URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: liturgia ospatzeak Jainkoagana hurreratzen gaitu eta ha ezagutzeko aukerea emoten deusku. Gainera, haren seme-alaba autortzen bagara, haren antzeko zelan izan geintekezan aurkitu geike. Badogu irudiren bat Jainkoaz; baina Jesusengandik eta Jainkoaren berbatik eraikia da, ala beste nonbaitetik emon jakuna? Bere garrantzia dau Jainkoaren irudi on bat, zuzen bat, ebanjelioan oinarritutako bat eukiteak, Jainkoaren izenean sarraskirik eta odoltsuenak ere egin diralako. Hori ete da Jainkoak gura dauana: bere izenean inor hiltea? Ez da hori gaurko irakurgaietan agertu jakuna, besterik baino. Hurreratu gaitezan euretara eta hartu daigun sakon arnasea Jesus Jaunak erakusten deuskun Jainkoagana hurreratuz.
Azpimarratu daigun Jakituriaren liburuak esan deuskun gauzatxo bat Jainkoagazko gure irudiak berrikusten eta aztertzen hasi beharra daukagula argi geratu dakigun: Jainkoak, ahaltsua dalako, dana dagikelako, itxaroten daki, damutzeko aukerea emoten dau, eta errukian agertzen dau bere handitasuna eta ahalmena. Geuk ere holan agertzen dogu gure ahalmena, ezta? Bai zera! Ez bakarrik arerioak eta etsaiak, norbere pentsakereaz beti bat etorri ez daitena ere ezabatu, birrindu eta paretik kendu egingo geukez, eta bat-batean egin ere, attoan.
Ba, Jainkoaren irudiko izan gura badogu, bera dogulako Aita, goazen ebanjelioan Jesusek emoten deuskuzan urratsetara. Ipuin bidez emon gura deutso aditzera Jesusek bere entzuleari Jainkoaren erreinua zelan ulertu behar dauan eta zein dan Jainkoaren jokabidea. Gure jokabidea argi izten dau morroien galderan: «Joango al gara galbedarra batzera?» Guk inoren txarra laster baten kenduko geuke; geurea ez dakigu ikusten; edo ikusten badogu estaltzen ahalegintzen gara, kentzea errez egiten ez jakulako-edo; baina besteena… ha bai, ha laster kenduko geuke.
Paulok bigarren irakurgaian, gizakiaren txarkeria dala-ta sufritzen dauan eta haren alde erreguka diharduan Jainkoaren barri emon deusku. Eta Jesusek, ebanjelioan, Jainkoak itxaroten dakila dinosku, aukerak emoten dauzala, bihurtzeko astia emoten… azkenera arte.
Jainkoa ez dau atsekabetzen txarra eta ona alkarregaz egoteak: biak dira beharrezko, antza. Guk geure ustezko txarra laster baten ezabatuko geuke; baina Jainkoak, apaltasunez —legaminak egiten dauan eran— barrutik apaztu gura dau, ongarritu ore guztia. Zein irudi ederrak darabilzan Jesusek Jainkoaren handitasuna eta ahalmena adierazoteko: legamina, ziape hazia… ia igarri ere ez da egiten gauza guztien eta gizaki guztion barruan doan Jainkoaren handitasuna, dana ongarritu daiken indarra. Horren barri emon gura deusku Jesusek; barrura begiratzen irakatsi gura deusku, zirt-edo-zart egitetik atara gura gaitu, eta astitsu eta itxaropentsu begiratzen eta jokatzen irakatsi gura deusku; eroapena biztu gura dau gugan.
Baina, makalak garalako-edo, uste onik ez dogulako-edo, bildur garalako-edo, geu langoak ez diranak paretik kentzea bilatzen dogu, geure ontasunaz eurak ontzera jo beharrean; edo euren ontasunetik gu hobeak izatea bilatu beharrean…
Gero eta gehiago hitz egiten da gure gizartean eta inguruetan aniztasunaz, ez daukagula danok bardinak izan beharrik… Era askotakoak eta alderdi askotan ezbardinak garalako. Eta, astiro bada ere, bagoaz ezbardinak ere onartzen, edo errespetatzen behintzat.
Zer esan gura dau honek: edozer dagoela ondo? Ez. Baina bai edozerk euki behar izango leukela bere lekua. Jainkoaren eginbeharra da, azken egunean, batzuk bere garautegirako batzea eta besteak sutarako pilatzea. Bitartean, haren seme-alaba bagara, danak errespetuz hartu behar izango doguz, eta geure ontasunetik emon behar izango deutsegu, apaltasunez, barru-barrutik, legaminaren erara.
Hurreratu gaitezan Jesusek iragarten deuskun Jainkoaren irudi honetara, eta baztertu daiguzan daukaguzan beste irudiak.
OTOITZA
Askotarikoak gara zure seme-alabok,
Jauna,
itxuran ez eze baita uste eta
jokabideetan ere bai;
eta, norberetzat errespetua eskatzen
dogun arren,
norbera langoa ez dana ezabatzen
ahalegintzen gara.
Zu, Jauna, ahaltsua zara eta dana
dagikezu,
eta izaki guztiak maite dozuz eta
errespetatzen,
eta pazientziaz dakizu itxaroten
desbideratzen danaren berbideratzea…
Emoidazuz, Jauna, apaltasuna eta
pazientzia
eta "bestelakoei"
entzuten jakitea,
zeure seme/alaba lez agertu naiten
danenganako errespetuz eta maitasunez.