PAZKOALDIKO III. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: pazkoetako poza ospatzen dihardugu. Ezerk ez deusku ez kendu ez ilundu behar pazko-poz hau eta Berbiztuak emoten deuskun barru-bakea. Baina badakigu zenbat bider daukaguzan murrizturik eta estalduta bai barru-bakea eta baita poza ere… Hainbeste gauzak eta egoerak iluntzen gaitu. Zer egin?
Gaurko liturgiak argi izten deusku Eskriturearen (Idaztien) garrantzia, batez ere Ebanjelioak. Pedrok ere, bere hitzaldian, bere entzuleak haraxe bideratzen dauz, gure eguneroko arazo eta kezka guztien argitasuna hantxe, Idazti Deunetan, aurkituko dogulakoan. Hauxe da, ba, lehenengo ta behin azpimarratu behar doguna: gehitu, indartu eta sakondu egin behar dogula Idazti Deunetarako zaletasuna. Eskatu daigun grazia hori.
Gaurko irakurgaietan, senideok, ikasleek egiten daben ibilbidea aurkitu geike: euren egunerokoan Jesusek egiten deutsen deiari erantzuten ausartu ziran. Seguruenetik hainbat gehiagori egingo eutsola dei Nazaretarrak; baina ez eutsoen danek erantzungo. Erantzun eutsoenei ikasle deritxegu, eta hareek ibilaldi ez hain luzea egin ahal izan eben Nazaretarraren ondoan.
Ibilpide honek euren eguneroko lanetatik atara egin ebazan, eta hareen bizikereak tankera barri bat hartzen dau Jesusen ondoan: gauza barriak entzuten dabez, ikusten, jasaten ere bai, aurrean erabilia ere badalako. Behar bada, ez dabe dana ulertuko. Baina Maisu deritxoen ha maitatzera heltzen dira. Halan ere, atxilotzen dabenean, bertan behera izten dabe, ihes egiten dabe, ezkutatu egiten dira, eurak ere atxilotuko dabezenaren bildurrez…
Baina ezin dabe ezkutuan jarraitu. Nazaretarraren ondoan bizi izan dabena ezin dabe ezkutuan hilten itzi. Harek Jainkoaren erreinuaren barri emoten eban lez, eta ezaugarriez gauzatzen, eurek ere haren barri emon behar dabela sumatzen dabe. Ez dakie zelan, ez-jakinak eta ez-ikasiak dira-ta. Baina Maisuak ustea Jainkoagan jarten irakatsi eutsen eta Espiritua agindu. Eta Espirituaren haizetan eta uste ona Jainkoagan jarriz emongo dabe Nazaretarraren barri gero eta argiago. Euren lehengo bizitzara bihurtzerik, gura izanda ere, ez dauke. Ezin dabe lehenera bihurtu; ezin dabe Nazaretarraren ondoan bizi izan dabenaren barri emon barik bizi izan, euren makaltasuna autortu behar badabe ere.
Bere ebanjelioan, Lukasek ulertzeko eran jarri deusku hori: Ikasle bi lehenera bihurtzen doazela Jesus berbera gehitzen jake bidean eta eskatzen deutse gertatzen jakenaren barri emotea. Euren barri emoteari, Berbiztuak Idaztietako pasartez erantzunez, argitu egingo dauz, eta aurpegiratuko deutse burugogorkeria. Ikutu dau hareen bihotza. Hareek eurekin gelditzeko eskatuko deutsoe. Eta orduan Jauna da ekimena eskuratuko dauana: ogi zatitzea izango da keinua.
Ze esangura ete eban ogi zatitze harek, Jauna ezagutzeko, begi bistatik galtzeko, eta, bat-batean, mahaitik jagi eta besteeganatzeko indarra emon eutsen-eta!? Sakabanatzen hasitako taldea osotzen hasten da, eta bakotxak berari jazotakoa azaldu beharra dauka, guztien onerako. Hauxe da aurrerantzean egingo dabena: Jesus Jaunagaz aurkitzen danak bizikera barri bat hasten dauala eta alkarren ardurea hartzera daroazan bizikerea dala hori iragarri eta euren bizitzan gauzatu.
Guk, senideok, badogu alkarren ardurarik eta pobreenganako begiramenik. Halatan ere, gure talde, eleiz alkarte edo Eleizbarrutiaren ardurea ere behar dogu. Eleizbarrutiaren eta eskualdeko elizearen izantasunean jokatzen da gure sinismenaren sendotasuna. Emausko ikasleen antzera, taldera bihurtu behar dogu, hantxe agertu behar dogu gure esperientzia eta berotu behar dogu alkar, eta emon behar dogu, alkarregaz, Berbiztuaren barri.
Zer esan gura dau honek? Ba, geure mezatxoa entzutetik, edo geure debozinotxoa betetetik harago jo behar dogula: ardurak hartzera, urritasunei erantzutera, hutsunak betetera eta eleiza lez agertzera jo behar dogula, senideok. Behin baino sarriagotan auzora joan behar izango dogula sinismena ospatzera, hangoekaz bat egitera eta abar. Edo abade barik jakin behar izango dogula alkartzen eta ospatzen…
Berbiztuak bizibarritu gaizala, emon deigula Idazti Deunetarako zaletasuna, alkarrenganatu gaizala, eta egin gaizala bere testigu gaur eta hemengo eleiz alkartean.
OTOITZA
Bizitzearen Jainko autortzen zaitugunean
ezerezetik bizitzara deitu gaituzula
eta bizitzearen betera garoazuzala
iragarten dogu eta sinisten, Jauna.
Sinismen honexek garoaz, Jauna,
alkar errespetatzera eta bizia aintzat hartzera,
heriotzeari aurre egitera eta
heriotza indar guztiei ateak iztera.
Bizi izan gaitezala, Jauna, zeure Arnasatik:
irakatsi deigula alkarregaz bizi izaten,
alkarren ardurea hartzen eta alkar zaintzen
eta alkartasunaren mahaira edonori deitzen.