URTEAN ZEHARREKO XIV. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: Jesusen jarraitzaileok jakin egin behar dogu munduaren aurrean egoten, gure arerioaren aurrean egoten, geure buruaren aurrean egoten… Egokera hau Jesus Jaunagan ikasten dogu, eta gaurko liturgia horretarako laguntza dogu.
Munduaren aurrean hartu geiken jarrerea, edo arerioaren aurreangoa, gehienbaten badaezpadakoa izaten da. Ezezagunaren aurrean gure burua babestu gura izaten dogulako, eta ezezagunagana badaezpadako jarrereaz hurreratzen garalako. Eta badaezpadako jarrera horrek, ingurukoengandik ikasita, aurre egitera garoaz, gogorkeriara, bestea menpean hartu gura izatera. Ete da hau Jesusen jarrerea?
Gaurko liturgiak emoten deuskun berba azpimarragarria apaltasuna da. Ez dakit zenbateraino aintzat hartzen dogun apaltasuna, ala ahulen gauzea dala uste dogun. Baina, urian, apal, asto-gainean sartzen dan erregearen irudia emon deusku Zakarias profetearen irakurgaiak; eta Kristoren Espirituak grina txarren menpetik askatu egin gaitula gogoratu deusku Paulok, ebanjelioan Jesus Jaunari entzuteko Aitari zelan eskerrak emoten deutsozan gauzok apalek baino ulertzen ez dabezalako.
Hauxe litzateke, ba, gaurko irakurgaien argitara argitu beharrekoa: zer da apalak izatea, edo zelango apaltasuna eskatzen jako Jesusen jarraitzaile izan gura dauanari?
Ume bati guraso batek aldarrika erantzuten deutsonean, edo haren aurrean gorri-gorri eginda, gogorkeriaz, biraoka erantzuten deutsonean; edo hartutako irain bati handiago bategaz edo gogorkeriaz erantzuten deutsagunean; edo, beste barik, erantzun lez gogorkeriaren bat darabilgunean, alarma-argi bat biztu behar izango litzakigu: ez gagoz Jesusen ikasleetariko lez azaltzen; grina txarren menpeko lez azaltzen gara. Eta zein gatxa dan grina txarren menpekeriatik urtetea! Zeozergaitik gogoratu deusku Paulok Kristoren Espirituak garabiltzala. Konturatzen ete gara? Ez, behar bada.
Apaltasunez jokatu gura badogu, ba, Jesus Jaunaren ikasle garala adierazteko, eta beste batzuk ere beragana erakarteko, hartu daigun gogotan Jesus Jaunaren Espirituak eroan gura gaitula grina txarrak menperatzera, eta arerioari berari ere gozotasunez erantzutera.
Honek zera eskatzen dau: apaltasunaren jarrerea; hau da: norbere indar eta ahalmenetan barik, Jesus Jaunagan jartea uste osoa eta, haren esanetan, arerioaren alde otoitz egitea eta ha maitatzeraino heltzea. Bai apaltasun handia hau!
OTOITZA
Lehiaketa munduan gagoz, Jauna,
eta baten pozak bestearen porrota
behar dau,
bestearen gainetik geratzen
ahalegintzen gara,
bestea menperatzen edo deusezten.
Eta badakigu zertara garoazan
lehiaketa honek:
haserrera, gorrotora, gerrara,
suntsipenera…
Baina halaxe behar dala iruntsi
dogu,
ez dagoala beste biderik, galdu gura
ez badogu.
Zure jokabidea, ostera, Jauna,
apaltasuna da,
bestearekin batera izatea, haren ondoan,
eta ha maitatzen ezeren bildur
barik.
Egin naizu zeure antzeko, senide
maitale.