URTEAN ZEHARREKO XX. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Geurea da Jaungoikoa, elizara gatozanona, sakramentuez markatuta gagozanona, otoitz egiten dogunona? Jainkoa ez da eleizatik, sakramentuak ospatzetik edo otoitzetik aldenduta dagozanena?
Gaurko liturgiak judeguen —eta batez ere Jesusen— aldietan egoan kezka bati erantzun gura deutso. Jesusen jarraitzaileak laster aurkituko ziran kezka horregaz, orduko Legean, edo Jauretxean, edo Sinagogetan… ez ebelako eurentzako lekurik aurkitzen. Baztertuta ete daukaz, ba, Jainkoak?
Zer deritzogu, senideok: baztertuta daukaz Jainkoak bateatu barik dagozan umeak, edo ezkondu barik maitasunean bizi diran bikoteak, edo otoitz egiten ez dakien gizakiak…?
Urrunegi joan barik, senideok, lehenengo irakurgaian Jainkoaren unibertsaltasuna erakutsi deusku profeteak, Israel izango bada ere herrialde guztien ardatz edo erdigune. Eta horretarako baldintza ez da izango ezelango lege-betekizunik, zintzotasuna baino, zuzenbidea: Jainkoaganako zintzotasuna, sinideenganakoan luzatzen edo gauzatzen dana.
Jainkoagazko hartu-emonetan, eta haregazko zintzotasunean, aparteko esangurea dau beharrizanak. Beharrizanik ez daukagunean lasai egoten gara geurean, ezeren ardura barik, kezka barik, eta besteen beharrizanek eta kezkek ez gaiezela zirikatu gura izaten dogu.
Zein ederto deskribatzen dauan Mateok gaur irakurri dogun ebanjelio txatal honetan: erbesteko emakumearen oihuei Jesusek ez deutse erantzun gura, entzun-gor egiten deutse… eta ikasleen ardurarik eza nabarmentzen da era batera: emoiozu eskatzen dauana eta doala! Itzi gaizala baketan…
Ez da hori Jesusek nahi dauana, behartsuaren egoerea aditua izan daitela baino; gure txikikeria eta ustekeria guztiak azaleratu daitezela baino: ez dago ondo umeen ogia txakurkumei botatea… Zenbat holango uste izaten dogun.
Ondo gagoz, senideok, guk hainbeste meza euki eta eliz alkarte asko meza barik dagozanean? Gu mezetan hain geldoak agertzen garanean? Orain arteko lez jarraitu daigula, horretarako kanpoko abadeak ekarri behar badira ere ekarri eta kitto dinogunean?
Bide horretan zehar hau heriotzara doa, eta Jainkoak erbestekoengandik egingo dau beste herri bat. Honek kezkatu egin behar gaitu, senideok: eta lanean hasi behar dogu.
Gure eleiz alkarteek arduratsuago jokatu behar dabe; kontsumista huts izatetik urten eta sormendunak (kreatiboak) izatera heldu behar dogu, eta Jainkoaganako zintzotasuna bilatu behar dogu, senideenganako begiramenera garoazan zintzotasuna.
Gaurko munduak eskatzen dauan gaurko eleizea eraikitzera eroan behar gaitu honek, eta gure elizkizunetan dauka asmo honek bere oinarri hartu beharra. Arduraz bizi izan daiguzan.
OTOITZA
Itxurak eta kanpo aldea
ondo zaindu izan doguzan
zure seme-alabok, Jauna,
eskean gaukazuz,
gugandik zer itxaroten dozun ikusi
ondoren.
Emoiguzu axalkeriatik urtetea,
eta honetan eredu izatea
gure ingurukoentzat ere.
Horixe izan daitela
zuri egiten deutsugun eskeintza
garbia.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.