04_Pazkoa /A

PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Pazkoaldiko 4. domeka honek, senideok, irudi eder baten aurrean jarten gaitu: artzain ona da irudi hori, eta Jainkoak, bere Semeagan, apartekotasunez zaintzen gaitula adierazoten deusku. Aldietan izan da Artzain Onaren irudi hau ederra eta goraldua, eta hainbat elizak daroa izengoiti lez. Baina gaur egun…

Alde batetik, ez dagoz gure artean artzainak; ez dogu ezagutzen artzainen lana (zeozer badakigun arren gaztaiaz edo gatzatuaz) eta, gainera, ardia ez da gizakiari buruz ezer onik adierazteko irudirik onena, alderantziz baino. Hori gitxi bada, gaurko kulturan, norbere buruaren jabe izan gura dogun aldi honetan, burujabetzea eskatzen dogun aldi honetan, inork daukala gure ardurea esateak bakarrik ere atzeraka eragiten deusku. Guk geure buruaren jabe izan gura dogu; ez daukagu inoren zaintzaren beharrik; ez dogu behar salbamenik ez norabiderik… Ba ete goaz, ba, inora, Jesus Jauna Artzain Ona dogula esanez? Jarri ete geike inor adi Artzain Onaren ahotsa edo haren txistua entzuteko? Emon ete geikeo aditzera inori Jesus dala bidea, eta bera dala sartu eta urteteko atea? Zer adierazoten dabe irudiok, inora joan beharrik, edo sartzerik edo inondik urteterik ez badogu bilatzen? Zeintzuk dira gaurko gizakiaren (gure geure) ardurak, eta zeintzuk beste arduretara gura dogu erakarri gaurko gizakia Jesus Jaun berbiztua haren gogoko egiteko asmoz?

Badirudi gaurko gizakien ardurak kontsumo munduan hasi eta amaitzen dirala; hareen begiek diruaren beharra baino ez dabela ikusten. Badirudi bere buruaren jabe izan gura dauanak ez dauala onartzen inork esatea zer egin behar dauan, zelan eta noiz, zeozer izan gura badau, edo zerura joan gura badau. Eta, zoritxarrez, askoren ustez, hauxe da Eleizeak edo eleiztarrok emon gura deutseguna, edo ezarri edo agindu gura deutseguna. Eta ezin gaitue… ez onartu, ikusi ere ez baino: nazka emoten deutsegu. Ezin esan geikee Pedrok juduei aurpegiratzen deutsena: Jainkoak emon deutsena paretik kendu dabela kurutzean hilez… Bost ardura deutso Jainkoaren erregaluak gaurko gizakiari, eta argi dauka berak ez dauala inor kurutzeratu.

Beste alde batetik, ezagutzen dauz gaurko gizakiak bere mugak edo makalaldiak, eta ikusten dauz bere inguruan txarkeriaren edo krisiaren ondorenak, eta sufritzen dauz haren eztenkadak… Baina, zer esan leie horretaz Eleizeak edo eleiztarrek? Euren ustez, Eleizearen diskurtsoak eta eliztarron jokabideak ezer gutxi emon leiee eurei.

Halan ere, senideok, ba ete dogu Jesusen jarraitzaileok haren artaldeko ardi eta haren zaintzaz pozteko arrazoirik? Eta gogorik?

Honek zera esan gura dau, senideok: Jesus Jaun Berbiztua, Artzain Ona, lehenengo ta behin neuretzat dala, eta neuretzat dan hori somatuko dabela nire ingurukoek. Ez deiodan, ba, inori ezarri inguru honetako ezer; ahalegindu gaitezan geure bizitzan gauzatzen, eta horrexek erakarriko dauz Artzain Onaren artaldera handik ihes egin dabenak, edo inoiz ere egon ez diranak.

Ahalegindu gaitezan, ba, Artzainaren txistua eta ahotsa entzuten: bilatu daigun doinu hori ebanjelioan, eleiz alkartean, taldeetan, otoitzean… Ahalegindu gaitezan talde egiten, eleiz alkartea adoretzen, zerbitzatzen, han hartzen dogun guztia eskertzen eta horren barri emoten. Ahalegindu gaitezan gure sinismen bizikerea, eleiztartasuna, Jainkoagazko hartu-emonak gaurkotzen, eleizan egiten jakuzan oharrei adi eta arretaz jarraituz, Eleizearen gaurko martxea eta diskurtsoa gaurkotuz, arduratasuna sustatuz, arduragabekeria bazter batera jaurtiz, eta daukaguzan preminak eta ondasunak alkarbanatuz.

 

OTOITZA 

Artzain ona zaitugun Jesus Jauna:
zure ardiek entzun egiten deutsuela,
ezagutu egiten zaituela eta
jarraitu egiten deutsuela dinoskuzu.

Entzun zaiguzala hainbeste iheslariren,
errefuxiaturen eta ate-joka diharduenen oihuetan;
ezagutu zaiguzala hareen aurpegi desitxuratuetan,
eskale luzatzen daben euren eskuetan,
lur-jota eta etsipenean aurkitzen diranengan.

Mundu eta gizarte senidekorragoak amesten doguz
eta atara gaizuz bakotxa bere aldetik ibiltetik,
zeure inguruan senideen artaldea osotzeko
eta, zeu eredu, senideen alde bizia emoteko.

 

OTOITZA 

Artzain on eta artegiko ate
agertzen zaiakuzan Jesukristo berbiztua:
emoiguzu bizitza-egarria
eta iturri bizien bila ibilteko adorea.

Onartu daigula zeure artaldeko izatea
eta zeuk erakutsitako larreetan bazkatzea,
mundu honetako aberaskeria eta liluretatik at,
ontasunaren eta bizitzearen testigu izateko.

Atara gaizuz arrisku guztietatik,
eroan daigula zure argitasuna,
ez gaizala latsatuazo gure makaltasunak
eta zure testigu apal ezagutu gaiezala.