26 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Senideok: entzun dogun Jainkoaren berbeak geure bizitzearen aurrean jarten gaitu. Zer egin gura dogu gure bizitzeaz? Zelan ulertu gura dogu? Antxinako eskolakook, behar bada, geure arimea salbatu behar dogula uste izango dogu, eta Jainkoak onak saritu eta gaiztoak gaitzetsi (edo kondenatu) egiten dauzala uste izango dogu, beste barik; eta heriotza unean beragaz bakean aurkitu gaizala eskatuko dogu…

Eskola barrikoek —esango geuke— gizakiaren zoria Jainkoaren esku izten dabe, eta haren errukian dabe uste on; ezer gutxi egin geikela gizakiok gure salbamena lortzeko edo hondamena saihesteko, uste dabe. Eta Jainkoari egunerokotasunean zelan eskuzabalez erantzun bilatuko dabe bizitzea eskertzeko eta Jainkoak eurengandik itxaroten dauana emon ahal izateko, beti ere muga askogaz eta akats gehiagogaz…

Ezekiel profeteak lehenengo eskolea gogoratzen badeusku (Jainkoak onak saritu eta gaizkileak hondatu egiten dauz), Paulok bizi izateko arauak emon deuskuz: Kristo Jesus jarri deusku adibide eta eredu, eta haren beheratzea, senideen alde bizia emotea, jarri deusku eginkizun. Zelango aldea! Lehenengoan norbere buruari begira gagozela esan daiteke; bigarrenean, senideen onari begira…

Salmoak, egoera horretan otoitz egitera eroan gaitu: norbere mugak eta akatsak autortuz, Jainkoaren errukia aintzaltzera eta hari bere errukia ez daiala ahaztu eskatzera. Argi dauka, ba, salmolariak zelango hutsegileak garan, zelango makalak, eta nahita ere onik egin ezin geikenak…

Ebanjelioak argitu deuskuz barruan daroaguzan tira-birak… Behin baino sarriagotan nahi ez dogun erantzuna emoten dogu, eta ez gara gelditzen geure lehenengo berbeaz. Ona bilatzen dogu, eta lehenengo berbea ona izan ez bada ha zelan zuzendu geiken bilatzen dogu. Baina onean erantzun dogula uste badogu, behar bada ez dogu jakingo txarra autortzen, itxureagaitik, edo lotseagaitik, edo besteen zerresanagaitik…

Aukeratu beharra dago, senideok. Zer egin gura dogu geure biziaz? Azken unean salbatuak izatea bilatzen dogu, ala, azken unea usterik onenaz Jainkoaren esku itzi eta harek gugandik itxaroten dauana bilatu?

Egunero izango doguz oztopoak; eta geuk ere badaukaguz mugak, eta behin eta barriro jausiko gara nahi geukeana ezin lortu eta nahi ez geukeana eginda. Baina une guztietan bilatuko dogu Jainkoaren laguntzaz besteen onerako lan egitea: geure bizikerea beheratuz, kontsumoa murriztuz, ondasunak alkarbanatuz, sinismena alkarregaz lantzea eta ospatzea bilatuz, eta abar.

Bai, senideok: gure lehenengo erantzunak edo lehengo bizitza zaharrak ez gaitu bildurtu edo lotsatu behar. Aukera barriak emoten deuskuz Jainkoak. Hemendik aurrera… zelan erantzun gura deutset Jainkoak egiten deustazan deiei? Non entzun daikedaz deiok? Zelan alkarbanatu neikez? Eta otoitzean jarten naz horretarako, beti ere uste on osoa Jainkoagan jarriz eta inguruari adi.

 

OTOITZA 

Eskerrak emoten deutsuguz Aita Jainko
zuk behin eta barriro deitzen gaituzulako
zeure ondora
eta emoten deuskuzulako zeure barri,
erakusten deuskuzulako zeure bihotza
eta gugaz daukazun eroapena
eta guganako dozun errukia eta maitasuna.

Zelan ausartzen gara zure izena zikintzen,
edo gure mugak eta ezinak eta atsekabeak
zure jokabide oker lez haizeratzen!

Emoiguzu arreta eta apaltasuna
zugandik entzuten doguna ikasteko
eta senideen onean gauzatzeko,
haren aurrean gure burua beheratuz.

Jainko eta Errege bizi zara-ta
gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.