ABENDU ALDIKO III. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: hementxe gagoz gu, berba gozoz jatorkun profetearen, eta iraupena eskatzen deuskun Apostoluaren, eta begiak zabaltzeko dinoskun Jesus Jaunaren aurrean. Zelan hartu geikez hareen berbak? Zertara eroango gaitue?
Ingurura begiratzen badogu ezin izango deutsegu ez-ikusi edo entzun-gor egin barri txarrei: neoliberalismo honen eskutik gure planetea deusezten dihardugula; negualdian milaka familiak ezin dauala berogailua biztu; emakumeak eta umeak ere bortxatuak eta hondatuak dirala; kontsumoa areagotzen doala, errefuxiatuei eta gerreari iheska diharduenei ez-ikusia egiten deutsegun artean; loteriaren diru-egarria…
Horren, guzti horren erdian, "Zatoz Jauna"-ka dihardugu, eta Jauna Salbatzaile lez autortzen dogu. Ez ete doguz begiak zabaldu behar Jesusek erakutsi gura deuskuzan egiak, salbamen zantzuak ikus-entzuteko? Bakotxak berea baino amesten ez badogu, dirua baino ez dogu eskatuko… Hobe dogu Profetearen berbei jaramon egitea.
Harek Jainkoaren gurariaren barri emon deusku, danik lehorrenean ere poztasuna ezarri guran diharduan guraria. Prest ete gagoz bildurrak alde batera baztertzeko eta Jainkoak dinoskunari eusteko?
Jainkoak guretzat gura dauan zoria ez da berez egingo, ez eta egun batetik bestera ere. Ondo esan deusku Paulok pazientzia behar dogula, lanean, jardunean diharduan pazientzia. Ez uste izan, eskatu dogula-ta eginda dagoala. Ez. Bakotxak bere indarren, ahalmenen eta jakintzaren araberako lanean jardun beharra daukagu, pazientzia osoz.
Bateatzailearena oihu egitea zan, zemaiak banantzea, bihozbarritzera behartzea… Jesusen jarduna isilagoa izango da, erreinuaren ezaugarriez betea. Berak markatzen deusku bidea.
Gure arteko Neoliberalismo honek diru-gosean eta bakotxakerian suntsitu gura gaitula jakinda, pazientzia guztiaz ahalegindu gaitezan salbamen zantzuak han-hor-hemen areagotzen: berogailua biztu ezin dabenentzat laguntzak bilatzen; bortxakeriaren aurka urteten; iheslariei ateak zabaltzen; diru-egarria baztertzen, eta daukaguna behartsuekaz alkarbanantzen…
Emon deiguela adore horretan hainbeste eta hainbeste, bai isileko eta bai ageriko, erakundek eta lagunek diharduela jakiteak; euren arteko izan geintekez Caritasen bidez eta gizakiaren alde diharduen beste hainbeste erakunderen bidez.
Aurpegiratzen jakuzan arazo guztiak ez doguzala konponduko-ta, ez gaitezala geure laguntzatxoa emon barik gelditu. «Askorik ezin dogu; baina, ahal dogun apur guztia egiten dogu?» —galdetzen eban A. Arrupek. Merezi dau salbamenaren zantzuak zabaltzeak. Merezi dau Bateatzaileari buruz Jesusek egindako goralpena gugaitik egiteak; merezi dau esker oneko erantzuna emoteak.
OTOITZA
Jauna: giltzari emon eta argia biztu dala
ikusten dogunok
ezin dogu ulertu erein eta itxarotea:
bat-batean lortu
gura doguz gauzak,
itxaron barik.
Eta zure erreinua
isilean eta urraska doa
han-hor-hemen
aurrera,
pazientziadun
askok eta askok
emoten daualako
eskura dauan laguntzea.
Ez naitela
handikerian jausi, Jauna;
ez naitela
neuretxoa emon barik gelditu,
nireak ezer gitxi
daikela-ta.
Emoidazu salbamen zantzu izateko grazia.
Zatoz, Jesus Jauna!