URTEAN ZEHARREKO XIII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: zelan ulertzen dogu gure Bateoa? San Paulok hauxe esan deusku: Kristogan bateatuok haregaz bat egin dogula bere heriotzan, eta beragaz bat izango garala biztueran. Eta, behar bada, poztu egin geinkeez berbok. Baina ze esangura dabe, edo zertara garoez? Hausnartu daigun unetxo baten: Bateoari esker Jesusegaz bat egiten dot haren heriotzan! Hain garrantzizkoa da?
Esan daigun: Jesusen bizikereak ha zertara hilik egoan agertzen deusku. Beste guztiek euren ondasun behinen lez euren burua eta ondo izatea baeben, Jesusen ardura behinena besteak ziran, eta, batez ere, behartsu eta baztertuak.
Uste dozue, Jesusen jarraitzaile lez, bateoa gogoan hartuta, geure buruari uko eginda bizi garala, eta behartsuak doguzala lehenengo ardura? Autortu behar deutsuet, senideok, nik neuk ere, buruan holan uste izan arren, egunerokoan sarri bilatzen dodazala bestetara pentsatu eta jarduteko atxakiak (nik arrazoiak dirala uste izan arren).
Zenbat bihotz oneko dabilen gure artean, esamesei jaramonik egin barik, gaisoen borondateko zaintzan, edo zaharren ondoan; edo bazterreratuen munduan, hareen gizarteratzea bultzatzen; edo, diruz baino ez bada ere, Caritasi edo Gizartean giza-lanetan diharduen beste erakunderen bati laguntzen, eta diru mordoaz, ez zentimo batzuez!...
Horreek guztiok isilean dihardue lanean; ez dira ikusten; ez dabe zarraparrarik ataraten; ez dabe euren burua erakusten…, baina hortxe dagoz, asko dira, eta Jainkoaren erreinuan langile dihardue.
Beste askok, ostera, atxakiak bilatuko doguz: ba doguzala beste zeregin batzuk; guk baino hobeto egingo dauanik ere badagoala, eta guk baino asti gehiagorik edo zeregin gitxiagorik daukanik ere bai…, eta besteon lana eta zerbitzua gitxiesten edo gaitzesten ere jardungo dogu.
Zer irakasten deusku gaurko Liturgiak? Bateatuak, Jesusen antzera, eskuzabala izan behar dauala. Ez bagara, ez dogu aintzat hartu gure Bateoa, ez dogu jokatzen Jesusegaz hildako lez, ez gara haren jarraitzaile.
Eskuzabaltasunez jokatzen dauana ez da sari barik geldituko. Baina bere saria eskuzabal izatea izango da lehenengo ta behin. Eta poztu egingo da bestentzat astia ataraten daualako, inortaz txarrik pentsatzen ez daualako; eta eskua edonori luzatzen deutsolako laguntza eskeiniz. Norbere buruaz baino ez arduratzeaz hilda dagoalako, eta beti bilatuko daualako besteen ona: etxean, auzoan, eleizan, lanean, lagunen artean… edonon! Kritikatua izango dala? Zer esanik ere ez! Baina nortzuk kritikatuko dabe? Baina, zelan izango da autortua gerorantza? Danok dakigu nortzuk dagozan gure gogoan eta gure bihotzean: euren bizia (eta euren ondasunak) besteen alde emon dabenak.
Pentsatu geike: eta nik, non emon daikedaz nire ondasunak edo nire astia, edo nire burua besteen alde jarri? Eta zertan?
…Saria Jainkoagandik baino ez itxaronda.
OTOITZA
Jesus Jauna: zure bihotz onak,
Jainkoaren nahia bilatzeak,
zeure buruaz ahaztera, eta
lehentasuna behartsuei emotera
zaroaz.
Zure inguruan legokezan ikasleak ere
holangoxeak gura dozuz, gura
gaituzu:
lehen ardura euren burua ez dabenak,
bihotzean behartsuari leku egiten
deutsoenak.
Begitu eiguzu, ba, guri Jesus,
zure jarraitzaile garala dinogunoi
baina geurean eta lehengotan
jarraitzeko
atxakiak bilatzen baino ez
dihardugunoi:
besteen bildurrez eta lotsaz bizi
gara,
besteak zurrumurrupean hartzen
eta, zeregin gehiegiren atxakiz,
ezer ez egiten.
Atara gaizuz, atara naizu, Jauna,
egoera honetatik!