12 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: bildurrik eza, ausardia, Jainkoaganako uste on osoa, norbere mugei, makaltasunei eta pekatuei begira ez egotea… horixe da gaurko liturgiak luzatzen deuskun gonbite.

 Gagozan egoera honetan, senideok, gitxi eta zaharrak, eta atzetik inor ere ez jatorkula ikustean, eta gure inguruan barreak eta erasoak, errez biribiltzen gara geure kolkopean eta galtzen dogu poza, argitasuna, irribarrea, etsipenera bidean.

 Baina Jesusengan benetan sinisten badogu, ez daukagu gure hutsen bildurrik ez lotsarik izan beharrik. Ez deutsegu bildurrik izan behar gure inguruan sortu leiguzan eraso eta irriei ere. Jainkoak ustea dau gugan. Buruko ule bat bera ere ez dogu galduko harek nahi ez badau; berak elikatuko eta jantziko gaitu; berak biziazoko gaitu.

 Guri horren barri emotea dagokigu; gure bizikerea haren esanetara egokituta: gure inguruagaz kidetasunean, errespetuan, neurritasunean… eta horrelango bizikereaz gure inguruko larregikeria salatzen, esplotazinoa, zuzengabekeria, zapalkuntzak eta txarkeria guztiak.

 Tamalez, eginbehar hori inoren esku izten dogu (abadeen edo erlijiosoen esku), eta guk gure erosotasuna ere zaindu daiala eskatzen deutsagu Jainkoari, Jesusek ebanjelioan salatu deuskun lez: ez gaitezan horretaz arduratu, zeruetako erreinua gauzatzeaz baino.

 Hau da: gure ardurea ingurua zaintzea litzateke, ondokoei begiramen (errespetu) izatea eta hari ondo esatea maitasunera heltzeraino; eta arerioak eurak ere gure otoitzean gogoratzeraino.

 Horrek berorrek salatu behar izango leukez lapurretak, zuzengabekeriak, gehiegikeriak eta pertsonen aurkako erasoak-eta. Eta hortixik etorri leikiguz barreak edo erasoak edo aurrean erabiliak izatea.

 Baina ez deutsagu bildurrik izan behar. Izan behar deutsagu bildur neurria ez emoteari; gure eginkizunari uko egiteari, edo, makaltasunaz, etsipenean jausteari. Zer uste izango ete leuke Jesusek gutaz orduan?

 Ebanjeliora jo behar dogu horretarako; otoitzera, eta alkar adoretzera, bakotxa bere kabuz ibili beharrean. Eta hau ez dogu ikasi oraindino. Ba daukagu zer eginik Jesusi zintzotasunez erantzuteko; harek gugandik itxaroten dauana gauzatzeko… Ez deiogun huts egin.


 

OTOITZA

 Ingurura begiratzen dozu, Jesus,
eta Jainkoaren aztarnak ikusten;
eta, hain gauza ederrak dirala-ta,
Jainkoa goraldu egiten dozu
eta hari aintza emoten deutsazu.

Zure ikasleei harenganako
uste onera dei egiten deutsezu;
lehen preminetatik burua jaso
eta erreinuaren zabalkuntzaz
arduratu daitezala agintzen deutsezu.

Emoiguzu, Jesus, bildurrak uxatzea,
ustea Jainkoagan jarriz zure jarraitzaile
izateaz baino ez arduratzea.

Izadiari begiratuz, eta han
Jainkoaren aztarnak aurkituz,
haren edertasunez txunditurik bizi izatea.