23 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Senideok: guk ezagutzen dogun gizarte honetako lorpenik handienetarikoa (handiena ez bada giza-mailan, guri gizakioi geuri jagokunetik) gizabanakoaren lehentasuna da. Gizabanakoari bere errespetua dagokio, bere eskubideak dagokioz, bere duintasuna dagokio… eta beste hainbat gauzaren jabe da.

Lehen ez zan holan. Lehen familiari edo gizarteari edo alkarteari egokiozan onura guztiok, eta euretako kide lez gizabanakoari. Gaur ez. Eta lorpen hori dala-ta eskatzen doguz bakotxak gure eskubideak, edo errespetua, edo beste edozer. Baina, lorpen honek familia, gizartea, taldea edo ingurukoak ahaztera ez ete gaitu eroan, edo/eta gizabanakoaren lehentasunaren izenean besteak menperatzera edo ezabatzera edo kontuan ere ez hartzera? Behar bada. Gaur gatx egiten jaku norberaren gogoko ez dan ezer onartzea, betetea edo egitea, e.a. Ez dogu inork edo ezerk behartu gaizan onartzen; geu gara nagusi eta geure buruaren jabe eta ahalmendun.

Zelan onartu ete geike, ba, Jainkoak Ezekieli dinotsona, edo ebanjelioan Jesusek Pedrori dinotsona (eta harengan ikasleei eta geuri ere)? Gure senidearen ardurea hartu daigula gura dau Jesusek, amak, gurasoek, bere/euren seme-alaben ardurea hartzen dauan (daben) lez.

Gaur, ordea, senideok, erakundeak sortu doguz horretarako: haurtzaindegiak (gure umeen ardurea hartu daien); zaharrentzako egoitzak (gure zaharren ardurea izan daien); ikastetxeak (gure seme-alabetaz arduratu daitezan); erietxeak (gaisoen ardurea izan daien); eta politikariak, aseguru-etxeak, epaileak eta eguraldi iragarleak… dana-dalakoaz arduratu daitezan… Eta guri horrei guztioi erantzukizuna eskatzea dagokigula uste dogu… horretarakoxe ordaintzen dogu-ta. Ordaintzeak, diruak… emoten al deusku ahalmen hori?

Jainkoak, ordea, beste gauza bat gura dau guretzat: alkarren arduraz bizi izan gaitezela. Zelan errespetatuko dogu alkar, zelan maitatuko dogu alkar, zelan parkatuko deutsaguz hutsak alkarri alkarren ardurarik ez badaukagu, edo ardura hori diruaren araberakoa bada?

Domeka honetako liturgiak gure arteko (senide arteko) hartu-emonak arautzen dauz, eta hauxe azpimarratu geike: Jainkoak alkarren ardurea izan daigula gura dau, eta Jesusek ardura hori alkarren makaltasunak, hutsegiteak eta gehiegikeriak gainditzen lagundu deiogula alkarri.

Badakigun gauzea da Jainkoa beste edozer-edonoren gainetik maitatu behar dogula, eta senidea geure burua maite dogun lez. Baina bururatu ere egiten ete jaku honetantxe agertu daitekela Jainkoaganako eta hurkoaganako dogun maitasuna: gure senidearen ardurea hartzean? Ba, gure artean, alkarren ardura horrek alkarri parkatzera eta alkar zuzentzera eroan behar izango gindukez.

Eta ez ete geuke gizarte arduratsuagoa, errukitsuagoa eta solidarioagoa egingo horrela? Baietz uste dot: nire gehiegikeriak senidea kaltetu daikela gogoan hartzeak neure bizikerea aldatzera eta gehiegikeriak murriztera eroango ninduke… Onartu daigun, ba, Jesusen irakatsia, eta ez gaitezan alkar zuzentzen lotsatu edo bildurtu, alkar errukian hartu baino. Eta onartu daiguzan baita, besteengandik jatorkuzan zuzenketak ere, eskerrik beroenaz, ahal dala.