ABENDU ALDIKO II. DOMEKEA /A
HITZALDIA
Senideok: buru-belarri gagoz sartuta itxaropen aldia dogun aurtengo Abenduan eta, behar bada, ez dogu itxaropenerako zantzu larregirik ikusten, eta bai, ostera, etsipenerako. Baina zelan begiratzen dogu gure historia etsipenera bidean ikusteko?
Lehenengo irakurgaian agertu jakun Isaias profeteak, gerrate baten egiten dan eta hantxe izten dan hondamenean bertan, itxaropen zantzuak ikusi dauz eta hauxe erakutsi gura deutse herritarrei: eperditik moztutako zugatzean bizitzearen zantzuak agertzen dirala, kimu barria; ez da dana hondamena. Eta kimu barri hori Mesiasen ezaugarria izango da.
Jainkoak ez gaitu hondamenerako sortu; gure txarkeriei ez-ikusi eginez, bere salbamenera deitzen deusku, eta bidea erakusten dihardu. Profetea, Paulo eta Bateatzailea bide horren erakusle doguz. Emongo ete deutsegu gure entzumena eurek dinoskuenari?
Profeteak, irudi eder eta itxaropentsuak erabiliz deitu gaitu itxaropenera; Jainkoaren guraria gizakion ona da, inguruagazko eta bakotxaren bere buruagazko bakea, zoriona. Entzun deiogun berari. Ez deiegun emon entzumenik gorrotora, apurketara, gerrara eta alkar zapaltzera garoezan ahotsei.
Profetearen berba gozo eta bihotz altxagarriok entzun ondoren, Bateatzailearen zemai ahotsa ere entzun dogu: gure bihozbarritzeak ez dau axalekoa edo itxura hutsezkoa izan behar. Hori ezin dau jasan Bateatzaileak. Ezin geratu geintekezela —dinosku— gure eleizkizunak-eta, betekizunak-eta, zintzo daroaguzala esatean, horrek benetako bihozbarritzera ez bagaroaz. Jainkoak ez deutse begiratzen gure eleizkizunei edo axaleko egintzei; gure bihozbarritzeari begiratzen deutso.
Hauxe da Paulok, eredutzat Kristo jarriz, iragarri deuskuna, Jainkoaren berbea dogula lagun esanez. Eta hona hemen zertara bultzatzen gaituan Jainkoaren berbeak, Kristo eredu: alkarri harrera on egitera, eta Jainkoa alkarregaz goraltzera, aintzaltzera.
Ezin geratu geintekez, ba, senideok, bakotxak bere salbamena bilatzeari, edo emoten deutsola Jainkoari aintza eleizkizunetan esku hartzen dauala-ta, uste izatean. Jainkoak bere seme-alaba guztiok senide gura gaitu, alkartasunean, bere herri bakar eta beste danentzako eredu…
Egoereak etsipenera eta hondamenera garoazala ikusiz, ez gaitezan geratu geldi, inor erruduntzen, edo beste era bateko agintariak eta gidariak eskatzen. Geurea izan behar dau erantzunak, eta ba daukagu itxaropenerako ziorik (edo arrazoirik): Jainkoaren nahia da gure zoriona, eta eten barik daukagu deika bere berbea eta ereduak emonez.
Entzun-gor eginez erantzungo ete deutsagu, edo axaleko egintzez eta itxurakeriez? Itxaropenean bizi izan gura dauanak zintzotasunetik erantzutea bilatuko dau, besteen bildur edo lotsa barik, uste osoa Jainkoagan jarrita, haren berbearen gidaritzapean.
OTOITZA
Profeteak
itxaropenezko berbak dinoskuz,
eta Bateatzaileak
zemai-oihuak aldarrikatzen.
rdian, ingurura
begira dihardut nik
ea besteek zer
egiten daben ikusten.
Eta ustelkeria
handia dagola agintedunengan,
eta bakotxa berea
zaindu guran dabilala,
arrazoiz, ezer
gitxi daukala-ta,
eta etsipenerako
kanpai-hotsa ez ete dan nago.
Neure etorkizuna,
neure salbamena dago jokoan
eta ez dot egonean
egon gura
edo besteek aldatu behar dabela pentsatzen.
Neuk erantzun gura
deutsut zintzotasunetik.
Zatoz, Jesus Jauna!