxa beretxoan zarratuta lez.
Elizbarrutia kezkati agertzen jaku eta otoitzera, burua altxatzera, begiak zabaltzera, alkartzera eta aldiei behar dan lez erantzutera deitzen gaitu… gure aldetik erantzunik hartzen ez dauala. Senideok: eskertzekoa da gure sinismena? Baietz esango dozue, behar bada; baina, zer agertzen dogu?
Krisialdiak onak izaten ei dira esnatzeko, akordatzeko, itxartzeko…, eta baita alkartzeko eta lanerako prestatzeko ere. Berez txarra litzatekenetik, atara daitekela gauza onik esan gura dau horrek. Lehenengo irakurgaiak inondik inora pentsatu ere ezinekoa, esan ere egin dauan lez: atzerritar errege bat Jaunak aukeratu eta gantzutu egiten dauala, bere herriaren salbatzaile lez. Holangorik! Ba, bardin esan behar izango geuke krisiaz ere: ondo etorria izan daitela esnatzeko balio badeusku, gure bakotxakerietatik ataraten bagaitu; kontsumista baino ez izatetik, lanera, Eleiza eraikitzera eta behartsuaren ondoan egotera bagaroaz.
Bai, senideok: Ezin ibili geintekez eztabaidan ea zergak ordaindu behar diran ala ez. Bakotxak daroagu Jainkoaren irudia, bere seme-alaba garalako, eta haren aurrean badaukaguz betebeharrak, handi egiten gaituen eta aintzaltzen gaituen betebeharrak: gizarte zuzenagoa eraikitzea, bakeari bideak zabaltzea, alkartasuna gauzatzea, eta behartsua mahaian jesarriazotea.
Horixe da Eleiza lez daukagun eginbeharra. Eta honi gaurko aurpegia emon behar jako. Eta honi ezin deutsagu uko egin zaharrak garala, edo ezjakinak garala, edo berandu dala argudiatuz. Gure elizkizunek beste itxura bat hartu behar dabe, beste bizitasun bat, alaiagoa, eskuhartzaileagoa… hareetan alkartzen diranek beterik urten daien, eta inguruan Jainkoaren poza zabaltzeko gauza izan daitezan. Eukaristian edo Ospakizunean iragarten dan Hitzak gure bizitza eta arazoak argitu egin behar ditu: ezin esan geike Liturgia gauza ederra dala, baina egunerokoagaz zer ikusirik ez dauan gauzea, ha beste gauza bat dala-ta.
Gure sinismena eskertuko badeutsogu Jainkoari, senideok, alkarren ardurea hartu behar dogu, alkar adoretu, Jainkoaren berbeari leku egin eta berak argitu gaizala eskatu, eta haren argitasunaz, edertasunaz eta itxaropenaz ingurua argitu, edertu eta itxaropenean bizi izatera bultzatu. Urten daigun, ba, lozorrotik, tristuratik, atxakiak jartetik, eta bizi izan daigun Ebanjelioaren alaitasuna.