18 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Berbea… haizeak daroa. Hori berbako gizona da… Gaur egun berbeak ez dau balio; hemen egintzak behar dira, berbak soberan dagoz… Gizakia ez da ogi hutsez bizi, Jainkoaren ahotiko berbaz baino. Zeri egin geikeo jaramon, senideok, holangoak entzuterakoan? Eleiz inguruan, liturgian, berbea baino ez darabilgu. Badogu berbea ezertarako? Irudi batek mila berbak baino gehiago balio dauala uste dogu?

Ba, aurreko domeketan Jesusen ahotik parabolak entzun ondoren, oraingoan, Jesus, osatzen eta jaten emoten ikusten dogu; baina ez edozelan, berbearen ondorioz baino. Jesusi entzuteko inguratzen jako jentea; ez da jateaz arduratzen; jendeak entzun egin gura deutso Jesusi, eta bere buruaz ere ahaztu egiten da…

Batzuen ustez kezkagarria da jendeak Jesusi jarraitzea: ikasleak arduratuta dagoz harei zer emonik ez daukelako. Jesusek berbea emoten deutse, eta osakuntza. Jakia… atarako da dagoan lekutik, larregi ere ba dago-eta. «Emon zeuek jaten» —dinotse Jesusek. «Ez daukaguz bost ogi eta arrain bi baino». «Ekarri neuri». Eta bedeinkapen otoitza egin, jende-taldeari jesarriazo eta… danentzako lain dago. Ez dagoela nahiko jatekorik? Larregi ere ba dago: hamabi otzarakada batzen dabez hondakinez.

Senideok: bakotxa beretzako egiten ahalegintzen bagara, eta, badaezpada (nork daki, ba, bihar zer izango dan…) behar dana baino gehiago pilatzen badogu… besteentzat ez dogu izten, eta pilatu dogunetik asko alperrik galdu egingo dogu. Zer itziko dogu seme-alabentzat, edo lobentzat? Gure gehiegikeriek bazterrak hondatuta daukez; beharrizanak gehitu egin dira; eta haserrea eta guduak sortuazo doguz… Hori ete da gura dogun mundua?

Jesusek, bere berbeaz, gure barrua ikutu deigula behar dogu. «Zeuek emon jaten» entzun behar deutsagu; eta gitxi dala uste dogun hori, ondo banandu ezkero, danentzako lain dala ikusiko dogu: soberan eukiko dogu.

Gure Eleiz egoeran, senideok, geuk ere ikasleen kezkea daukagu: ez dago behar beste abaderik eta ezin geike mezarik ospatu… Jesusen berbak gogoan izanik, hareik jesarri ziran lez geu ere alkartuko bagina, alde batetik danentzako beste abade eukiko geuke; beste alde batetik, alkar berotuko geuke; beste batetik alkartasun ezaugarri izango ginateke; eta, azkenik —larregi ez luzatzearren— daukaguzan ondasunak alkarren artean banantzen jakingo geuke. Baina… zer gertatzen da? Jesusi entzuteko barik beste zeozertarako hurreratzen garala. Hau aztertuko bagendu…

Gure Elizbarrutiak Ebanjelizatze 6. Egitasmoan sartu gura gaitu. Gure sinismen eta eleiz oinarriak aztertu gura dauz, gure indarrak eta aberastasunak neurtu eta alkarbanatzera bultzatu. Baina beharrezko dogu horretarako Jainkoaren berbeaz eta Jesus, berba haragituaz, maitemintzea; «zeuek emon jaten» entzutea.

Adi, ba, senideok. Egin daigun ihes gehiegikeriatik, daukaguna alperrik galtzetik; eta jo daigun daukaguna neurriz erabiltera eta alkarbanantzera. Entzun daigun horretarako Jainkoaren berbea, ebanjelioa; eta eskatu daigun berak osatu daizala gure norberekeriak, harrokeriak, handigureak eta bildur guztiak, Jainkoaren seme-alaba libre eta neurritsuak izan gaitezan, besteen beharrizanei erantzuten dakien senideak.