URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Noiz eskatu dogu parkamena azkenengoz? Azalkeriazko parkamenak sarritan eskatzen doguz; baina, benetan? Uste dogu inoiz gure jokabide batek inor mindu daikenik, edo mindu leikela inor? Ez gaitezan usteetako mailan geratu; jatsi gaitezan eguneroko hartu-emonetara, eta autortu daigun: inori ezin geikeo ezelango kalterik egin, gure guraria ez dalako inori kalterik egitea… Baina, horrela izan arren, eta kalterik egiteko asmorik txikiena ere izan ez arren, ez dogu izten gure hartu-emonetan kalteturik? Hau ez da jakiten norberenetik, besteengandik baino. Eta hauxe autortu behar dogu: behin baino sarriagotan kaltetzen dogula senidea, eta inoiz edo noiz baino gehiagotan nahita, gure jokabidea onesten ahaleginduko bagara ere.
Senideok: maila handi edo goiko baten, guk, herrialde garatuok, egunero kaltetzen doguz herrialde pobretuak, gitxi garatuak: larregi kontsumitzen dogulako, hondakinak eta zaborrak eurei jaurtitzen deutseguzalako, eta euren ondasunetatik bidegabekeriaz —euren beharrizanez aprobetxatuz— lapurtzen deutsegulako. Ez ete daukagu parkamen eskatu beharrik? Halan dala-ta jarraitu ete geike?
Eta beste muturrean, geure eguneroko hartu-emonak daukaguz: zenbat haserre, zenbat bidegabekeria eta besteen egoereaz aprobetxatzea…
Ez daigun ez-ikusiarenik egin. Zabaldu daiguzan begiak. Eta ohartu gaitezan: guzti honetan bidegabekeriarik handiena albora begiratzea da, ez-ikusiarena egitea, eta norbere eskubideak eta norberetzako errespetua eskatzea geuk besteenak zapaltzen doguzan artean.
Jar gaitezan Jainkoari begira: haren maitasunetik sortuak gara, eta haren laguntzak ez deusku inoiz huts egiten. Eta zelan erantzuten deutsagu? Ez dogu sumatzen maite gaituanik. Ez dogu sumatzen gure erratuei eta ezinei edo gehiegikeriei ez-ikusia egiten deutsenik, parkamena barra-barra isurten deuskunik…
Honek hauxe besterik ez dau esan gura, senideok: gure mugak, gure ezinak eta erratuak, gure pekatuak, autortzen ez dakigula baino ez. Honen jakitun jarriko bagina, errez ulertuko geukez eta parkatu ere senidearen erratua, gehiegikeria edo gure aurkako kaltea.
Ezagutzen eta maitatzen gaitulako luzatzen deusku bere parkamena Jainkoak. Gatx egiten bajaku parkatzea, edo errez egiten bajaku senideari bere txarkeriak aurpegiratzea, maite ez dogulako ez ete da?
Senideok: parkamena maitasunagaz zer ikusia daukan gauzea da. Maitasunik agertzen ez dauanak ez dau autortuko inori min emoten deutsonik; ez dau parkamenik eskatu beharrik ikusiko, ez eta parkatu ere ez dau parkatuko.
Eta bidean goaz, maitasunak barik etekinik handiena lortzeak hartu daualako ardatz izatea gurean. Eta gero eta bihotz gogorrekoagoak eta barru bakoagoak gara eta besteekaz exijenteagoak. Ez ete dau merezi Jesusi entzuteak. Bultzakada handi bat hartu geike Paulo apostoluaren berbetatik: bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara. Berak egin gaizala maitale, parkatzaile eta bake-zale bizitza neurritsuan.
OTOITZA
Begira,
Jauna, gure barrurik ezari.
Begira
gure gogorkeriari.
Begira
gure haserre-giro eta gorroto-giroari.
Begira
gure diru-zalekeriari,
eta
senideaz aprobetxatu gura izateari.
Begira
gure barru ilunari,
ezaz,
guzurrez eta bikoizkeriaz
beterik
dagoanari.
Begira,
Jesus,
besteari
deutsagun gure bildurrari.
Eta
emoiguzu zure pobretasunetik edatea,
zure
argitasunetik gure eguna argitzea,
eta
Jainkoagan dozun uste onez blaitzea,
senidea
maitatu ahal izan daigun
eta
Parkamena gure arteko
sal-erosketetako
txanpon izan daiten.