Urtean Zehar: 19. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA —C—

HOMILIA

 

Senideok: zenbat emon jatzu? Hainbeste eskatuko jatzu! Gitxi daukagula uste dogu eta, umeek lez, eskatu eta eskatu egiten dogu, eta gehiago eskatzen dogu, zertarako eskatzen dogun ez badakigu ere; gehiago eukitearren-edo. Uste ete dogu asko eukiteak egiten gaitula gu geuago?

Nagusiok aldakuntza izugarria ezagutu dogu arlo honetan: batzuk gosea, beste batzuk urritasuna, eta hainbatek eza, ezagutu dogu gure umezaroan. Arazoak egozan etxeetan, baina etxekoak alkartu egiten ziran, eta eza bera ere alkarbanatu egiten eben euren artean. Eta zenbat bider gelditzen ziran hainbat guraso ezer barik, Jainkoa bitarteko, euren umeek zeozer euki eien!...

Orain, alde horretatik behintzat, ugaritasunean bizi gara. Eta uste ere ez genduzan gauzak eta egoerak ikusten doguz edozein etxetan, familiarik onenetan ere… Eta batek baino gehiagok itauntzen dau: lehengoa, eta etxe danetakoa, ete zan fedea? Edo, zelango fedea gendun, edo euken gehienek, gaur Jainkoa madarikatu ere egiten da-ta?

Gaurko lehenengo irakurgaian, jakituriaren liburukoan, sinisteko era bat emon jaku: Jainkoak gu goratzen bagaitu, gure arerioak hondatu egingo ditu. Izan daigun geure alde Jainkoa, gure arerioak birrindu daizan.

Baina Jesusek zuzendu egingo dau siniskera hori. Sinistuna ez da izango Jainkoa bere alde eta bere arerioen kontra dagoala-ta, lotan eta alperkerian egon daitekela uste dauana. Sinistuna adi eta arretaz dagoana da, nahinon Jainkoaren nahia bilatzeko eta hari erantzuteko. Sinistuna ez da, ba, Jainkoa bere morroi bihurtzen dauana, bere burua Jainkoaren morroi-mirabe egiten dauana baino.

Hauxe da sinismena, Jainkoaren hitzean, gaurko liturgian, emoten jakun siniskerea. Horretarako, Itun Zaharreko benetako sinistunak aurkezten deuskuz Hebertarrei egindako Gutunak eredu. Honeek uste on (edo konfiantza) osoa Jainkoagan jarrita, euren izate osoa Jainkoari zerbitzean jarri eben; beste edozerk huts egiten ebala-ta; Jainkoak ez, ostera.

Guri, senideok, asko emon jaku, eta gure sinismena gaurkotzeko eta norberetzeko aukerea ere badaukagu. Ez ete dogu bilatu behar gure eguneroko bizitzan Jainkoari aintza emotea? Arretaz bizi izatea gure inguruko beharrizanak eta ezak geuretzea litzateke, Jesusek ere beretu egin ebazala ikusiz.

Eta horretarako bai behar dala Jainkoaren laguntza, ezta, senideok? Ba, eskatu deiogun, hutsik ez deusku egingo-ta.