Urtean Zeharreko XIX. domekea /A
HITZALDIA
Senideok: zenbat bider entzun dogu Jainkoak jarten deuskuzan “probak” dirala bizitzan zehar aurkitzen doguzan oztopoak eta eragozpenak? Holan ete da? Olgetan ete dabil Jainkoa gugaz?
Gaurko Liturgia honetako lehenengo irakurgaian Elias profetea babes bila ikusten dogu, bere herrikoek aurrean darabile-eta, hil egin gura dabe-eta. Eta non aurkituko dau Jainkoa, bere benetako babesa? Banan-banan deusezten dauz Jainkoaganako Israelek daukazan usteak: ahaltsua da Jainkoa?; bere ahalmena arerioak birrintzen erakusten dau?; gure ondoan dagoenik nabarmentzen dau?... Haize fin eta igarri ere egiten ez danean aurkitzen dau Jainkoa Eliasek. Zeozer esan gura deusku horrela.
Ebanjelioan Jesusek besteenganako agertzen dauan ardurea (jendeari jaten emotea, gaisoak osatzea, ikasleak bialtzea…) Jainkoagazko hartu-emon luzean osotuko dau, gaueko orduetako otoitzean. Ba ete dago besteetaz arduratzerik otoitzetik igaro barik? Besteen aldeko garrasiak eta agerraldiak-eta egingo doguz. Baina, emoten ete dogu euren alde geure bizia, eta ba gagoz prest geuretik ezer galtzeko euren alde?
Begiratu deiegun gure eleiz alkarteei, geureari behinik-behin… Ze itxaropen edo poz emoten deusku han aurkitu geiken motelkeriak, arduragabekeriak eta betekeria hutsak? Ez ete dogu geure aldetik zeozer jarri behar, geure esku dauantxoa besteen alde jarteko, eta alkartea danona eta danon ardurapekoa dala adierazoteko?
Zaharregiak garala ezertarako? Ez, senideok. Ez gara zaharregiak beti-betiko lekuan jarri beharrean, hobeto entzun daikedan lekuan jarteko, edo otoitzei erantzuteko, edo egiten diran zerbitzuak eskertzeko, edo norberak ezin dauana beste batek egin daian ha adoretzeko… Zenbat gauza egin geikezan, senideok, eleiz alkarte dinamiko bat eraikitzeko, eta han alkarren ardurea eta laguntza nabaritu daitezan.
Jesusek otoitzera joten eban…, baina ez Aitari errekaduak emoteko, harengandiko adorea sumatuz besteen alde jarteko baino. Olatuek astinduta dagozela ikasleak? Hantxe agertuko jake, mamutzat hartzen dadabe ere, bildurrak kentzen, adoretzen… ez berea babesten.
Zenbat eleiz alkarte dagoz meza barik, edo ospakizuna egiteko gauza ez dirala? Ez ete dogu honetan argibiderik behar, daukaguzan aberastasunak alkarbanatu behar eta alkar adoretu behar? Hasi gaitezan ardureaz kargutzen. Jo daigun otoitzera, eta ez deiogun Jainkoari errekadurik emon lanera bialdu gaizala eskatu baino.
OTOITZA
Jesus Jauna:
handia da gizakionganako
agertzen dozun ardurea, eta
erakusten deuskuzun otoitzaren
indarra.
Ez gaizuz itzi etsipenean jausten;
adoretu gaizuz oztopoei aurre
egiteko,
eta emoiguzu, horretarako,
otoitzaren barru-barruko egarria,
holan beti sumatu ahal izan daigun
Jainkoa
geure ondo-ondoan gu adoretzen.
—Amen.