21 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA


Urtean zeharreko 21. domeka honetako irakurgaiak aztertzerakoan, senideok, gizarte mailan darabilguzan hainbat kezka eta arazo etorri jataz burura. Euretariko bat hauxe: agintea dauanak ez dau inoren esku itzi nahi izaten bere agintea. Politika mailan ere salakuntza hauxe entzuten da: ez dauala inork bere ukapena aurkezten (dimisinoa). Aginteari gogor oratzen deutsagula esan gura dau honek.

Bai lehenengo irakurgaian eta baita ebanjelioan ere Jainkoak agintea inoren lepo jarri gura dauala ikusi dogu: Dabiden jauregiko giltzak jarriko deutsadaz lepoan (Eliakimi); eta Pedrori Jesusek: zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz

Paulok, horraitino, Jainkoaren erabagiak aztergaitzak dirala autortu deusku bere idazkian.

Itaun bat egiten deutsot, ba, neure buruari: merezi ete dau Jainkoaren erabagiak ezagutzeak eta ulertzeak, aztergatxak izan arren? Baietz erantzungo neuke neure jokabidea aldatu gura izan ezkero; bestela hortxe geratuko nintzateke, aztergatxak dirala esatean…

Gaurko liturgiak mahairatzen deuskun Jainkoaren erabagi honetan murgildu ezkero (agintea inoren esku edo lepo iztea, hain zuzen), hainbat ondorio atarako geukez gure eguneroko bizitzarako.

Agintea inoren esku izteko, harengan ustea izan behar da, konfiantzea. Jainkoak gugan konfiantzea dauala esan geike, ba. Gauza ederra, ezta? Eta zein gatx egiten jakun guri beste inorengan ustea izatea!, batez ere gure agintea inoren esku izteko bada…

Jainkoak aparteko ahalmenik-edo ez deusku eskatzen, gainera: bera autortzea baino ez; beraganako zintzotasunean bizi izatea.

Eta baita gure ustekerietatik urtetea ere, berari adi-adi entzunez.

Eleizaratuko bagendu hau… Izan behar ete dau Eleizeak usterik bere seme-alabengan? Eta emakumeagan? Eta damututa bihurtzen danarengan? Ba, sarritan geu, behe mailakook, izaten gara gogorren egiten dogunak, geure ezjakinean, bildurtiagoak garalako.

Eta geure etxeetara ere eroango bagendu? Senar-emazteen artean alkarrenganako ustea galtzen danean? Edo lagun-artean horixe berori gertatzen danean? Edo maite dogunak huts egin deustanean, edo maite dodanari huts egin deutsadanean?...

Gure bildurrak uxatzeko, ba, besteagan uste ona izateko, ba, jo daigun Jesusengana, entzun deiogun adi-adi; hartu daigun beragandiko uste ona, eta sumatu daigun bere Espiritua gugan jarduten. Eta atara daiguzan uste onezko ondorioak. Otoitzean, batez ere alkarregazkoan, aurkituko dogu iturria…