XXXIII. DOMEKEA URTEAN ZEHAR /C
HITZALDIA
Senideok: zer da gizakia bere jaiotza unean familia barik? Zer da fededuna, bere jaiotzan eta garapenean ere, Eleiza barik? Bizi ete daiteke gure sinismena Eleiz alkartean ez bada, bakotxak bere kolkoan? Kristau sinismena ez, behintzat. Jesusengan izan nahi badogu, ba, sinistun Eleiz alkartea dogu beharrezko, eta hau aintzat hartu eta maitatu behar dogu.
Zer esan gura dau honek, baina? Daukagun Eleizea itsumustuan onartu behar dogula, dagoan lez eta barruan daroan danagaz? Ez daigun ahaztu Eleizea geuk, gizaki makalok, egiten dogula Kristo Jesusen inguruan: geure makaltasunekaz, eta baita geure ahalmen eta gogo onagaz ere.
Lehenengo irakurgaian Malakias profetearen berba gogorrak eta bildurgarriak entzun doguz. Bizikera zintzotik aldenduta bizi ziran eleizgizonen aurkako eta zintzoen aldeko ber-bak ziran. Orduan eta gaur, senideok, pekatua eleizgizonengan, geugan, ere ba dago, eta gugan dagoan eta agertzen dan pekatua nabarmenagoa eta higuingarriagoa egiten da.
Horren aztarnak geure Eleizbarrutian ere ikusten eta sufritzen doguz. Baina beharrezko dogu Eleizea, eta hauxe da daukaguna. Eta, danen gainetik, Eleiza hau maitatzea eta hobe-tzea dagokigu.
Hainbesteren ustez, ez dago zereginik: ez dago hau aldatu leikeanik. Baina hori itxaropenik bako lez jokatzea litzateke, eta hobekuntza lanetatik norbere burua baztertzea. Holan-goei, lanik egin nahi ez dabenei, non ze barriei, Paulok zera gaineratu deutse: lanik egin nahi ez dauanak ez daiala jan…
Guri, ba, senideok, lan egitea dagokigu, ez edertasunei eta lehengo aldiei begira eta amesetan gelditzea. Aldi barriak jatorkuz eta galdera barriei erantzun behar deutsegu; ez gaitezan, ba, lehengo gauzetan-eta gelditu geure geldokeria edo ezer ez egitea baiezteko; gure sinismenaren eta zintzotasunaren barri emotea dagokigu: Jesusen testigantzea emotea dagokigu.
Gure Eleizbarrutiak 65 urtetik gora daroaz martxan, eta epe labur honetan hainbeste aldakuntza ezagutu dauz, euren artean egintza ederrak eta itxaropentsuak: Misinoak zabaltzea «Los Ríos» Ecuadorreko lurraldea…, eta Eleizbarrutiko «Batzar Nagusia», hainbat eta hainbat eleiztar zutunik eta gogotsu jarri ebazan Batzar Nagusia.
Geure epelkeriak eroango gaitu batzuk kanpoaldeko edertasunak goraltzera eta horrexetan gelditzera; eleizkizunen edertasuna goraipatzera, edo han abestu dauan korala txalotzera, edo umeak ze polito eta formal egon diran azpimarratzera… Baina guzti hori, Jesusen ustez, txikitu egingo da, aldendu eta ezerezean geldituko da guzti hori… Eta zer geratuko jaku barruan horretan baino geratu ez bagara?
Beste batzuk, euren egiteko gogorik eza estaltzearren, inoren hutsak eta akatsak, batez ere hierarkiarenak, haizeratzen ahaleginduko dira, eta ezer ez egiteko arrazoirik ugari aurkituko dabe. Pauloren esanetan, honeik jan barik gelditu behar izango leukee, lanik egiten ez dabelako.
Beste gauza bat da geure makaltasunak autortzea, baina horregaz batera baita geure ahalbideak ere: Jesusek aukeratuak gara; bere inguruan gaur eta hemengo Eliza bat osotzen dogu; eta, bera aurretik joakula, alkar adoretzen dogu, akatsak salatu eta hobetzeko ahaleginak egiteko, itxuretan eta kanpotiko ederkerietan ez geratzeko… eta baita lan egiteko ere, gure Eleiza hau gero eta demokratikoagoa izan daiten; eleiztarren ardurakidetasuna handituz eta ugalduz joan daiten; emakumeak berari dagokion lekua eta agintea ere izan daizan, eta abar, eta abar.
Argi euki behar dogu, ba, senideok, Jesusen jarraitzaile ez garala izango Eleizan baino, eta geuk egiten dogun Eleizea eukiko dogula; ez deiogun, ba, harri larregirik bota teilatura… Izan gaitezan gure parrokietan euretan ardurak hartzekoak, arduradunei laguntzea emotekoak, eta beste parrokietara ere begiratzekoak.
Ez dozue uste danon ahaleginak eraikiko dauala geuk nahi dogun Eleizea? Eta holantxe izango gara, gaur eta hemen, Jesusen testigu, ez eleizkizun ederrak edo itxura hutsak txalo-tuz.
Hartu daiguzan, ba, Malakiasen profeziako azken berbok: «Nire izenari aintza emon deioenak, ostera, hegoetan salbamena daroan zuzentasun-eguzkiak argituko ditu.»