Pazko Hirurrena: Eguen Santu

EGUEN SANTUA /A-B-C

HOMILIA MODURA…

Ba dakigun arren, hauxe azpimarratu daigun: Beste ebanjelarientzat ogi-ardauak dira Jesusen eskeintzaren ezaugarri. Joanek, horren ordez, Jesus ikasleei oinak garbitzen jarten deusku.

Jatsi gaitezan detaileetara; ez, gero, jakiteko edo ulertzeko, Jesusegaz bat egiteko baino.

Horra aurretik, autortu daigun gure ez-jakina, gure zekenkeria eta ziurkeria: Jainkoak egun baten gure egintza onak sarituko dauzala uste dogu, edo txarrak gaitzetsiko. Egun baten… Halantxe bizi gara: egun baten jasoko dogun sariaren edo zigorraren ustetan. Jesusek ordea, egunero jasoten dau Jainkoagandiko poza, eta zabaltzen dau. Ez da bizi egun baten eskuratuko dauan sariaren zain. Jainkoak oraindixik saritu lez bizi da; eta horrexegaitik ez dabe ulertzen, ez-eta bere ikasle eta lagun minek ere.

Egin daigun ahalegin, gure jakintza, ohitura eta usteetatik eta betekerietatik eta egun bateko saria lortu ustetik urteteko, eta Jesusen eskua hartzeko.

Joan ebanjelariak emoten deuskuzan detaileetatik bi baino ez doguz hausnartuko. Ea honek bakotxa bultzatzen gaituan bere hausnarketatxoa egitera…

a) Jesus mahaitik jagi, soingainekoa erantzi eta, esku-zapia harturik, gerrian lotu eban… (jagi, erantzi, hartu, lotu).

Mahai-zaina mahaitik jagiteak, gauza harrigarria izanik, zeozer garrantzitsu baten aurrean jarten gaitu. Harrituta laga behar gaitu, eta arretarik handienaz begiratu behar dogu zer egin behar dauan.

Soin-gainekoa erantzi… Ulertu geike keinu hau bere Jainkotasuna erazte lez? Ba dauka horretarako ahalmena Jesusek: berak eranzten dau bere burua…

Esku-zapia hartu… Soingainekoaren (ahaltsuaren ezaugarria) ordez, esku-zapia (morroi ezaugarria) hartzen dau. Jokoz kanpo izten gaitu honek.

Gerrian lotu eban: «hauxe naz ni» esate lez. Bai: soin-gainekoduna eta esku-zapiduna bat bera dira. Soingainekoak ez deutso Jesusi esku-zapiduna izatea galazoten. Alderantziz baino.

Geratu gaitezan unetxo baten koadro hori begiztatzen: mahaitik jagi, soingainekoa erantzi, esku-zapia hartu eta gerrian lotu

 

b) Eta goazen beste koadrora: Jesusek egiten dauanaren aurrean zein dan Pedroren jarrerea…

Jesus morroi-lanetan jarten da. Hau ezelan ere ezin dau onartu Pedrok, «Zu Mesias zara» erantzun eutsonean Jesusek hori inori ez esateko agindu baeutson ere. Oraindino ez dau ulertu. Oraindino Mesias ahaltsu, menperatzaile eta beste guztien gainetikoa itxaroten dau, ez euren oinetara makurtuta dagoana…

Jesusek beste marka bat itziko deutso barruan Pedrori: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu nigaz zer ikusirik izango». Pedrorentzat hori larregikoa da: edozer, Jesusengandik urrundu aurretik.

Hortxe geratuko gara. Ulertu ete dau Pedrok? Ulertu ete dabe ikasleek? Ulertu ete dogu guk, geuk… Jesusek dinoskuna, gauzatzen dauana?

Jesusek ez dauz gauza onak egiten, egun baten lortuko dauan sariaren ustetan. Jesusi barrutik urteten deutso Jainkoaren ontasunak, haregaz bat eginda bizi dalako. Horrela, on egitea, laguna maitatzea…, haren zerbitzuan, haren morroi izatean, agertzen dau.

Keinu honen aurrean, non gelditzen dira gure usteak, ohiturak, jakintzak eta sari itxaroteak? Ulertu ete dogu Jesus, eta geuretzen ete dogu haren keinua? Jainkoak jaun eta jabe egin gaitu, eta, gure jauntasuna, senideak zerbitzean baino ezin daiteke gauzatu. Eta horixe da Jainkoak emoten deuskun saria. Onartuko ete dogu?

Eukaristiak ez deusku, ba, gauza onak egiteko indar emoten. Han gure esker ona agertzen dogu, eta Jainkoak alkarren zerbitzari egin gaitula ospatzen.