17 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XVII. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Zelan amesten dogun Solomonen jakituria, argitasuna, eskuzabaltasuna, ezta? Eta gehiago, behar bada, Jainkoaren beraren txaloak jaso izatea eta harek egiten deutson agintzaria edo promesa…

Baina gu…, adinean aurrera, eta ardurarik hartzeko gogo barik, edo ahalmenik barik… gu… zertarako gura gaitu Jainkoak edo hemen beste inork?

Holantxe egon geintekez, senideok, lur-jota, edo etsipenean, edo bueltan. Baina ez da hori Jesusen jarraitzaile baten bizitzan onartu daiteken gauzea. Ez horixe! Lur-jota, etsipenean, itxaropenik barik eta horrela bagagoz… gogoratu ebanjelioa… hortxe berton dogun altxorra aurkitu ez dogulako izango da, eta, bildurrez, lehengo aberastasunak eta eurekaz batera gaurkoak, eta beste ahal lirateken danak ere zaindu-ezinda gagozelako izango da. Eta ezin dogu horrenbeste ondasun pilatu, edo zaindu…, alperrik galduko jakuz-eta.

Salomonen benetako altxorra Jainkoagandik eskuratutako ardureari ahalik eta zentzurik handienaz erantzutea zan. Haren antzeko izan geintekez bizitzeak eskatzen deuskunari erantzuten bagenki. Salomonek egin eban otoitza egin geike geuk ere egunero: Jauna, egun honek dakarstan ardureari erantzun deiodala nigandik zeuk itxaroten dozun lez. Zeugan dot ustea. Ez deutsogu osasunik, ez aberastasunik ez inorentzako ezer eskatzen, Jainkoak berak gure esku izten dauanari erantzuten jakitea baino.

Eta hementxe dago altxorrik handiena: guk sinisten dogun Jesukristok gauzatu eban hau bere bizitzan, eta irakatsi deusku egin bedi zure nahia eskatzen. Hartzen dogu aintzat, senideok, Jesu Kristogan sinistea? Bilatzen dogu egunero haregaz bat egitea, otoitzean, ebanjelioaren irakurketan eta han aurkitutakoa hausnartzen eta haren antzera bizi izaten?

Harengan sinisten dogulako alkartzen gara: hartu daigun aintzat gure alkarte hau, ahalik eta ondoen zerbituz eta zainduz. Berari esker entzuten dogu Jainkoaren Hitza; arretaz entzun daigun, geuretu, eta eskuzabalez erantzuten ahalegindu gaitezan; gure ahulezian, makaltasunean, haren haragia dogu janari: itxaropenik eta pozik handienaz hurreratu gaitezan Jaunartzera…

Eta horrela, zenbat gauza daukaguzan! Ba, benetan gure bizitzako altxor izan daitezala gura badogu, beste ardura eta kezka guztiak albo batera jaurti behar doguz… danengana ebanjelio-argitasuna isuriz. Hau da: Jesusen jokabideak irakatsi behar deusku, eta ez politikariek, edo sal-erosleek, zelan zaindu behar dogun etxea, ingurua, geure burua…, eta zelan esan behar deutsagun alkarri.

Hauxe bai, benetan, altxorra!: Jainkoari bildur barik, eta berak gugandik itxaroten dauan lez erantzun ahal izatea. Izan daitela hori gure eguneroko otoitz eta eskari.