05_Pazkoa /A

PAZKOALDIKO V. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: ba al dakigu arazoak geure-geureak dituguna? Ez dago alkarte edo talderik arazorik ez dauanik. Talde alkartua dala esateak ez dau esan gura talde horretan arazorik sortzen ez danik. Baina… ze erantzun emoten jaken arazoei… hauxe bai dala kezkagarria, edo honexek bai kezkatu behar gaitula…

Arazoak daukaguz Eleizan: ze erantzun emoten deutsegu, edo zelan bilatzen deutseguz urtenbideak?

Arazoak daukaguz eleiz alkartean, parrokian, pastoral barrutian… Zelan mahairatzen doguz arazook, eta zelan erantzuten deutsegu?

Eta etxean? Eta lanean? Eta lagun taldeetan?...

Ez legoke ondo arazoak ukatzea, ez-ikusi egitea; arazorik ez dogula behar eta ez balegoz lez jarraitzea. Eta hau hainbat lekutan egiten da. Edo hainbaten jokabide da hau: arazoen aurrean begiak itxi egiten dabez, ez-ikusiarena egin eta aurrera jarraitu… Bildur dira, arazoek gainez egingo baleutsee lez, eta saihestu egiten dabez.

Badagoz arazoak besteenak dirala uste dabenak ere; besteek mahairatu behar dabez eta emon behar deutsee erantzuna, urtenbidea: agintariek, politikoek, ahaltsuek, jakitunek… horretarakoxe dagoz-eta! Arazoak gurasoenak dirala uste izaten dabe umeek.

Eta badagoz, azkenik, arazoen aurrean euren burua hareetara makurtzen dabenak, arazoetan inplikatzen diranak. Horreen barri emon deusku lehenengo irakurgaiak:

—batzuk, kexu: arazoa mahairatzen;

—beste batzuk euren gauza lez hartu eta otoitzera, baraura eta, horrela, arazoei aurpegi emotera deitzen;

—eta danak, alkartasunean, erantzunaren bila, Jainkoaren argipean.

Hona, ba, gure gaurko galderea: zeintzuk dira gure eleiz alkartean, edo Eleizbarrutian, edo etxean… daukaguzan arazoak? Ba ete gara gauza arazook mahairatzeko eta, otoitz-giroan alkarregaz eztabaidatuz, harei urtenbide bat emoteko?

Hainbat dira abade barik dagozan parrokia edo eleiz alkarteak. Eta hainbat dira hiru-lau meza domekero emoten dabiltzan abadeak. Hainbat dira domeketan ospakizunaren inguruan alkartzen diran eleiz alkarteak. Baina baita hainbat dira ospakizuna egiteko gauza ez diran eleiz alkarteak ere. Eta, azkenik, ba dira asteburuero hiru meza daukezan eleiz alkarte edo parrokiak ere…

Danok dakigu arazo honek urtenbide errezik ez daukana. Arazo hau ez da konpontzen abadeen zelibatoa bazterreratuz, edo emakumeak abadetuz, edo meza guztiak euskeraz ospatuz edo erderaz… Guztion borondate ona da beharrezko, honek eskatzen deuskuzan atsekabeak-eta onartzea, irustea eta lasaitasunari eta erosotasunari uko egitea…

Batzuk telebistan aurkitu dabe erantzuna: trankil gelditzen dira mezea telebistaz entzuten dabela-ta. Eleiz alkarte egiteak ez ete dau ardura? Sakramentuetara hurreratzeari uko egin behar ete jako? Arazoei besteek  erantzun behar ete deutsee?... Eta mezatan alkartzen garanok, alkarte egitera eta Jainkoaren deiari erantzutera ete gatoz?

Behar bada, txarto egin izan doguz gauzak; arazoa txarto mahairatu dogu honetaz arduratu garanok (abadeok, gehienbat). Baina honek ez dau bideratzen gure erantzunik eza, edo urtenbidea besteen esku iztea. Besterik ezean, arazo honetaz arduratzen garanok alkartu egin behar izango geuke, geure artean eztabaidatu, uste doguzan eskariak egin, eta eskuren daukagun urtenbidea bideratu.

Arazorik txikiena ez da izango geure, abadeon, erruz eliztarrok arduragabekerian euki zaituegula, eta orain arduratsu behar zaituegula.

Baina alkartuko bagina… Arazo hau abadeona baina baita eliztarrena eta alkarrena ere badala onartuko bagendu… Eta hau geure esku dago. Eroan daigun, ba, arazo hau otoitzera, geure eztabaidetara eta eleiz alkarteetara ere, urtenbideak bilatzen hasteko. Ez daigun besteen esku itzi.

 

 

OTOITZA 

Zugaz, Jesus Jauna, hainbeste denporan egon arren
zenbat gauza daukaguzan oraindino argitu barik!
Ez deutsugu, antza, jaramon handirik egin;
ondo ezagutzen zinduguzala uste gendun,
baina ikusten dogu ez dala holan…

Gure alkarteak ez dagoz arazorik barik,
eta bai sarri noraezean;
bildur emoten deusku eztabaideak,
eta arazoak ukatu edo estaldu ere egiten doguz.

Bultzatu gaizuz, Jesus Jauna,
gure uste on osoa zeugan jartera
eta zeugandiko argitasunaz eta adorez
arazo guztiei urtenbide zuzena emotera.