Urtean Zehar: 30. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA C

 

Sir 35, 15b-17.20-22a
Sal 33
2Tm 4, 6-8.16-18
Lk 18, 9-14

HOMILIA

 

Senideok: gaurko liturgiako irakurgaiek tristuraz itzi gaitue?, ondoezaz? Bat baino gehiago bai, behar bada...

Lehenengoan hauxe esan jaku: zeruetako Jainkoak entzun egiten dauala atsekabetuaren otoitza. Baina guk ez daukagu atsekabetu antzik; ez gagoz atsekabean. Orduan, gure otoitza, ez ete dau entzuten Jainkoak?

Paulok bere ikasle Timoteori egiten deutson gutunean, paraje (hur) ikusten dau heriotzea, baina uste on osoa dau Jainkoagan jarrita bere bizitza osoa Kristo iragartea izan dalako: zintzo jokatu dauala uste dau eta saria baino ez dagokiola. Holango ustea ete dogu guk, senideok?

Ebangelioko parabolan agertzen jakuzan Farisearra eta Zerga-batzailea ez bata ez bestea dirala gure irudi esango geuke. Baina, behar bada, biak daroaguzala geure barruan, eta behin bata eta behin bestea garala, edo biak batera, esan beharrean aurkituko ginateke.

Ez hori bakarrik. Euren burua sinistuntzat, baina ez eleiztartzat, dauken askok, parabola honek azaldu dauana aurpegiratzen deuskula sentitzen dogu. Eta horrek ere min emoten deusku.

Baina ez gaitezan atsekabetu, senideok; ikasi daigun Paulogandik Jainkoagan uste on izaten, harek ezin deusku bera ez danik edo berak ez daukanik emon-eta. Eta Jainkoa eta berak daukana, ona baino ez da. Ezin dogu, ba, txarrik itxaron Jainkoagandik.

Ikus daigun, ba, gure atsekabean, edo ez-jakinean edo nora-ezean... gure jainkozaletasunik ezaren errua inori bota geikeola: hauxe egiten dabe eleizara ez etortea aintzat daukenek: errua abadeak dauka, edo eleizara doazenen exenplu txarrak...

Geuk ere hori berori egin geike, edo beste hauxe ikasi Paulogandik: holan baino hobe dala Jainkoari begira jokatzea. Honek, alde batetik, gure makaltasunen ondorio diran gure pekatuak inori ez leporatzera garoazela; Jainkoaren aurrean autortzera eta Jainkoagan  uste on osoa jartera. Holan geu ere errukior bihurtzen gara, eta beste makalei ere errukiz begiratu eta laguntzen deutsegu.

Horixe da Paulok itxaroten dauan saria, beretzat eta bere antzera jokatzen dabenentzat. Eta hauxe da etxera zintzotuta bihurtzea, Zerga-batzailearen antzera.

Gure otoitza ez daitela izan, ba, Jainkoaren handitasuna eta errukia aurrean doguzala, geure txikikeria autortzeko eta gure pekatutik urteteko gogoa bizteko baino, Jainkoak emoten deuskuzan aukerak aprobetxatuz. Eta gure uste on osoa beragan, eta ez guk egin geikezan gauzetan, jarteko.