URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Hunkigarria benetan mahastiaren abestia. Zelango sentipenez egina! Igarten da haren ardura handia daukana! Zaindu dau mahastia ahalik eta ondoen; itxaron dau fruturik… eta, zer emon deutso? Sasi-mahatsa!
Eta zein errez epaitzen dogun holango egoerea: erre eta kiskali egingo geuke holango lur-saila, holango mahastia… Baina mahasti hori geu garanaren irudi dala konturatzen garanean… Hori beste gauza bat da!
Argi izten deusku hori ebanjelioak, baina ez gara larregirik konturatzen: beteten doguz guk gure betebeharrak. Horixe uste dogu, behintzat. Eta ez gara txarrak: badago gu baino txarragorik. Eta errezatzen dogu euren alde, eta eurekaitik. Eta emoten dogu behartsuei laguntzeko ere… Beste zer egin geike, ba? Gitxi al da egiten dogun guzti hau?
Holan pentsatu ezkero, ezin ulertu geike gaurko egoerea, senideok. Gurea ez da gutariko bakotxarengan amaitzen; besteen ardurea ere hartu behar dogu. Eta besteon artean Eleizea ere badago. Aspaldi danik gagoz beste dei batzuk entzuten: barrikuntzea, taldeetan esku hartzea, Bibliaren alkarregazko irakurketea, eleizkizunen barriztapena, bateratzearen beharra, parrokiek alkarregaz egiten dabezan eleizkizunak, eta abar. Baina holango deiek ez dauke erantzunik. Geuretxotik urtetea ezinezko jaku…
Gure Elizbarrutia, baina, deika daukagu, eta daukaguzan beharrizanen barri emon gura deusku, bakotxari berak daukana eskatuz… Daukagun abade-kopuruak ezin erantzun leie hainbeste mezari. Honi erantzun bat bilatu behar jako. Geure meza-ordutxotik urteteko gauza ez bagara, zelan izango gara gauza beste parroki batera joateko?, edo, meza ordez sinismenaren ospakizun bat eratzeko?, edo guztion artean, eta txandaka, salmoa abesteko, irakurteko, eta abar? Egoera barriak behar dauan barriztapen honek gure ohituretatik urtetea eskatzen dau, gidariak aurretik joan dakiguzala bideak eginez, zabalduz, eta abar.
Hortxe entzun behar izango geuke Jesusen parabolea, ez bakarrik eleiz arduradunok (geuk lehenengo ta behin, geuretzat da-ta), eleiztarrok ere bai baino, zeuentzat ere hartu zeikee-ta, ebanjelioaren iragarpena zeuon eginbeharra ere bada-ta; eta, zer esanik ere ez, Eleiza egitea…
Jainkoari zintzotasunez erantzun gura badeutsogu ezin geintekez konformatu egiten dogun guztiagaz —gitxi ez izan arren—. Aintzat hartzekoa da, zer esanik ere ez! Baina gaurko egoereari erantzuten ikasi behar dogu. Eta zahartzaroan! Gaurko egoereak geure ezjakinaren aurrean jarten gaitu, eta ez jaku gustatuko; jarrera barria eskatzen deusku, urtetea eskatzen deusku, ekintza barriak eskatzen deuskuz, uste osoa Jainkoagan baino ez jartea, beste eleiz alkarte batzuekaz jokatzea, eta bakotxaren dohaiak eta aberastasunak alkarbanantzea, eta abar, eta abar luze bat. Eta ez jaku errez egingo.
Horrexegaitik hitzaldietarako, alkarregazko aparteko eleizkizunetarako, erretiroetarako, eta beste hainbat ekintzatarako deiak… Ezin geikeoe entzun-gor egin. Horrek alkar adoregetu egiten gaitu. Erantzun bete-betekoa emongo bageutse, alkar adoretuko geuke.
Geu gara, senideok, Jainkoaren herri lez, haren mahastia. Ondo zaindu gaitu, ondo babesten gaitu… Ze frutu emoten dogu? Zelan emon geikez frutu arduratsuak, gaurkoak?... Hausnartu daigun, ba, ea zelan erantzun gura deutsagun mahasti jabeari.