15 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XV. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Senideok: Jainkoaren hitzaren aurrean jarten gaitu Urtean Zeharreko 15. domeka honetako liturgiak. Azken bolara honetan sarri aitatzen dogu Jainkoaren hitzak daukan garrantzia; Biblia-taldeak ere bultzatu doguz; Jainkoaren berbea bakarrean irakurtera adoretu ere bai; eta baita domekaz Jainkoaren berbearen inguruan alkartzea eskatu ere.

Baina… azken aldiotako gauzea dalako-edo, ez dau arrakasta handiegirik izan gure ahaleginak. Entzun-gor egiten ete dogu? Ez ete dogu ulertzen? Zaharregiak ete gara Jainkoaren hitzaren garrantziaz jabetzeko? Gogoan hartu daigun gure egoerea gaurko irakurgaien argitara, Jainkoari esker onez erantzun gura badeutsagu behintzat.

Esaldi gogortzat hartu behar izango geuke Jesusen hau: «Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak». Isaias profetearen kexugaia Jesusek bere lez hartzen dau. Zer esango ete leuke gutaz? Kexu hori ez da txarrak garalako, edo otoitzik egiten ez dogulako, edo mezatara ez gatozalako…, Jainkoaren berbea aintzat hartzen ez dogulako baino. Gure aldetiko atxakia hauxe izan daiteke: domeka eta jai-egunetan mezea entzutera behartuak izan ginala eta horretantxe jarraitu dogula. Baina honek holan jarraitu behar ete dau?

Irakurgai honeen argitara bai galdetu geikela zein litzateken Jesusen ikasleon eginbeharra. Alkartzen garanean Jainkoaren berbea ebanjelioan hartzen dogu, eta beste irakurgaietan. Baina bardin izango ete litzateke mezarik ezin izango bagendu ospatu? Alkartuko ete ginateke Jainkoaren hitzaren inguruan, eta, hau iragarri ondoren, gure hausnarketatxoa, otoitza eta eskariak egiteko gauza izango ginateke?

Jesusek goraldu egiten dau bere ikasleen ahalmena: «Zuei emon jatzue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horrei, ostera, ez» —dinotsenean; ulermen horretara ea zelan heldu geintekezan galdetu behar izango geuke. Ez dozue uste? Batez ere Jesusek bere herritarren burugogorkeria salatzen dauala ikustean… Jabetu gaitezan, ba, Jainkoaren berbearen garrantziaz.

Isaias profeteak gozotasunez aurkeztu deusku hau, Jainkoaren hitza euriagaz parekatuz: euriak lurra ase, ernaldu eta ernamuindu egiten dau. Hau da: Jainkoaren hitzak gu garan lurra apaztu eta gu frutu emoteko gauzatuko gindukez. Fruturik ez dogula emoten esan gura ete dau honek? Behar bada, ez dogula emoten Jainkoak gugandik itxaroten dauzan frutuak, beste batzuk emoten badoguz ere.

Domekero eta jaiero alkartzeko aukerea dogunez, emon deiogun berak daukan garrantzia Jainkoaren berbeari: arretaz entzun daigun; ahal dala, etxean ere bakotxak barriro irakurri daigun; ohiturarik ez daukagunez, eskatu daigun laguntza; eta lurra apazten dauan lez apaztuko dau Jainkoaren hitzak gure barrua ere, eta emongo dogu gugandik itxaroten dauan frutua.

Ikasi daigun, ba, Jesusi begiratzen. Ez gaitezan azal hutsean gelditu. Aurkitu daigun ebanjelioaren irakurketan Jesusen bere ingururako eta ingurukoekazko jarrera beti barria: gaur, jendeari ipuinetan hitz egiten deutsola salatzen dau, euren burugogorkeriak bultzatuta; bihar beste jarrera bat ere aurkituko dogu Jesusengan.

Hau dala-ta, salatu daigun Jesusen aurrean gure burugogorkeria, edo ohiturei eta atxakiei lotuegiak egotea; eta eskatu daigun Jainkoaren berba-gosea, ha irakurteko-entzuteko zaletasuna, eta harek gugandik itxaroten dauzan frutuak emoteko grazia.

Eroan gaizala honek Jainkoaren berbea alkarregaz ospatzera, hausnartzera eta komentatzera, mezarik euki ezarren jaki honek hutsegin ez deigun, eta gure artean beronen zerbitzariak ugaritu daitezan, eta aintzat hartuak. Izan daiela gu guztion babesa, oneritxia eta esker ona.


 

OTOITZA

Jesus, gure Maisu eta Jauna:
zure berbara hurreratzen nazanean
bildurtu egiten nozu behin baino sarriagotan:
Parabolak ei darabilzuz ez deizugun ulertu…
Burugogorrak ei gara, ohituretan zarratuak…

Borondaterik onenaz etorten naz, Jauna,
eta holangoak entzun behar dodaz?
Nahi deutsut ulertu eta zintzo jarraitu,
eta hainbatetan gatx egiten jataz
bai bata eta bai bestea ere:
ohiturei lotuegia ete nago, ba?

Emoidazu ausardia eta argitasuna
zure berbea irunsten eta neuretzen jakiteko
eta haren arabera bizi izateko,
ohiturei eta esamesei jaramonik egin barik,
beti zeuganako zintzotasuna bilatuz.