URTEAN ZEHARREKO XXV. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok, gaurko irakurgaiek gure jokabideak aztertzera garoez, eta zuzentzeko eskatzen deuskue. Zer uste dogu? Zuzendu beharrekoak dirala gure jokabideak ala gu baino okerragorik badagoala, eta lehengotan jarraitzeko asmoa dogu?
Lehenengo irakurgaian, Jainkoaren ahotik, nire jokabideak ez dira zuenak langoak entzun dogu. Eragin deusku horrek zirkinik ere? Ebanjelioko parabolako mahasti-jabearen jokabideak eta erantzunak zurtz eginda itzi gaitu, behar bada…, eta lehenengo orduko langileekaz lerrotu gara, ezta? Ez dogu ulertzen zelan bardindu leitekezan lehenengo urduko langileak eta ordubetez baino lan egin ez dabenak, ezta? Ezin dogu ulertu Pauloren kezkea ere: beretzat hobe litzatekela hiltea Kristorekin bat eginda egoteko; baina filipostarrek beharrezko dabenez, prest dagoala euren artean lanean jarduteko. Atxakiak baino ez dirala uste izango dogu, inork ez daualako hilterik nahi…
Aztertu daiguzan, ba, gure jokabideak, senideok; eta eskatu daigun adorea gure jokabideak egokitzeko bidean jarteko gauza izan gaitezan.
Maitale batek pentsatu ere egin barik emongo leuke bere bizia maiteagaitik; edo guraso batek guntzurrun bat bere umea hil ez daiten… Zergaitik ez dogu ulertuko orduan Pauloren jokabidea, edo Jainkoarena eta mahasti-jabearena? Maitasuna da abiapuntua. Hona, ba, galderea: gure jokabideak maitasunetikoak dira? Edo hobeto: bardinak dira gure jokabide guztiak, ala badago maitasunetikorik? Eta, zelangoak izan behar izango leukee senideekazko gure jokabideek: etekizun-zaleak ala maitasunetikoak?
Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren errukia eta parkaberatasuna azpimarratu deuskuz, eta bihurtzerako deia egin deusku. Seme-alabok aitaren antza euki gura badogu, ezin deutsagu uko egin dei honi. Eskatu daigun, ba, grazia hori: parkaberak izan gaitezala eta errukitsuak.
Eta aintzat hartu daigun parabolako mahasti-jabearen jokabidea: ez dau lanik egin barik, irabazbide barik, inor ikusi gura, eta dana-dalako orduan deituko dau. Erantzuten deutsonak bere saria izango dau; eta ez, egindako lanaren parekoa, mahasti-jabearen bihotzaren parekoa baino.
Gure zuzenbidea (edo justizia) bestelakoa da, ezta? Mugatuak, zekenak edo murritzak garalako izango da; maitaleak barik etekin-zaleak garalako… Ez ete dogu aldatu behar? Ez ete dogu bihurtzerik behar?
Behar bada, mezatara joateaz, inori txarrik ez egiteaz eta zeozertxo errezatzeaz konformatzen gara… Baina bizi doguzan aldiok ez ete deuskue gehitxoago eskatzen? Besterik ezin dabenak errespetatuz, gehiagorako ahalmena dogunok, ez ete dogu gaurko beharrizanei erantzuten ahalegindu behar? Horixe litzateke bere aldetik dana emoten deuskun Jainkoari eskuzabalez erantzutea.
Ikus daigun, ba, zenbat dei egiten jakun eleizan bertan edo bizi garan beste inguruetan, eta zelan erantzun geikeen deioi senitarte alkartuagoa gura dogulako, bakezaleagoa, behartsuagaz solidarioagoa…
OTOITZA
Eskerrik
asko, Jainko Jauna,
gugandik
hain hur agertzen zaiakuzalako,
gugaz
bihozbera, parkabera,
errukitsua
eta maitalea zaralako.
Gure
bihurrikeria aurpegiratu deuskuzu,
zure
bideak eta jokabideak
ez
dirala gureak langoak esan deuskuzu…
Aitaren
antz handiagoa
euki
gura dogun zure seme-alaboi, Jauna,
emoiguzuz
argitasuna eta adorea
eta
alkarri laguntzekoak izan gaitezala.
Jesukristo
gure Jaunaren bitartez.
—Amen.