URTE BARRI
Hitzaldia
Senideok: alkarri ZORIONAK opa deutsaguz urtearen hasieran. Zein ohitura ederra dan hau! Zorionak opa deutsaguz etxekoari, auzoari, lagunari…, eta kalean aurkitzen dogunari ere bai: geure egarria, geure gogo bizia azaleratzen dogu horrela. Zorion egarri gara!
Argi ikusi dogu eta ikusten dogu, Pandemia hau bitarteko, gure zoriona ez dagoala ez ondasunen esku, ez osasunaren esku, ez guk uste genduan beste gauza askoren esku ere. Danak joan jakuz pikutara. Eta alkarren ardura hartzera egiten jaku dei.
Urte Barriko Liturgiak Jainkoari begira jarten gaitu, eta harek gure zoriona gura dauala dinosku. Eta, zorionaren iturri lez, bedeinkapena iragarri deusku, onespena.
Ikasiko bagendu, senideok, alkar onesten! Batak besteagaitik ondo hitz egiten! Asko aurreratuko geuke zorionaren bideetan. Baina, zoritxarrez, ez dozue uste larregi madarikatzen dogula? Danok behar gaituan Gizarte honetan ez dogu gauza onik lortuko alkar madarikatuz; eta bai alkar onetsiz.
Egun honetan, Urte Barri egunean, Mariaren amatasuna ospatzen dau Liturgiak, eta Jesus Umeari izena ezartea. Eta gainera, Bakearen alde otoitz egitea eskatzen jaku.
Alde batetik, Jainkoaren seme-alaba garala dinogu. Bilatu daigun, ba, alkarrentzako senide izatea, alkar onestea, eta batabestearen beharrei eta arazoei alkarregaz erantzutea. Ba ete dago bakerako hori baino bide egokiagorik?
Beste alde batetik, zoriona ez jaku kanpotik etorriko; ez dogu gauzak pilatuz lortuko; ez bakotxak berea zainduz eskuratuko. Zorionak barrutik urten behar dau.
Eta urtengo dau, Mariaren antzera barrura begiratzen badogu; Jainkoaren seme-alaba garala autortuz, haren onespenaz alkar bedeinkatzen badogu; Urte Barriari ezer eskatu beharrean, ha Jainkoak emoten deuskun aukera lez agurtzen eta eskertzen badogu, barru-bakea lantzeko, senidea onesteko, eta alkarren beharra daukagula autortzeko.
Izan daigun gogoan, senideok, Jainkoak bere seme-alabatasun hazia erein dauala gure barruan: ebanjelioko artzainen antzera bilatu daigun, emon deiogun izena, geuretu daigun, eta zorionezko pozean iragarri daigun geure inguruan, Bakeari bideak jarriz, gure Ama Mariaren laguntza paregabeaz.
HOMILIA
Urte Barri on opa deutsuet guztioi, lehenengo ta behin. Eta eskerrik beroenak emoten deutsuedaz, Eukaristiaren mahai-inguruan, edo bizi-bizian, edo Euskal Telebistaz alkartu zareen guztioi, bertokoak izan edo baita kanpokoak ere; hur-hurrekoak edo asaukoak zareela. Ondo etorri guztiok, eta eskerrik asko, Eukaristian alkar berotzen ta adoretzen dogulako.
Urte barri baten aurrean gogo ta barru ona agertzen dogu, eta zoriona opa deutsogu alkarri; eta ez azaletik, gainera, barru-barrutik baino, gogorik onenaz eta zintzotasunik handienaz.
Baina alkarri zoriona opa badeutsagu, ez dagoalako izango da; edo, bada, handiagoa ta ugariago gura dogulako: beti gehiago, beti ugariago, beti harutzago... Noiz arte, edo zenbatera arte, edo noraino, baina?... Ezagutzen ete dogu gure neurria edo gure mugak?
Eta Urte Barriari eskatu behar deutsogu ezer, ala Urte Barri bat bizidunek dogun aukera barri bat dogu? Zer ete dinosku honetaz gure inguruak, gure aldiek, eta ospatzen dihardugun Eukaristian iragarritako Jainkoaren Berbeak?
Begira, senideok: Asiako eki-hegoaldea lur-ikareak eta itsas-ikareak hondatuta geratu da. Hainbeste milaka giza seme-alaba, eta pobre ta baztertuenetarikoak gainera hil dira; eta miloika dira kaltetuak. Batek baino gehiagok Jainkoa errudunduko dau; zein gitxik autortu ahal izango dauan gizakiaren makaltasuna, ez-jakina eta alkarren beharrizana!
Gure artean, politika mailan, hain gitxik uste izan dauana gertatu da: delako «Ibarretxeren Plana» onartua gertatu da, eta batzuk pozez zoratzen dagoz, beste batzuk euren hondamena-edo heldu dala uste daben artean...
Batek garaile urten gura badau, bestea hondatu egin behar dauala uste dogu bizikera honetan. Baina halan ete da?
Jainkoak bedeinkatu egiten gaitu, eta alkar bedeinkatu daigula gura dauala iragarri deusku lehenengo irakurgaiak. Salmoan errukia ospatu dogu eta eskatu deutsagu Jainkoari; eta haren Espirituak gure barruan hari «Aita!» deitzera garoazala gogoratu deusku Paulok... Berba horreen aurrean ezin ete geintekez esker oneko agertu?
Ebanjelioak iragarri deusku esker oneko agertzeko eta izateko zer behar dogun: apaltasuna, prestutasuna, norberenetik urteten jakitea, bestearen beharra somatzea... Jainkoagandik itxaroten jakitea, artzainen irudian.
Mariaren amatasuna ospatzen dogun Urtearen Lehenengo egun honetan, hauxe berau ikusten dogu Mariagan: Jainkoaren entzule izaten jakin ebala, hari erantzuteko prest egoala, eta beretik urten eta jainko-poza Isabeli eroaten jakin ebala, bere erantzun baikorrak munduari Salbatzailea erditu eutsola.
Senideok, ba: Urte Barriak, Bakearen eskariaz eta alkarri zorionak opatuz hasten dogun Urte Barriak, gure makaltasunak eta mugak autortzeko aukerea emoten deusku, baina geu gara autortu behar dogunak. Alkar bedeinkatzeko ta alkarri laguntzeko aukerea emoten deusku; baina geu gara onespena zabaldu eta alkarrengana lagun lez hurreratu behar dogunak. Eta Jainkoaren entzule eta bihotz ta barru gertuko izateko aukerea emongo deusku; baina geu gara entzuten jakin behar dogunak eta haren Espirituaren arabera jokatu behar dogunak.
Aprobetxatu daigun lehenengo egunerik aukera hau, eta barriak etorriko dira. Entzun daigun Asia hego-ekialdeko garrasia, eta gure Parlamentuko zaratak, eta baita geure etxean sortzen diranak ere, auzoan eta herrian bertan; azaldu daigun gure prestutasuna, eta gure ahotiko hitzak Jainkoa gorestekoak izango dira, eta gure ondokoei eta asagokoei ere laguntzeko prest jarriko gaitu haren Espirituak.