URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: onartezina egingo jaku gaurko Liturgiak dakarskun agindua. Onartezina, geure Bateoaz jabetzen ez bagara, gure Bateoa azalekoa edo itxurazkoa baino izan ez bada. Jesusek, bere Bateoan, zeruak zabalik ikusi ebazan, Jainkoaren ahotsa etorri jakon, eta Espirituaz gantzutua izan zan. Ondorio lez, Aitaren aurpegia eta egintzak iragarteari ekin eutson.
Hau gogoan izanik, gure Bateoaz jabetu ezkero, aintzat hartuko geuke gaurko Liturgiak dakarskun agindua: izan zaiteze santuak, ni, zuon Jainkoa santua nazan ezkero. Hementxe aurkitzen dogu —edo aurkitu geike— gure bokazinoa: Jainkoak santu izatera deitzen gaitu, bere antzeko izatera. Jakina danez, seme-alabek gurasoen antza dabe.
Senideok: holan ulertzen dogu gure fedea, Jesusi jarraitzea, haren inguruan talde bat, Eleiza bat, izatea? Ona litzateke holan ulertzea, eta gure egunotan eskatzen jakun santutasuna bilatzea, Jainkoari emoten deutsagun erantzun lez. Horretan bai ez jakula faltako bere laguntzea eta indarra, bere Espiritua.
Zelan zabaldu geikez gure inguruan Jainkoaren aurpegia eta egintzak? Zelan agertu geike gure santutasuna, ez gu txalotu gaiezan, Jainkoa goretsi daien baino?
Galdera honen erantzun lez aurkitzen doguz jokabide batzuk gaurko irakurgaietan.
Paulori entzunda, geure buruari errespetu izan behar deutsagula euki behar dogu argi, gutariko bakotxa Jainkoaren egonleku garalako. Era berean izango deutsagu begirune gure senideari ere, harengan Jainkoaren aurpegia ikusteraino. Jesusengan sinisten dogunok badogu, ba, arrazoirik, bai gure burua aintzat hartzeko eta gure gorputza zaintzeko, eta baita gure senidea errespetatzeko eta haren zaintza ere bilatzeko.
Hona helduta, eta ebanjelioa eta lehenengo irakurgaia gogoan hartuz, hurrengo ondorioak atara geikezala esan daiteke:
Inor txarrez bajatorku ez deiogula neurri bardinaz erantzun: ahal dala, haren txarkeria jasan eta onez erantzun baino. Baina horretarako, onartuta euki behar dogu txarkeria handiagoak ez dauala ezabatuko aurreko txarkeria, ontasunak baino…
Eta senidearen txarkeriak kezkatu egin behar gaitula, eta handik urteten lagundu behar deutsagula. Behar bada, bigarren hau gatxagoa dogu. Baina ez dogu nahikoa, Jainkoaren aurpegia eta ontasuna iragarri gura badoguz, ona izaten ahalegintzeaz; besteen ardurea ere izan behar dogu, eta lagundu behar deutsegu horretan.
Jarrera honek ez gaitu eroango txarkeria ontzat emotera, salatzera eta gaitzestera baino. Baina senidea salbatzera eroango gaitu, eta ez, txarra dalako, txarkeriagaz batera bera ere gaitzestera.
Senideok, badakigu besteen akatsak eta txarkeriak, azpikeriak, guzurrak eta lapurretak salatzen, eta baita —behar bada— eurei aurpegiratzen. Baina zein gatx egiten jakun hareen ardurea hartzen eta, txarkeria egoeratik urten daien, laguntzen.
Jesusen jardueran, baina, hauxe ikusiko dogu, eta hauxe da santu izatea, Aitaren antzekoa.
Hartu daigun aintzat gure Bateoa. Jabetu gaitezan gure seme-alabatasunaz. Eta Jainkoaren Espirituak eroan gaizala santutasunaren bideetan zehar.
OTOITZA
Jesus Jauna: nire makaltasunetik
eskatzen deutsut:
gogoan izan daidala hartutako
Bateoa,
han Espirituaz gantzutua izan
nintzala
eta haren haritik baino ez nazala ni
neu izango…
Santu izatera deitzen nau gaurko
Liturgiak,
baina pekatariegi ikusten dot nire
burua,
edo makalegi edo ezjakinegi,
erantzun ahal izateko.
Emoidazu horretarako behar dodan
argitasuna.
Errespetuz hartu daidala nire burua,
eta gorputza;
errespetuz hartu daidazala nire
inguruak
eta, euretan Jainkoaren aztarnak
aurkituz,
nirean Jainkoaren aurpegia azaldu
daidala.
Jainkoaren seme/alaba agertu naitela, Jesus.
Homilia (23)
Senideok: gaurko Liturgiak eskeini deuskun Jainkoaren hitza entzun ondoren, gure artean sarri entzuten dan esaldia jatort burura: ederra Ebanjelioa, baina nork bete daike han agertzen dana?
Santua da zuen Jauna… Espirituaren egoitza da zuen gorputza… Izan zaiteze santuak, zuen zeruko Aita santua dan lez…
Holango esaldiak entzuterakoan, entzuleak babes bila (a la defensiva) jarten dira. Eta gehienetan erantzuna entzun-gor egitea izaten da. Beste barik. Eta lehengotan jarraitzea.
Eta zer da lehengoa? Jainkoaz daukagun irudia, eta gizartean era honetara jokatu beharra. Jainkoaz hauxe uste dogu: onak saritzen eta gaizkileak hondatzen dauzala. Zelan jokatzen dogu gizartean? Min egin deuskunari min handiagoa emoten ahaleginduz.
Eta gaurko Irakurgaiek zapuztu egiten dabez irudi biok. Zer egin? Geurean jarraitu, ala, Jesusi entzuteko ahalegina eginez, zelan izan geintekezan Jesus horren jarraitzaile bilatu? Egin daigun ahalegin.
Jesusek ez deusku esaten onak izan gaitezala, egun baten Jainkoak, ordez, zeruaz sarituko gaitula-eta. Jesusek egunerokoari begiratuz, Jainkoaren seme-alabatasuna agertu daigula eskatzen deusku. Eta hau, geure ahalmenen neurrira, bete-betea Jainkoak berak emongo deutsola uste izanik.
Ez dinosku txarkeriari erantzunik ez emoteko, jaramonik ere ez egiteko, pasiboak izateko, injustiziaren aurka ezer ez egiteko, edo ez-ikusia edo ez entzuna egiteko… Ez dinosku holangorik. Holangoaren aurrean zelan jokatu baino.
Gure jokabideak Jainko Aitarena imitatu behar dau: harek eguzkia eta euria gaiztoen eta onen gainera isurten dauz; haren maitasuna danentzakoa da.
Giza-legetik erantzun gura izan ezkero ezinezko jaku holangoak izatea. Horrexegaitik jarten gaitu Jesusek ez giza-legearen aurrean, Jainko Aitaren aurrean baino.
Haren antzeko izatera bultzatzen gaitu, gure eginbeharra ez dalako geure burua salbatzea, Aitaren seme-alaba izatea baino. Hau da: Aitaren antzekoak.
Hau ez dogu lortuko geure ahaleginez, Jesusen berbea geure barruan erneten doala ikusiz baino. Entzun deiogun; jo daigun otoitzera, eta jardun daigun maitasun bideetan.