Urtean Zehar: 20. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XX. DOMEKEA —C—

Jr 34, 4-6.8-10
Sal 39
Hb 12, 1-4
Lk 12, 49-53

HOMILIA

      

Senideok badirudi alkarren aurka dagozala jainkozaletasuna eta atsegina. Gatx egiten jaku jainko-legean ibiltea; errezago egiten jaku atsegin-bidea, edo behintzat gehiagotan gabilz atsegin bila.

Danok dakigu, ostera, ezer lortu gura dauanak atseginari zenbat bider uko egin behar izango deutsan: argaldu gura dauanak, aho-atseginak-eta alde batera bota behar izango dauz; eta horrela beste arlo askotan…

Jesusek behin-behingo atseginari uko egiten badeutsa ez da izango soin-irudi bat lortzearren, edo kirol-marka bat lortzearren, Jainko Aitaren gogoko izatearren baino. Hauxe da Jesusen atsegin-iturria: Jainko Aitaren nahia egitea.

Espirituaren sua deitzen deutso Jesusek Jainkoaren nahia egiteko grinari; eta su horrek gizaki guztiak sutan euki daizala gura izango leuke Jesusek, su hori biztera etorri da-ta.

Baina Jeremias, Jainkoaren profetea, jauretxeko oparotasunean bizi diran atsegineko berbea ez iragartearren aurrean erabilia dala ikusi dogu lehenengo irakurgaian.

Eta Jesusenak berba gogorragoen antza dauke, beragaitik, etxe beratan hiru biren aurka eta bi hiruren aurka egongo dirala-ta.

Zenbat burruka gurasoek euren umeekaz, ez babela-ta nahi edo ohetik jagi, edo errekadu bat egin, edo telebista amatatu eta oheratu, edo ikastetxeko lanak egin, edo euren gauzak batu… Zenbat haserre!

Ba, akuilukada hori berori egiten deusku Jainkoaren berbeak, edo Jesusen bizikereak, edo profetearen iragarpenak guri. Eta ume lez erantzuten badeutsagu, gurago badogu erosotasunaren eta ezer ez lortzearen atsegina, atseginak berak ustelduko gaitu.

Ez gaizala bildurtu eta hasarretuazo makileak, akuiluak, edo lanerako deiak; bestetara baino: poztu gaizala Jainkoaren nahia bilatzera deitzen gaituanak. Eta jarri gaizala zerbitzuaren atsegin-bidean.

Ba ete dago, ba, Jainkoaren esaneko izatea, edo haren nahia betetea, baino atsegin handiagorik? Biztu daigun su-gar hori (Espirituaren sua da-ta) gure inguruan, eta ez gara damutuko.