Urtean Zehar: 26. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKEA -C-


Am 6, 1a.4-7
1Tm 6, 11-16
Lk 16, 19-31

HOMILIA

 

Senideok: beste behin erasoten deusku Jainkoaren berbeak gure patrikeretan eta diruak edo aberastasunak gugan ezarten dauan loturan.

Ez ete da egia ondasunei larregi lotuta gagokiezala?, uste handiegia dogula ondasunetan? Ez da egia ondasunak atsegin hartzeko erabilten doguzala, eta geure-geureak diralakotan darabilguzala? Egin ete dogu inoiz ezelango hausnarketatik ondasunen erabilteari buruz, senideok? Ez ete da egia beste edozer ikutu leikiguela, ondasunak edo patrikerea izan ezik?

Baina holan izanda ere, senideok, liturgian Kristoren misterioak ospatzera etorri garanok, Jainkoarekin esker oneko agertzeko aukerea aurkituko dogu gaurkoan.

Bai, egia: salakuntza gogorra entzun dogu lehenengo irakurgaian Amos profetearen ahotik. Aberatsaren aurkakoa, ala pobrearen aldekoa? Baina salakuntza horrek ez gaitu gaitzetsi edo hondatu gura, egon geintekezan lo-zorrotik akordatu, esnatu edo itzartu baino.

Zer behar ete dogu horretarako? Madarikatu egin dauz Amosek euren ustea Sionen daukenak; eta Samariako Mendiaz fidatzen diranak. Gure egunetara itzuli ezkero hauxe esango geuke: euren otoitzetan eta sakramentuetan ustea daukenak...

Urrats bat aurrera emon geike San Paulok Timoteori gogoratu deutsona geuretuz: honek Kristogango egin dauan aukerea, aukera sendoa, eta emon dauan berbea, hainbeste testiguren aurrean egina izan dala.

Bai, senideok: gure sinismena etxekoa, ingurukoa edo ohituraz ezarritakoa eta hartua izan beharrekotan, aukerakoa, norberak beretua, balitz, ez dozue uste beste oneretxi baten eukiko geukela?

Hauxe falta jaku: gure sinismenaren geuretzea, eta hori dala-ta sinismen hori lantzea eta horretan asti gehiago emotea: katekesia, otoitza, ebanjelioaren irakurketea, isiltasuna...

Hori dagoanean, begira zelango pozetara zabaldu geinkezan ebanjelioak, senideok: pobreak atean bertan daukaguz; asago joan barik aurkituko doguz. Hau jakiteak norbere ondasunei esangura eta urtenbide barri bat emoten deutse, eta hareen loturapetik askatze-bidean jarri geinkez. Ebanjelio txatal hau entzutean, ba, senideok, argi barri bat biztu daiteke gure bizitzan.

Amos profeteagandik dakigu gure uste ona ezin jarri geikela eleizara etortean, edo sakramentuak ospatzean, eta gitxiago gure ondasunetan. Gure bizitzan azaltzen ez badogu bihozbarritze bidean dihardugula, dana penagarria izan daiteke; ebanjelioko aberatsaren jantziak, otorduak eta ondasunak penagarri ziran lez.

Alderantziz, senideok, gure bizikereak agertzen badau behartsuenganako jokerea, hareenganako errukia eta eskuzabaltasuna, besteenganako maitasuna, eta danean esker ona, Jainkoaren Espirituak diharduala gugan esan gura izango dogu. Geuretu daiguzan horretarako Paulok Timoteori zuzendutako berbak: bilatu eizu zuzenbidea, erlijinoa, sinismena, maitasuna, iraupena, gozotasuna...

Ez daukagu zigorraren bildurrik izan beharrik, senideok, Jainkoa danaren eta danen jaun eta jabe lez autortuz, hari esker onez erantzuteko aukerea emoten jakula onartu baino. Bilatu daiguzan, ba, behartsuak, ate-ondoan daukaguz-eta; eta alkarbanatu daiguzan Jainkoagandik hartutako ondasunak: dirua, sinismena, osasuna, ahalmenak, jakituria... Jesukristoren gaur egungo testigu lez, horretarako aukerak bilatuz.