URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Jesus bera aurrean erabili eben, barre egiten eutsoen, eta paretik kentzeraino heldu ziran orduko eleiztar eta jainkozaleak. Pedrok berak ere gogor egin eutson Maisuari, harek jarraitu behar eban bidetik desbideratzeko asmotan. Baina Jesusek, besteei ez lez, Pedrori handiak eta bi esan eutsozan. Irakatsi ete leigu koadro honek ezer gure sinismen-bizitzarako?
Begiratu deiogun gure barruari. Sinistuntzat daukagu geure burua? Zergaitik? Otoitz egiten dogulako? Juduek ere egiten eben otoitz. Eleizara gatozalako? Hareik ere joaten ziran. Jesusen inguruan alkartzen garalako? Eta Pedro ez, ala? Orduan? Ikus daigun ea mundu honetara, gure aldiotara, modetara, errezkerietara… egokituta ez gagozan, eta Jesusek jarraitu beharreko bidetik (bere jarraitzaile gura gaitula ez daigun ahaztu) urten ez ete dogun…
Jeremiasek bere barruko antsia eta negarra agertzen deutsoz Jainkoari, herriari —jainkobideak bertanbehera itzita, sasi-jainkoen gurtzara makurtu dan herriari— zoritxarrak iragarri behar deutsozala-ta. Hau dala-ta, nekatuta aurkitzen da, barre besterik egiten ez deutsoelako. Eta bere eginkizuna bertan-behera izteko zorian dago.
Zelan aurkitzen gara gu? Sendo gagoz gure sinismenean, landu egin dogulako eta indartu, hitzaldietara, erretiroetara, gogo-jardunetara, bizikidetzetara, bakarreko eta alkarregazko otoitzetara-eta joan garalako? Bai zera, senideok! Holangorik egiteko zoria gitxik euki dozue. Gehienak domeketako mezatxoaz konformatu zaree. Bai ala ez? Eta, behar bada, domeketako mezatxoaz ez dogu nahiko gaurko egoereari, bizikereari eta erronkei erantzuteko, hainbesteko aldakuntzak ikusi eta jasaten doguzalako.
Gu eleiztarrak eta mezatakoak izan arren, jarraitzen ete deuskue horretan gure seme-alabek, lobek…? Eta horrek zenbat kezka eta itaun sortuazo deuskuz gure buruan, bihotzean, bizikeran? Eta gehienok isilean daroagu, kurutze astun lez daroagu tatarrez, eta behin edo behin otoizgai bihurtzen dogu…
Nahiko ete da? Kendu paretik, Satanas —dinotso Jaunak bere lagun sutsu Pedrori, bere atzetik jarri daitela eskatuz, eta horretarako bere burua ukatu, bere kurutzea (hau da: ingurukoen irri eta barreak-eta) lepoan hartu, eta inguru horrek ulertuko ez dauan bizikerea hartuz: Jainkoaren gogokoa, hari zintzotasunez erantzuten deutsona.
Gure sinismena, ba, senideok, ez da Jainkoari eskatzen deutsaguna emoten deuskula —komeni bajaku— uste izatea; mundu honetara egokitzen ez dan bizikera bat bizi izatea baino: Jainkoagandik hartutako dohaiak besteengana igortzen dakiana, besteak errespetuz eta duintasunez hartzen dauzana, lotsaz eta ezkutuko lez barik pozez eta autorle lez bizi izatea…
Senideok: holango bizikerea landu egin behar da, garatu, alkarregaz ospatu… norbere hutsak eta saldukeriak salatzeraino. Holangoen eleiz alkarte bat eraiki daigun, ba, Jesusi zintzo izateko asmotan.