URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Jesusek Jainkoaren izaerearen barri emon gura deusku. Liturgi urtean zehar, aurreko domeketan, mahastiaren irudipean, Jainkoaren guganako arduren barri emon badeusku, eta gure arduragabekeria aurpegiratu badeusku, gaurkoan Jainkoak bere seme-alabok pozik eta jai-giroan gura gaitula esan deusku. Baina, beti lez, seme-alabok esker txarrez erantzuten deutsagu. Zein bihurriak garan, gero, e?
Zelan izan daiteke hori, senideok? Zelan ulertu daiteke, Jainkoari deiez, erreguka, otoitzean dihardugunok ez dogula aintzat hartzen haren “Semearen eztegu-mahaia”?
Ezteguak irudi lez, etxekoen, senitartekoen, lagunen hartu-emon estuen poza eta zoriona adierazten dau. Danok amestu dogu txikitan ezteguan egotea, hango mahaikadeaz, barritxuez, pozaz, jai-giroaz, doinu ta dantzaz eta abarrez atsegin hartzeko. Eta Jesusek ezteguak darabilz irudi Jainkoak gutaz nahi dauanaren barri emoteko: bere inguruan nahi gaitu seme-alaba guztiok bardintasunean, alkartasunean, atsekabe guztiak gainditurik… zoriontsu. Zergaitik bazterreratzen dogu haren deia? Ulertzekoa da dei horri uko egitea? Bai, antza.
Antxinatik euken erabilita profetek (entzun dogu Isaiasen irakurgaia) otordu paregabearen irudia. Horixe da Jainkoaren guraria. Baina oztopoak aurkitzen dauz. Geuk, gizakiok, jarten deutsaguz oztopoak Jainkoaren gurari horri: ez doguz aurkitu gura mahai beratan gure arerioak, edo onartu ez gaituenak, edo gu baino gitxiago diranak, edo eurekaz zer ikusirik euki ez dogunak, edo beste arraza, kolore, erlijio edo sexu jokabide batekoak… Behar bada, ezin autortu geike ni ez besteak Jainkoaren seme-alaba diranik.
Zer eskatzen dau honek, senideok? Gure ustez Jainkoak besteak aldatu daizala, eta geure antzeko edo geure pareko bihurtu daizala… Jesusek guztiz kontrako jarrerea eskatuko deusku: besteok Jainkoaren seme-alaba lez hartu daidazala. Eta, ezinezko bajat, hasi naitela aldatzen, eurenganatzen, hartu-emonetan… besteok nire bihotzean, Jainkoarenean lez, leku izan daien. Ez dabe eurek ezertan aldatu behar. Neuk aldatu behar dot. Eta, Jainkoaren bila hasten banaz, berak egingo deust argi eta ezagutuko dot hobeto neure barrua, eta baita neure ingurua eta geidea (edo lagun hurkoa) ere…
Eleizara, otoitzera, liturgiara eta sakramentuetara hurreratzen garanoi, senideok, zer pentsa emon behar deusku Jesusek parabolan hain gogor salatzen dauan eztegu jantzi bakoaren isiltasunak. Isiltasun horretan geu egon geintekez (ez ete gagoz?), eleizkizunetan lasaitasunez esku hartzen dogulako, baina berak nahi izango leuken jantzi barik egonik, eta zer erantzun ez dakigula, behar bada…
Ustez deituak izateko eskubidea edo duintasuna ebenek deiari uko egin eutsoen, atxaki paregabeak aurkeztuta. Horrek ez eban atzera bota ezteguetarako deia egin eutsen Jauna; lehenengoen atzetik beste batzuk etorri daitekez, eta euren bila urteten dau bide-kurutzeetara… Ez ete da horixe Frantzisko aitasantuak behin eta barriro eskatzen deuskuna, bide bazterretara abiatu gaitezala eskatzen deuskunean?
Baina guk lehengotan jarraitzen dogu, bildurrez, horrek zer esan gura dauan ez dakigula atxakiatuz, gure elizkizunen ordutegiaz, fruturik emoten ez daben katekesi saio eta ezkontza-aurre edo bateo-aurre topaketez, eta beti-betiko hileta eleizkizunak egiten…
Senideok: danok kezkatu behar gaitu parabolako eztegu-jantzi bako haren isiltasunak. Gure isiltasunetik atara egin behar gaitu Jainkoak, bere seme-alaba guztiak gura dauzala bere Semearen ezteguetan aldarrikatzeko eta hori gauzatzearen alde lan egiteko.