URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA (C)
HOMILIA
Senideok: Ume Misiolarien eguna ospatzen dau Eleiza osoak egun honetan, misino lurraldeetako umeen egoereaz eta, batez ere, Hirugarren Munduko umeen egoereaz arduratuta.
Mundu honen alderdi aberatsean bizi garanok hasago bizi gara Munduaren alderdi pobrean sufritzen dan egoeratik. Gure sinismenak, horraitino, begi-belarriak, baina batez ere bihotza, ondo zabalik eukitea eskatuko deusku. Entzungo ete dogu Jainkoak egiten deuskun deia eta eskaria?
Ez uste izan erreza danik. Entzun dogu lehenengo irakurgaian Jainkoak Jeremias profeteari esandakoa?: «Lotu eizu, ba, gerria; zoaz, eta esaiezu nik agintzen deutsudana. Ez izan hareen bildurrik. Burrukan egingo deutsue, baina ez zaitue menperatuko...» Zelango oztopoak aurkitzen dauzan Jainkoaren gizonak haren aldetiko berbak iragartean! Zer esan gura dau honek?
Ebanjelioan argitzen deusku Lukas ebanjelariak Jesusen bizitzako gertakari bateaz: bere herrikoek, Jesusi harrerea txaloka egin deutsoenek, handik gitxira Sinagogatik kanpora atara eta trokan behera bota gura dabe. Zer dala-ta? «Han egin ei dozuzanak egizuz hementxe ere...» Non-ze-barri hutsak gara! Gauza harrigarriak ikusteko egarriz bizi gara, baina ez Jainko egarriz. Sinagogara joan, Jainkoaren legeko eskakizunak entzun eta errezatu egiten dabela-ta Jainkoa euren alde dagoala uste dabe. Eta Jesusek begiak igiri azoten deutsenean, Jainkoak erbesteko behartsuei lagundu eutsela gogoratzen deutsenean, holangorik ez dabe entzun gura, eta ea arotz xume bat nor dan Jainkoaren izenean hitz egiteko euren lege maisu eta idazlarien gainetik aurpegiratuko deutsoe.
Adi, senideok! Jesusek bertanbehera itziko dauz herritarrak, han sinismenik aurkitzen ez dauala-ta. Zelan epaituko ete geuke Jesusen jokabidea? Ala, Jesusena barik, geurea da epaitu eta zuzendu beharrekoa?
Jainkoak profeteari esandako hitzetan aurkitzen dogu haren aurrean ez dogula meriturik egin behar; ez dogula irabazi beharrik; jaio aurretik eta irabazten hasi aurretik gaukaz-eta aukeratuta, eta gugan uste ona jarrita dauka bere berbea zabaldu daigun, bera ezagutzera emon daigun.
Baina, holan ulertzen doguz, senideok, Jainkoagazko gure hartu-emonak? Ez, senideok! San Paulok argitu deusku egin dogun bigarren irakurgaian: Txikia nintzanean, ume lez hitz egiten neban... Orain nagusi naz, eta nagusi lez... Zer egiten dogu umetan? Eskatu eta eskatu, eten barik eskatu; eta emon egin behar dogunik pentsatu ere ez. Eta gurasoek emon egiten deuskue (nagusi dira), umeengandik ezer itxaron barik. Baina gurasoek ardura bidean jarriko dabez euren umeak, eurengandik maitasun erantzuna itxaronez.
Zelan erantzuten dabe umeek zeozer eskatzen edo ukatzen jakenean? Ikusi dogu ondo baino hobeto ere bai lehenengo irakurgaian eta baita ebanjelioan ere.
Goazen, ba, bigarren irakurgaira. Eta Paulori entzunez, hartu daigun nagusi izateko, eta nagusi lez jokatzeko, erabagia. Horixe eskatu deiogun Jainkoari: bere maitasunaz jantzi gaizala. Maitasuna da beste karisma guztiak garatzeko behar daben altzoa; ez da, ba, beste karisma bat. Ha barik karismak ez dira hitz huts edo putz baino. Esan deusku Paulok zelan jokatzen dauan eta zer eragiten dauan maitasunak: ez dau bererik bilatzen, besteen ona baino.
Eta, senideok, gaur gure Elizeak Misino lurraldeetako umeen egoereari begiratzeko dinosku. Gure aberastasunak, bai materialak eta baita espiritualak ere, eurekaz banantzen jakin daigula. Besteen egoereari begiratzen ikasi daigula. Hori Jesusek irakasten deuskuna da, eta eskatzen deuskuna. Ez daigun, ba, ume lez jokatu, etenbako eskale lez. Jokatu daigun nagusi lez, maitasunez, aurrean erabiliak bagara ere; inguruetatik botaten bagaitue ere... Honetan bai lagunduko deuskula Jainkoak; izan daigun argi.