GABON OSTEKO 2. DOMEKEA
Hitzaldia
Senideok: Gabon giroan baino hobeto ez dogu inoiz somauko Jainkoaren seme-alaba garala, harek maite-maite gaitula, eta harengan gure uste on osoa eta itxaropena jarriz, zoriontsu izan geintekezala. Zer besterik aurkitzen dogu Jesusengan? Zer besterik aurkitzen dogu haren guraso Jose eta Mariagan? Zer besterik aurkitzen dogu Joan Bateatzaileagan, eta hain alaitsu eta adore emoile hitz egin deuskun Paulo Apostoluagan?
Bagina gauza Jainkoak deuskun maitasunean murgiltzeko… Orduan bai geuretuko geukezala Joanen ebanjelioaren sarreran esaten jakuna, eta Paulok bere gutunean iragarri deuskuna. Orduan bai Jainkoari ez geuskiola ezer eskatuko, gure barruan ezarri dauan bere Jakituria bilatuko baino. Eta orduan bai, argitasunean bizi izango ginatekela, eta, haren zoria, geure inguruan zabalduko geukela.
Zer behar ete dogu horretarako, senideok? Argi esan deusku ebanjelioak: sinistea! Jainkoak bialdu deuskun bere Semeari harrerea egitea, ateak zabaltzea, haren besarkada maitalea hartzea…
Ez daigun uste izan hori irabazi egin behar dogunik. Jainkoak emon egiten deusku, maite gaitulako; eskatu aurretik emon ere… Geure barruan bilatzea baino ez daukagu; bidera urtengo leuskigu bila hasi ezkero.
Ez gaitezan, ba, okerreko bideetan ibili. Ez daigun uste izan merituak egin behar doguzala, eta hori gatxa dala. Sinistu daigun Nazareteko Jesusengan. Eta onartu ta autortu daigun —Paulok egiten dauan lez— Jainkoak ondasunez bete gaitula bere Semeagan.
Bilatu daiguzan ondasunok geure barruan, otoitz-giroan, senideenganako eskuzabaltasunean, eta esker onean. Laster baten hasiko litzateke lanean gugan Jainkoaren Jakituria; eroango gindukez ezelango bildur eta konplexu barik senideengana, harei harrera on egitera, parkamena bideratzera, bakearen alde lan egitera, eta jasan beharrekoak jasatera, eroapenez, gogo onez.
Bai, senideok: izurrite honen eraginez, hainbeste dagoz sufritzen; familia osoak, emakumeak, erbestetik etorriak… danentzat izan gaitezan argi eta itxaropen, Jainkoak egin deuskun erregaluari ateak zabalduz eta bere eskutik.