URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: behin eta barriro esanbeharreko gauzea dogu maite-maite gaitula Jainkoak, hortxe gabiltzalako ea bere mesedeak erosten edo eskuratzen doguzan, gutaz ahaztuta balego lez-edo.
Sarritan geu, abadeok gara errudun, gainera; edo geure hizkera murritza, laburra, motxa…, gure otoitzetan errepikatu baino egiten ez dogulako "entzun, arren, Jauna" eta antzekoak… Baina horixe hartu dogu, eta gatx egingo jaku aldatzea, hortik urtetea. Baina gatx egingo jakula-ta, ez daigun egin barik laga; jar gaitezan lanean, eta aurkitu daigun Jainkoagaz hitz egiteko hizkera gaurkotua, barria, geurea, barru-barrutik sortzen jakuna. Ikasi egin behar dogu Jainkoagaz hitz egiten.
Baina, senideok, nagiegiak ez ete gara horretarako, alperregiak? Beste gauza batzuetarako bai ataraten dogula astia, gitxi bada ere; baina honetarako… ez dauala merezi uste dogu, ezta?
Hortxe gabilz abadeok eta eleiz-taldeak gure eleiz alkarteen egoerea aztertzen, bide barriak bilatzen, eleiz alkarteek euren bizikerea izan daien abaderik ez balego ere, euren erdiko ez dalako abadea Jesukristo baino. Ez daiela uste izan Jainkoak ahaztuta daukazanik bokazinorik sortzen ez dalako; eskertu daien, hobe, aukera bat sortzen jakela euren buruaz arduratzeko, batak bestearen lana eta eskeintza onartzeko… Baina hau burutsu batzuren uste hutsa eta urtenbide bakoa ez ete da? Gure eleiz alkarteen bizikera ahulari alkarregaz oratzen ez badeutsagu, bai; bestela, lo-zorrotik urteteko eta geure ardurea hartzeko aukera ederra! Itxartu ete geintekez gure lo-zorrotik? Urten ete geike gure alperkeriatik? Bizi ete geike Ebanjelioaren poza?
Begira zer dinoskun Frantzisko aita santuak: Alde batetik, gaurko munduak itsasobeteko kontsumorako deiez astintzen gaitu; eta bestetik, erosotasunerako jokerea geure-geurea dogu. Ez ete gara horren arriskuan jausi: eskeintzen jakuzan azal-azaleko atseginak irrika biziz amestean? Arrisku horretan jausita, ez daukagu besteentzat lekurik; batez ere beharrizanean edo laguntza eske badagoz. Egoera horretan ezin geike entzun behartsuen garrasia…
Gure benetako poza eskuratu ahal izateko, senideok, Frantzisko aita santuak Kristogazko topaketea barriztatzera deitzen gaitu. Hauxe litzateke Jainkoagan uste ona jartea; ondasunen atzetik ez ibiltea; gure bizitzan Jaun bakarra ezartea, eta gizaki solidario lez bizi izatea.
Galduta bagagoz ere, ez gaitezan Jaunagana bihurtzeko bildur izan. Harek behin eta barriro parkatzen daki, eta berak baino beste inork ez gaitu aurrera urtenazoko. Eta zelango poza ezarri daiken harek gure barruan! Ez geuke kontsumo-gauzen beharrik izango; ez ginateke horren irrikaz bizi izango; barrutik sortzen dan poztasunean bizi izango ginatekelako.
Hau ahaztuta euki dogula esan geike. Ez da egon Jainkoa gutaz ahaztuta. Geu egon gara itsutuegiak geure burua zelan salbatuko, edo zoriona beste leku edo iturri batzuetan zelan lortuko. Eta horixe jazoten jaku besteetaz ahazten garanean, geure buruaz larregi arduratuta.
Senideok: gagozan aldiotan ondo egingo dogu Jesus Jaunagaz barriro aurkitzen bagara, kontsumo bideak eta zorion beste iturriak albo batera izten badoguz, eta ebajelioan agertzen jakun Jainkoaren seme-alaben pobretasunean eta askatasunean sartuz, benetako poztasuna besarkatzen badogu. Hau bai zabaldu geikela gure ingurura, benetako erregalu lez. Berrikasi daigun, ba, otoitz egiten, eliz-alkarteei begiratuz, eta txarto pasatzen dagozenak gogoan hartuz.
OTOITZA
Behin baino sarriagotan, Jesus
botatzen zeutsen ikasleei aurpegira
euren sinismen txikia. Zergaitik?
Behar ez ziranetaz arduratzen ziralako:
janaz, jantziaz, osasunaz,
etorkizunaz…?
Guzti hori Jainkoaren esku izteko,
horretaz ez arduratzeko esaten
zeutsen…
Eta guk, Jesus, oraindino
horretantxe dihardugu,
horreexek ditugu bakotxaren ardurak,
eta ez, uste on osoa Jainkoagan
jarrita,
geure bizitzea besteen alde emotea.
Zer behar dogu zu ezagutzeko,
zure berbak bizitza bihurtzeko,
gure bihotzaren erdian senidea
jarteko?
Askatu gaizuz, Jesus, gure
geurekerietatik.