Urtean Zehar: 23. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKEA /C

 Jk 9, 13-19
sal 89
Flm 9b-10.12-17
Lk 14, 25-33

HOMILIA

 

Senideok: zer sumatzen dogu gure barruan gaurko ebanjelioko lango hitzak entzutean? Geuretzako esanak lez hartzen doguz, ala abade, fraide eta monjentzako dirala uste dogu? «Nire atzetik etorri eta bere aita-amak, emazte, seme-alabak, eta bere burua ere ez badauz beheragoko maila baten jarten, ezin dau nire ikasle izan».

Eleizara gatoz, mezea entzuten dogu, otoitz egiten..., baina Jesusen ikasle izan gura dogulako egiten dogu guzti hori? Horrela ez bada, ez bildurtu eleizkizunetan eskakizun handiko berbak entzutean. Holango berbak, eskakizun handikoak, exigenteak, Jesusen ikasle izan gura dabenentzako dira, eta ez danentzat edo edonorentzat.

Askotan gertatzen da gure artean, Jesusen ikasle izan gura dabenentzat diran berbak norberetzat hartzen dirala eta, eskakizun gogorregiak mahairatzen dabezela-ta, ea abadeak berak ere beteten dauzan botaten dogula.

Ebanjelioaren bigarren zatian Jesusek kontuak egin behar dirala esan deusku: etxegileak ea nahiko dirurik daukan ikusi behar dau; gudura urteten dauan erregeak ea behar beste gudari daukazan; eta Jesusi jarraitu gura deutsanak ere bardin: bere kontuak atara behar dauz.

Bai, senideok. Jesusen ikasle izan gura dauanak ere bere kontuak egin behar dauz. Eta, tamalez, gure artean, eleizara etorteak, edo otoitz egiteak-eta, ez dauka zerikusi handiegirik Jesusen ikasle izateagaz. Ez dozue uste?

Etxean ikasi dogu otoitz egiten, edo gauza batzuetarako eleizara joten (gero eta gitxiago joten dogu), eta guzti hori danok egiten gendulakoa geukan. Baina gaur egun...

Ba hortxe aurkitu behar dogu gaurko ebanjelioko irakatsia. Hortxe egin behar doguz kontuak, eta aztertu behar dogu beste ezer baino gorago, lehenengo mailan, Jesus bera jarriko dogun, bere ikasle izan gura dogulako, ala beste edozeren pare eukiko dogun Jesus ere.

Baina izan daigun hauxe gogoan, senideok: Jesus dala-ta, beste gauza guztiak (on-onak izan arren) bazterreratzen badoguz, aukera hori geure eguneroko bizitzan igarriko da: Jainkoaren nahia bilatuko dogu, eta ha eguneroko bizitzaz aintzaltzea; igurukoetan Jainkoa bera zerbitzatuko dogu; eta horretarako indarra eta adorea argitasuna eta laguntza bilatuko doguz otoitzean, mezatarako edo beste eleizkizunetarako alkartzean; eta astia atarako dogu horretaz gehiago ikasteko eta pozago bizi izateko.

Orduan hasiko gara Jainkoa ezagutzen, bera dan lez, ez geure uste itsuetan; eta egiten deuskuzan eskakizunak gozotasunez beteko doguz, eta ulertuko doguz Paulok Filemoni egiten deutson lango eskariak.

Gura dogu, senideok, Jesusen ikasleetarikoak izan?