03 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Urtean zeharreko 3. domeka honetan, senideok, Nazareteko Jesusen sarrerea ospatzen dogu. Zelango sarrerea, gainera!

Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren herriaren garaipen bat aitatzen deusku, ilunpetan argi handi bat agertze lez. Eta horixe da Mateo ebanjelariak aukeratu dauan testua berak esan gura dauana inguratzeko. Begira…

Nazareteko Jesus ez da bat-batean, inork ez dakila sartu edo agertu… bereak eta bi egiten. Ez. Profetek iragarritakoa eta arinagotik agindutakoa gauzatzen dira Nazaretarragan. Nork esan daike hori? Ba, beragan sinisten dauanak, beste inork ere ez. Ebanjelariak, ba, bere sinismenaren autormena egingo deusku, eta Nazareteko Jesusengana erakarri nahi izango gaitu.

Ilunpetan gagoz? Zatiketak agertzen dira gure artean eta bananduta gagoz? Gizartean bakarrik ez, baita familietan ere? Goazen Jesusengana!: beragan aurkituko dogu alkartasunerako behar dogun argitasuna; bakotxa berera ibili beharrean, alkar zatitzen eta alkar gaitzesten, Jainkoaren herri bakar bat egiten ahaleginduko gara alkarri harrera on eginez.

Nazaretarraren iragarpena atzerritarren eta pekatarien artean (Galilean) hasten da, eta bere iragarpena deigarria da, ez nahi-ta-ez, burutik behera, ezarria. Berbaz iragarria, eta berbea erreinuko ezaugarriez inguratua: osakuntzak, deabruak uxatzea… Guzti horri agindu bat lotzen jako: bihozbarritu zaiteze, hur dago-ta zeruetako erreinua…

Agindu hau, senideok, lau haizeetara zabaltzen da. Horixe adierazoten dabe lau ikasle deituek: ez da lekutxo baten gelditzen —sinagoga baten edo herrialde baten—.

Hainbeste arazo daukaguz gure inguru honetan; hainbeste ondo-ez daroagu tatarrez: krisia dala-ta, lanik-eza dala-ta; ahaltsuek eta aberatsek-eta euren ona baino ez dabela bilatzen-eta, umeak behar besteko zaintza barik dagozela-ta… Merezi ete dau Jesusen deia entzuteak? Ez ete dago eginbehar behinagokorik?

Senideok: Nazaretarrak ez dakar arazo guztion konponbiderik. Baina bai argitu leikela gure adimena eta bihotza, alkarregaz eta gorroto barik jokatzeko, eta mundu alkartuago baten alde lan egiteko. Eta hau bai dala merezi dauan gauzea!

Ondo dago txarkeria eta zuzengabekeria salatzea; baina salapena baino zeozer gehiago eskatzen jaku: bihozbarritzea!, ontasunak, zuzentasunak eta alkartasunak eta Bakeak burua erakutsiko badabe.

Merezi dau Jesusi entzuteak eta, haren ondoren abiatuz, Jainkoaren erreinua iragarri eta lantzeak. Goazen bere ondoren, dei egiten deusku-ta.

      

OTOITZA

Jauna: burumakur bizi izateak
aldi bateko poztasunak emoten deuskuz
eta etsipen eta negarraldi luzeak
gure arteko haserreak-eta dirala-ta.

Zuk, ostera, benetako poztasuna,
barru-barrutik sortzen dana, emoten deuskuzu,
eta horren banatzaile izatera bialtzen,
besteak ere poztu daitezan.

Uxatu eiguzuz bildurrak eta ahuleziak;
bihozbarritu gaizuz, eta gora begira jarri,
aldi bateko poztasuna barik irauten dauana bilatu daigun,
banatu eta ospatu bizi garan inguruetan.

—AMEN.