URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /C
2Erg 5, 17-17
Sal 97
2Tm 2, 8-13
Lk 17, 11-19
HITZALDIA
Senideok: nork ez dau uste bera esker oneko dala Jainkoagaz? Danok uste dogu Jainkoari mesede bat eskatzen deutsagunean, lortutakoan, badakigula eskertzen. Hori ete da Jainkoagaz esker oneko izatea? Ez ete deuskuz Jainkoak guk eskatu bako hainbat eta hainbat dohai, mesede eta ondasun eskuratzen?
Gura dogu, senideok, esker oneko izan? Irakatsi gura izaten deutsegu umeei; baina, badakigu geuk, gero, esker oneko izaten?
Begiratu daigun lehenengo irakurgaira. Atzerritar handiki batek profeteagana joten dau legenarretik garbitua izateko. Hango errekan zazpi aldiz bustitzeko agintzen deutso; baina harek bere lurraldeko edozein errekak balio dauala Israelgo ur guztiek baino gehiago uste dau, eta profetearen agindua gitxietsi beharrean dago. Eskerrak bere lagunei entzun egiten deutsena, eta errekan sartzen dana: garbi-garbi urteten dau handik. Bere harrokeria zapaldu egin behar izango dau Naamanek, eta Jauna Jainko bakar lez autortuko dau eta, aurrerantzean, bera baino ez dau beste inor gurtuko.
Ebanjelioan Jesusek 10 legenardun garbitzen dauz. Bat baino ez da bihurtzen eskerrak emotera, hartutako mesedea autortzera. Erbestekoa, sasi-judegua zan, samariarra... Besteak judegu zintzoak ziran. Eta zer uste eben? Zor izan jakela emondako mesedea? Jesusek samariarraren bihotz ona agirian jarten dau entzuleen aurrean.
Eleizara datorren zenbatek uste dauan, senideok, eskatzen daben dana jakela zor... Zein gatxa dogun egunotan katekista bat aurkitzea, edo eleiz-zerbitzurako borondatezko bat, edo beste edozein eginkizunetarako jenderik... Bakotxak bere konpromisotxoekaz kunplitzeaz dogu nahikoa, antza. Ez dakigu ezer eskertzen, gehiagokorik emoten... exigitzen baino.
Gogoratu daigun Paulok Timoteori esandakoa: «Benetako berbea: haregaz hilten bagara...; irauten badogu nekeetan...; ukatzen badogu...». Izan daigula argi Jesus aurkitzen dauanak bere bizitza osoa aldatuko dauana, barrituko, Naamanek lez. Harena benetako bateoa izan zan. Bilatu daigun geuk ere gure Bateoa barritzea eta han egindako agintzariak betetea. Jainkoak esker oneko egiten gaitu.